«Desazelerazio orokorrak markatutako urte batean», hobera egin dute Pasaiako Portuaren (Gipuzkoa) datuek. Joan den urtean egindako aurreikuspenak bete, eta 3,5 milioi tona mugitu dira han 2023an, 2022an baino %5,5 gehiago.
Portu Agintaritzak oso positibotzat jo ditu emaitzak, «nazioarteko tentsioek markatutako testuinguruan». Ukrainako Gerra eta Itsaso Gorriko gatazka aipatu dituzte, eta azpimarratu dute azken horrek ibilbide aldaketak, atzerapenak eta kostu igoerak eragin dituela. Dena den, azken urteetakoen antzekoak dira datuak: egonkortze fase batean dago portua, eta aurten ere joera berari eutsiko diola uste dute arduradunek.
Elkarrizketa
David Candelario Portu Agintaritzako zuzendariak nabarmendu du datozen urteetarako aurreikusitako proiektuak «funtsezkoak» izango direla errepide eta tren bidezko sarbideak hobetzeko, lonjako obrak amaitzeko eta kontzesionarioek biltegi berriak egiteko. ETS Euskal Trenbide Sarearekin sinatutako hitzarmena ere aipatu du, portura trenbide zabalera metrikoa sartzeko obrak egiteko. Herrera kaleko 10. eta 11. etxe multzoetako bizilagunek salatu dutenez, ordea, hamabi familia etxetik bota nahi dituzte 400 metro inguruko trenbide zati hori egiteko.
Zer eta nora
Merkantziei dagokienez, Pasaian produktu siderurgikoak dira nagusi oraindik ere (trafikoaren %52,1), baina geroz eta proportzio txikiagoan. Portuan mugitutako merkantzien %14,3 ibilgailuak dira, eta gertu du gehien handitu den sektorea, nekazaritzarena, abeltzaintzarena eta elikadurarena (%93 handitu da).
2023an, produktuen jatorri nagusiak Herbehereak (%20,9), Erresuma Batua (%17,5) eta Suedia (%14,6) izan dira. Helmuga nagusiak, berriz, Erresuma Batua (%34,5), Belgika (%21,9) eta Alemania (%6,9).