Pasaiako Portuko langileek auzitara jo dute, «pribatizazioa gelditzeko»

Salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak izendatutako Agintaritzak urteak daramatza portuko lanak kanpoko enpresen esku uzten. Argudiatu dute ez dagoela horretarako arrazoi ekonomikorik

Autoak garraiatzeko itsasontzi bat Pasaiako portuan sartzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
Pasaia
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Ahaztuak» sentitzen dira. Pasaiako Portu Agintaritzako langileek urteak daramatzate euren egoeraz ohartarazten, eta, ez dutenez jaso administrazioen «konpromisorik», auzitara jotzea erabaki dute. «Gertatzen ari dena ez da zuzendaritza honen ardura soilik; aspaldi diseinatutako estrategia bat da», azaldu dute, eta hitz bat nabarmendu dute: «Pribatizazioa». Haien arabera, gero eta lan gehiago geratzen dira bete gabe erretiroa hartu ondoren, eta Agintaritzako beharginek egin beharko lituzketen lanak azpikontratatu egiten dira.

Erakundearentzat laurogei langile publiko baino ez daude lanean gaur egun. 2.000ko hamarkadaren hasieran berrehun ziren, eta 1980koan, bostehun inguru. Etorkizuna kontra dutela diote. Diotenez, pribatizazio prozesua etenik gabe gauzatzen ari da. Aspaldi desagertu edo eskuz aldatu zituzten zenbait zerbitzu: garabiak, tailer mekanikoa, portu barruko trena... Eta zerrenda hori asko handitu da azken urteetan: informatika, giza baliabideak, mantentzea... Kezka handiz begiratzen diote etor daitekeenari. Aitortzen dute portuko jarduna ez dela duela hamabost urtekoa, baina uste dute horrek ezin duela «aitzakia» izan lanpostu ugari bete gabe uzteko eta beste batzuk kanpoko enpresei emateko.

Azaldu dutenez, urte asko pasatu dira langileen eta Agintaritzaren arteko gatazka piztu zenetik. «Hemen dena da aspaldikoa», dio LABeko Joxerramon Zapiarinek. Gorabehera handiak izan dira portuan, eta azkenengo hamabi urteetan bost zuzendari izan dituzte. Azken-aurrekoak —Felix Garziandiak— 2020ko udazkenean eman zuen dimisioa.

Haren arazoak Joakin Telleriak hartu ditu oinordetzan —portua Espainiako Estatuarena izan arren, Eusko Jaurlaritzak izendatzen du presidentea—, baina, sindikatuen ustez, «aurrekoak bezala edo okerrago» ari da Telleria. «Ez du ekarri porturako proiektu berririk: azpiegitura hobetzeko iragarritakoak duela sei urtekoak dira, eta urratsik ere ez du egin gurekin duten gatazka konpontzeko. Gauza bat esan, eta beste bat egiten ari da», salatu du Zapirainek.

Aurreko igandean BERRIAk argitaratutako elkarrizketan, Telleriak ukatu egin zuen portua pribatizatzen ari direnik. Batetik, azaldu zuen haien nahia dela erretiroagatik hutsik geratzen diren lanpostuak ordezkatzea, baina gogoratu zuen Espainiako Portu Agintaritzarena dela lan publikorako deialdien ardura, eta, eskaera hori behin eta berriz egin arren, ez duela jasotzen erantzunik. Adierazi zuen aukera hori gabe lan horiek kanpoko enpresekin betetzea «beste erremediorik» ez dutela.

Azalpen horiek askotan entzun dituztela azaldu du ELAko Ekain Ortizek. «Madrilgoa aitzakia moduan erabiltzen ari dira orain, baina duela urte batzuk arte hemen hartutako neurriak izan dira. Gertatzen dena da orain konturatu direla behar baino langile gutxiago gaudela, eta Madril seinalatzen hasi dira. Baina gu nazkatu garen arte ez dute erreakzionatu».

Urrats «arriskutsua»

Sindikatuek kalkulatzen dutenez, gaur egungo lanak egiteko gutxienez 125 langile behar dira, 45 gehiago. Hala ere, argi daukate zuzendaritzak lanpostuak kentzen eta azpikontratatzen jarraituko duela. Iaz egindako enpresa plana jarri dute adibide gisa. 2025ari begira, langileen gastuak %7 murriztea aurreikusten du zuzendaritzak, eta kanpoko kontratazio gastuak %60 handitzea.

Langileek uste dute mantentze lanena izango dela pribatizatuko duten hurrengo arloa. «Gutxienekoekin daude». Eta bulegoetan ere «oso-oso larri» dabiltzala diote. «Nahikoa jenderik ez dutenez, kanpora ateratzen dituzte lan horiek: adibidez, delineazioa. Gauza bera beste alor batzuetan. Zenbaitetan, pribatizazioa ezkutatzen dute, kontratazioak beste enpresa publiko bati eginez», azaldu du Zapirainek. Baina zaintzaileen zerbitzuaren geroa da bereziki jokoan dagoena. Gaur egun lantaldearen erdia inguru dira.

Ortizek gogoratu duenez, beste zerbitzuen kasuan «errazago» dauka Agintaritzak pribatizazioa, Estatuko Portuen Legeak hori egiteko bidea ematen diolako, gastuak murrizteko bada. «Baina, kasu honetan, ezin du hori argudiatu, enpresa planak argi erakusten duen moduan».

Zaintza lanetan, berriz, gogoratu du araudiak «argi» zehazten duela Agintaritzetako langile finkoak aritu behar direla, eta zerbitzu hori ezin dela utzi kanpoko inoren esku. «Baina zirrikitu bat aurkitu dute, eta aurrera egitea erabaki dute». ELAko kideak azaldu duenez, orain arte lan poltsekin bete dira hutsuneak, baina duela urtebete erabaki zuten «proba modura-edo» portuko sarbide bat pribatizatzea, eta, zailtasunak izan arren, horrekin jarraitzea erabaki dute, eta horrek langile batzordearen haserrea handitu du.

Hala, epaitegira jotzea erabaki dute. Aurreko astean, Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzuan (Preco) bildu ziren, eta, Zapirainen arabera, han Agintaritzako ordezkariak aitortu zuen zaintza lanak pribatizatzeko neurria ez zela behin-behinekoa. Horrez gain, ez zuen konpromisorik hartu zerbitzua langile finkoekin betetzeko, argudiatuta beste lehentasun batzuk daudela enpresan.

Langile batzordeko kideek aitortu dute auzitara jotzeko erabakia ez dela erraza izan, baina nabarmendu dute «ate guztiak» jo ondoren ez dutela izan beste biderik. «Baikor» dira, legea alde dutela uste baitute, baina ez dute kezka ezkutatzen. «Epaia gure aldekoa bada, Madrilera joan beharko dute langile gehiago eskatzera. Baina epaia kontrakoa bada, orain arteko prozesuarekin jarraitzeko berme bat izango dute hemen, eta ate bat zabalduko da beste portuetan ere gauza bera egiteko. Arriskua handia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.