Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak azken urteetako bilakaera ona baliatu nahi du azpiegitura handitu eta sendotzeko. Izan ere, areagotu egin da jarduera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan, eta, egun, azpiegituraren %90etik gora okupatuta dago. Hori dela eta, hedatze prozesuan jarri du arreta, eta erronka gisa jarri du eraikin eta campus gehiago zabaltzea hurrengo urteetan. Gaur egun, 660 enpresa biltzen ditu sareak, eta 22.000 pertsonari ematen die lana.
Bereziki deigarria da Donostiako campusaren okupazio maila handia: azpiegiturak ia ez du lekurik enpresa berririk hartzeko, eta horrek agerian uzten du Gipuzkoako parke sarea handitzeko beharra dagoela, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak adierazi duenez. Gainera, «azkar» jardun behar dela ohartarazi du sailburuak. Bada, behar horri erantzuteko, beste bi egoitza eraiki nahi dira luze gabe: Illunben jarriko dute bat, eta Donostiako Udalarekin akordioa sinatzea falta da horretarako; Hernaniko campusean jarriko dute bigarrena, eta obrak aurki hastea espero dute. Luzera begira, berriz, Hondarribian ere campus bat eraiki nahi dute, baina, horretarako, udalak hirigintza plana onartu behar du lehenago.
Araban ere, azpiegituraren ia %90 okupatuta dago, eta, beraz, egoitza handitzeko plana martxan dute jada. Zehazki, milioi bat metro karratu eskuratu nahi dituzte, enpresa berriak hartzeko edo egun bertan diren enpresen jarduera handitzeko. Horien artean daude, besteak beste, Basquevolt bateria ekoizlearen fabrika edo AVS Next aeronautikako enpresaren ikerketa zentroa. Datuen ekonomiako eta zibersegurtasuneko jardueretarako zentro berri bat ere jarri nahi dute.
Bizkaiari dagokionez, egun Zamudion eta Abanton ditu campusak parke teknologikoen sareak, baina Bilbotik hurbilago egon nahi du datozen urteetan. Zorrotzaurren eraikin bat jarri asmo dute osasun, biozientzia eta geotermia proiektuak garatzeko. Hala ere, Ezkerraldeko-Meatzaldeko azpiegitura ere sendotuko du, eta lanak abian dira jada; energiarekin zerikusia duten proiektuak hartuko ditu guneak, batez ere, hidrogenoarekin lotura dutenak. Horrez gain, Ortuellan ere beste campus bat eraikiko dute.
Zenbaki beltzetan aurrenekoz
Tapiak zehaztu du Hondarribian edo Ortuellan eraikiko diren campus berriak «txikiagoak» izango direla, baina uste du lagungarri izango direla ikerketa eta berrikuntza hiru herrialdeetan are gehiago hedatzeko eta zabaltzeko. Sailburuak azpimarratu du teknologia parkeen sareak lortu duela «erreferentziazko azpiegitura» bilakatzea, eta sareak azken urteetan izan duen bilakaera «ikaragarri ona» izan dela: «Nazioartean eredu den I+B+G ekosistema bat eratzea lortu da».
Haren esanetan, datuak garrantzi handia dauka, bilakaera horren abiapuntua zein den kontuan hartuz gero. Izan ere, 2008ko Atzeraldi Handiaren ondorengo urteetan bolada zailak izan zituen sareak, baina pixkanaka lortu du egoerari buelta ematea. Iazko urtea da horren erakusgarri: azken hamar urteetan lehen aldiz, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak zenbaki beltzetan amaitu zuen 2023. urtea hiru herrialdeetan. «Azken hamarkadan egin den eraldaketaren erakusgarri da», nabarmendu Tapiak. Energiari, digitalizazioari eta mugikortasun jasangarriari lotutako proiektuak garatu dituzte batez ere enpresek, baina baita biozientzien alorrekoak ere, nahiz eta horren ohikoa ez izan. Azken sektore horretan «jauzi handia» eman dela azpimarratu du Tapiak.