Berriztagarriak

Parke eolikoen zahartzea, badatorren haize kolpea

Euskal Herriko 32 parke eolikok hogei urtetik gora dituzte, eta aurre egin beharko diete zahartzearen ondorioei. Nafarroan, errota zaharkituen ordez, aerosorgailu gutxiago baina handiagoak jartzeko zortzi proiektu aurkeztu dituzte. Erdiek badute baimena.

Haize errotak Erreniegako parke eolikoan. Euskal Herriko zaharrena da.
Haize errotak Erreniegako parke eolikoan. Euskal Herriko zaharrena da.
joxerra senar
2024ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Abenduaren 18an 30 urte beteko dira Erreniegako mendilerroan (Nafarroa) lehen sei haize errotak abian jarri zituztenetik, eta 34 gehiago eraiki zituzten ondorengo hilabeteetan. Ordura arte zerumugan ikusi gabeko silueta agertu zitzaien mendilerroaren bi hegaletatik, Iruñerritik zein Izarbeibarretik, Erreniegarantz begiratzen zuten milaka herritarrei. Euskal Herrian egitasmo aitzindaria izan zen hura, eta segida izan zuen: batetik, industria berri bat altxatu zen; bestetik, hurrengo hamar urteetan eraiki ziren egun indarrean diren parke eoliko gehienak.

Mugarria ez da efemeride soila, ordea: ohartarazpena ere bada. Izan ere, aerosorgailuek 25 urte inguru iraun ohi dute, eta, egoki zainduz gero, 30 urtetik gora iraun dezakete. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herriko parke askok gertu dutela epemuga. Zehazki, 46 parkeetatik 32k hogei urte baino gehiago dituzte —1.255 errota guztira—, eta horietatik hamabostek gainditua dute mende laurdena.

Hurrengo hamarkadan parkeak astinduko dituen haize kolpea etorriko da. Izan ere, parke guztiok 1.088 megawatteko potentzia dute, eta, haize erroten zahartzeari aurre egin ezean, arazo bihur daiteke.

Berez, parke bakoitza kudeatzen duen enpresari dagokio erabakitzea noiz arte luzatu dezakeen parke baten iraupena eta noiz dagokion hura desmuntatzea. Sergio Fernandez Mungia ingeniari bilbotarrak aerosorgailuen mantentze lanetan dihardu gaur egun, eta, alor hori asko hobetu bada ere, argi du goiz edo berandu amaiera iritsiko zaiela makinei: «Egiazki, oso zaila da jakitea noiz izango den azken eguna».

Parkeen errentagarritasunaren eta mantentze kostuaren arteko oreka da gakoa: «Auto batekin alderatu daiteke: gero eta zaharragoa da, baina, ondo zainduz gero, urteak iraun dezake, eta milaka kilometro egin», azaldu du Fernandez Mungiak. Hala, parke eolikoa «errentagarri zaion bitartean», jabeari interesatzen zaio hari eustea: «Zerk esanaraziko dizu 'kito, amaitu da'? Matxuren ondorioz geldialdi gehiegi izateak, ordezko piezak bilatzeko arazoak izateak...».  

«Iraganean aitzindariak izan ginen bezala, parke eolikoen zahartzeari aurre egiteko orduan ere aitzindari izan behar dugu». 

UXUE ITOIZNafarroako Gobernuko Energia zuzendaria

Beste aukera birpotentziazioa da. «Makina zaharrak kendu, eta berriak jartzen dira. Zaharrekin konparatuta berriek potentzia handiagoa dutenez, haize errota gutxiago baina handiagoak jar daitezke», azaldu du Uxue Itoizek, Nafarroako Gobernuko Energia zuzendari nagusiak. Adibidez, Erreniegako lehen aerosorgailuek 40 metro zabalerako palak dituzte, eta 500 kilowatteko potentzia; gaur egun, berriz, bost megawatteko errotak ekoizten dira. Hots, errota bakarrarekin aurreko hamar ordezkatu daitezke, baina berriak handiagoak dira, 128-150 metro luzerako palak baitituzte. 

Itoitzen arabera, birpotentziazioa «aukera bat» da Nafarroarentzat. «Iraganean aitzindariak izan ginen bezala, horretan ere aitzindari izan behar dugu». Horri loturik, ekonomia zirkularreko hiru proiektu jarri dituzte abian, parkeen etorkizun hurbileko desmuntatzeari erantzuteko.

221 kendu, 33 jarri

Gaur-gaurkoz, zortzi birpotentziazio proiektu aurkeztu dituzte: bost Enhol enpresak, eta hiru Enerfinek (Elecnor taldea). Zehazki, Enholek berritu egin du Cabanillasen 1998an eraikitako Serralta parke eolikoa, eta oraintxe abiarazi den bakarra da. Tuterako enpresa horrek aurkeztutako beste lau proiektuak tramitatzen ari dira.

Enerfinek, berriz, Tutera eta Cintruenigo inguruko hiru parke eoliko birpotentziatuko ditu: haietako bi —Montes del Cierzo I eta II— martxan jartzear dira; besteak lehen faseko administrazio baimena du. Guztiak aurrera ateraz gero, 221 haize errota kenduko dituzte, eta 33 jarri.

Baina zer gertatuko da beste parkeekin? Gaur egun, Acciona Energiak kudeatzen ditu Nafarroako parkerik zaharrenak. Haren esku daude, adibidez, Erreniegako eta Leitza-Berueteko parkeak, baita 1990eko hamarkada amaieran EHN sozietate publikoak bultzatutako guztiak ere. «Gure ondare historikoa dira, han baitago gure energia negozioaren jatorria», azaldu dio enpresak BERRIAri. «Prebentzioz eta aurrea hartuz, mantentze lan ona egiten dugu. Nahiz eta ia 30 urte izan, osagai batzuk aldatu ditugu, eta, posible de heinean, egokituz joan gara. Ondorioz, aerosorgailuok asko erabiltzeko moduan daude».

«Beste toki batean beste parke bat eraikitzea baino garestiagoa da gaur egun birpotentziazioa». 

ACCIONA ENERGIA

Hala, parkearen iraupena luzatzearen alde egin du Acciona Energiak. «Aerosorgailurik zaharrenak erronka bat dira, osagaiak zaharkitu eta materialak higatzen baitira. Gainera, berriak erosoagoak dira: igogailuak dituzte, eta, moduluka ekoizten direnez, erraztu egiten dute pieza zehatzak ordezkatzea, turbinaren atal handiak desmantelatzera behartu gabe», zehaztu dute. Adimen artifiziala eta analitika aurreratuko teknologia erabiliz, mantentze lanak optimizatu dituzte.

Parkeen zahartzea atzeratzeko modu bat da. «Parke horiek bikain dihardute gaur egun, nahiz eta gainditu haien iraupenari buruz hasieran egindako estimazioak». Acciona Energiak, gainera, eragozpen handi bat ikusten dio birpotentziazioari: errota zaharrak kendu, natur ingurune guztia leheneratu eta aerosorgailu berriak jartzera behartzen baitu. «Beste toki batean beste parke bat eraikitzea baino garestiagoa da». Deskarbonizazioaren ildotik, Accionak uste du egungo instalazioak «maximizatu» behar direla eta aldi berean egitasmo berriak bultzatu. «Funtsezkoa da hori modu antolatuan egitea, eta ekonomiaren [industriaren] elektrifikazioa bultzatzea». 

Botila lepoaren efektua

Enercluster Nafarroako sektore eolikoko 76 enpresaren klusterreko zuzendariak, Iker Txaskok, beharrezkotzat jo du parke zaharrekin zer egin planifikatzea: «Ez bagara egoki prestatzen, gerta liteke bat-bateko geldialdi bat egotea». Birpotentziatzeko baimenak lortu bitartean, parkeak martxan jarrai dezake, baina turbinak kendu eta ordezkatzeko garaia iristen denean, urtebetez etengo da hornidura elektrikoa. «Egoki antolatzen ez badugu, gerta daiteke parke kopuru handi batek hori egitea eta, ondorioz, bolada batez, ahalmen hori galtzea».

22

Parkeen zahartzea Europan. Kontinentean, hogei urte baino gehiago dituzten parkeek 22 gigawatteko potentzia dute; Euskal Herrian urte horiek dituztenek (1,08 GW) halako 22, beraz. 2030ean, 52 gigawattera helduko da. WindEurope sektore eolikoko elkartearen arabera, 2030era bitartean hamahiru gigawatteko parkeak kendu beharko dira, eta «soilik» bederatzi birpotentziatuko dira.

Europara begiratuz gero, Alemaniak eta Danimarkak bi bide hartu dituzte, Kiko Maza aholkulariaren arabera: «Alemanian, pizgarri ekonomiko argiak izan dituzte, eta, hobeki antolatutako erregulazioari esker, birpotentziazio gehiago egin dira, modu iraunkor eta antolatuan. Danimarkan, berriz, laguntzak ez ziren hain handiak, eta beharturik egin dute aldaketa, ez aukera baliatuta». Mazaren iritziz, beharturik egitearen arriskua zera da, ez dela prozesua kontrolatzen. 

«Egoki prestatzen ez bagara, gerta liteke bat-bateko geldialdi bat egotea». 

IKER TXASKO Enerclusterreko zuzendaria

«Ez dut uste berandu iritsi garenik», ihardetsi du Fernandez de Mungiak. Iker Txaskok ere ez du uste berandu denik, baina premiazkotzat jo du gaiari heltzea. «Nafarroako Gobernuarentzat lehentasunezkoa da», gaineratu du. Espainiako Gobernuan, berriz, IDAE Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuak birpotentziazioaren plan bat landu du. Gainera, Europako Next Generation laguntzei lotuta, ekonomia eraldatzeko eta suspertzeko plan estrategikoen barruan, 34 proiektuk 148 milioi euroko diru laguntza jaso dute. 

Abantaila nagusiak

Birpotentziazioaren abantailetako bat kokagunea bera da. Lehen parkeak tokirik haizetsuenetan jarri zituzten. «Bikain aztertu zen. Bitxikeria gisa historikoek kontatu ohi dutenez, autoz joan ohi ziren haizea neurtzea, eta, ufaden ondorioz, atea ireki ezinik ibiltzen ziren», aipatu du Txaskok. «Ondorioz, aukera ematen du berriz ere baliabide hoberenak ordu gehiagoz baliatzeko». Era berean, egitasmo berriek inguruko herrietako kritikak eragiten dituzte maiz, baina herritarrak «ohitu egin dira» aurretik jarritako parkeetara.

Gainera, parke zaharra desmuntatzeak ingurunea leheneratzera behartzen du legez: parkea eraikitzeko kendu behar izan zituzten zuhaitzak eta landareak berriz landatu behar dituzte, kasurako. «Nik uste dut puntu hori garrantzitsua dela. Desmuntatzeak hondakinak sortzen ditu, eta haiei tratamendu eman behar zaie, baina jendeak jakin behar du onura bat dela ingurunea leheneratzea», nabarmendu du Txaskok.

Beste abantailetako bat da aurreko hamarkadetan bildutako informazio guztia. «Seguru dakizu zenbat argindar ekoitziko den. Egitasmo berri batean, askoz ere datu gutxiago dituzu», aipatu du Fernandez Mungiak.

2022az geroztik, Nafarroan foru intereseko inbertsiotzat jotzen dira birpotentziazioak, prozedura administratiboak azkartzeko asmoz. Parke eoliko bat eraikitzeko egitasmo batek bide luzea egin behar du baimenak lortzeko, eta urrats berak egin behar dira birpotentziazioan. Dena den, pilatutako informazioa lagungarria da. Adibidez, ingurumen arloan. «Berriro aztertzen dute egitasmoa, baina luzaro hegaztiei eta faunari buruz bildutako datuak dituzte», esan du Itoitzek, baina gaineratu du aztertu egin behar dela egitasmoa, bestelako ezaugarriak dituelako.

Izan ere, xehetasun tekniko ugari daude. Adibidez, aerosorgailu gutxiago baina handiagoak izateak, paradoxikoki, buruhauste batzuk ekar ditzake. Haize erroten arteko distantziak palen luzera halako hamar izan behar du, eta inguruko toki horretan kokatzeko arazoak eragin ditzake. «Badakit zenbait enpresak izerdi latzak bota dituztela aerosorgailuak jartzeko. Parkeari eusteak badu bere konplexutasun teknikoa», azaldu du Txaskok.

Potentzia handitzea

Beste kontu tekniko garrantzitsu bat argindar konexioa eta parkearen potentzia bera da. Aurretiko konexioa izanda, birpotentziazio egitasmo batean  ez dago zertan azpiegitura hori berriz sortu (konexioa eta azpiestazioa). Aitzitik, parkearen potentzia handitu nahi izanez gero, baimenak lortu behar dira, eta egiturak eraiki. Itoitzen arabera, «hori beste parke bat» litzateke, eta, ondorioz, administrazioak tratamendu hori emango lioke.

Enhol taldearen Serralta parke eolikoa Cabanillasen dago eta abian den birpotentziatutako parke bakarra da.
Enhol taldearen Serralta parke eolikoa Cabanillasen dago eta abian den birpotentziatutako parke bakarra da.

Horregatik, normalean potentzia bereko egitasmoak aurkezten dira. Potentzia berdinduta ere, aerosorgailu berriak handiagoak direnez, aukera dago argindar ekoizpena handitzeko, «%10-15 erraz», Mazaren arabera. 

Dena den, Txaskok uste du birpotentziazioa hobeto baliatu litekeela potentzia handituta. Alta, horrek zaildu egiten du bidea. Batetik, «argindar sarea ez dago egokituta» potentziaren igoerari aurre egiteko. Egokitzapen hori egiteko lanak egin behar dira, eta inbertsioa handitu egiten da. Gainera, admnistrazioari proiektu berri bat aurkeztera behartzen du.

Azkenik, potentzia gehigarria enkantean atera behar da. «Bide zail hori sinplifikatu egin beharko litzateke, eta laguntzak behar lirateke bultzatzeko». Acciona Energiaren arabera, potentzia handitzeko aukera izateak egingo luke erakargarri birpotentziazioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.