Jon Zayas. Statkraft-en Piaspe proiektuko zuzendaria

«Parke eolikoak sozializatzeko prest gaude»

Parke eolikoen proiektuak «hasierako fasean» daudela azpimarratu du, eta herritarrekin batera kudeatzeko prest daudela erantsi. Hori nola egingo duten ez dute oraingoz erabaki:«Ikusi egin behar dugu nola egin hori».

BERRIA.
Nagore Arin.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Debagoienean (Gipuzkoa-Araba) eta Urola aldean (Gipuzkoa) egin nahi dituzten parke eolikoen proiektuek zeresan ugari eman dute azkenaldian. Jon Zayas Statkraft-en Piaspe proiektuko zuzendariak (Irun, Gipuzkoa, 1992) iragarri du azterketak egiten ari direla, eta ingurumenarentzat kaltegarriak direla ondorioztatuz gero proiektuok ez direla gauzatuko.

Azken asteotan hedabideen lerroburuetan agertu da zuen enpresak Euskal Herrian bi parke eoliko eraikitzeko duen plana.Noiztik ari zarete proiektuekin?

Proiektu hauei buruzko ikerketak aurreko urtean hasi ginen egiten. Orain jadanik datu dezente dauzkagu, eta proiektuak sendoagoak dira, nahiz eta oraindik hasierako fasean egon, eta oraintxeaukera eman diegu herritarrei xehetasun guztiak ikusteko eta,aldi berean, euren iritzia entzuteko.

Bi parke eoliko jarri nahi dituzue Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean, eta Aramaio eta Eskoriatza artean. Zergatik han?

Haizea dagoelako. Hori da parke eolikoen funtsezko oinarria. Aipagarria da ingurumen baldintza guztiak betetzeko egiten ari garen ahalegina, nahiz eta ez garen ari babesgune batzuetan lanean. Aurreko urtean hasi ginen ingurumen eraginaren azterketak egiten, hegaztien eta faunaren urterokoak. Hori dena eskuetan, ikusiko dugu ea ingurumenaren aldetik parkeak bideragarriak diren edo ez. Osagaiak garraiatzeko bide gehienak eginda daude, eta,daukagun testuinguruaren arabera, autonomia energetiko baten beharra daukagu biztanleen eta enpresen artean.

Ez dira haize errota ohikoak izango: 200 metro inguru izango dituzte, egun Euskal Herrian daudenak baino hiru bat aldiz handiagoak. Zergatik?

Gaur egun, Euskal Herrian [Araba, Bizkai eta Gipuzkoako parkeez ari da] 153 haize errota instalatuta daude. Duela 15 urte ezarri zen azkenengoa, eta tamaina 100 metro ingurukoa da. Guk proposatu ditugunak 200 metrokoak dira, eta errota kopurua murriztu egiten da, energia bera sortzeko garaian. Hau da, duela 15 urteko zazpi haize errotaren pare ekoizten du guk proposatutakoen bakar batek. Horrela lortzen dugu obra zibilaren eta lur zoru okupatuaren gaineko eragina gutxitzea. Teknologia ere hobea da, baina, hala ere, proposatzen dugu haize errotarik handienetan malgutasuna edukitzea, kasu kritikoetan, proiektua moldakorragoa izateko.

Zenbat energia sortuko dute?

Kontuan hartu behar dugu hasierako fasean gaudela, eta haize errotak jarri gabe daudela, baina, Piasperen kasuan 85, gigawatt ordu energia sortuko luke urtean, 24.000 etxebizitzaren elektrizitate beharra hornitzeko lain; eta, Itsaratzen kasuan, 154 gigawatt-ordu energia sortuko litzateke urtean, eta 54.000 etxebizitza hornitzeko gaitasuna izango luke.

Nola biltegiratu eta banatuko da energia hori?

Energia sare orokorrera joango litzateke, eta, jatorrizko ziurtagirien bidez,enpresekin eta biztanleekin egindako akordioei jarraituz, merkatuko prezioetatik kanpo merkaturatu ahal izango genuke. Hau da, prezio txikiagoak eskainiko genizkieke.

Azpeitian egin zenuten herri batzarra. Zer moduz joan zen? Zer irudipenekin geratu zineten?

Pozik geratu ginen, helburua lortu genuelakoan: herritarrei informazioa ematea eta haiei entzutea. Errespetua egon zen, eta eroso atera ginen. Proiektuan guztiz sinesten dugu, eta hori helarazi genuen.

Zer feed-back jaso zenutenherritarrengandik?

Badago proiektuaren aldeko gehiengo bat. Eta badago, noski, proiektua ikusten ez dutenen talde bat ere. Denetik egon zen.

Proiektuaren berezitasun gisa aipatu izan da zuek prest zaudetela egitasmo hauen jabetzaren zati bat herritarren esku uzteko. Zer da hori zehazki?

Horretan ere hastapenean gaude. Oso kontu berria da, eta ikusi behar dugu nola formulatzen dugun. Esan dezakeguna da parke eolikoak sozializatzeko prest gaudela, eta ikusi behar dugula nola egin.

Beraz, oraindik aukera bat bakarrik da hori?

Ez da aukera bat. Hori egingo dugu, eta bidean goaz, baina ez dakigu zehazki nola formulatuko dugun. Horretan ari gara. Prest gaude biztanleen eta industriaren esku uzteko energia prezio apalean, baina hori guztia lantzengabiltza, formula jakin bat bilatzeko.

Plana salatzen duten askoren ustez, natura suntsituko du proiektuak. Enpresaren ikuspegiaren arabera, zer eragin izango du proiektuak ingurumenean?

Guretzat, ingurumenak lehentasuna dauka, eta ikerketak egiten ari gara, ikusteko nolako eragina izango duen hegaztietan eta faunan, eta, informazio horren bidez, ondorioak aterako ditugu eta ikusiko dugu ea inpaktu negatiboak dauden. Hala balitz, ez dugu parkea egingo, eta, hala ere, Eusko Jaurlaritzak ere informazio hori guztia izango du eskura, eta azken iritzia harena ere izango da.

Parke eolikoen alternatiba diren bestelako bide ugari daudela nabarmendu dute proiektuaren aurka agertu diren beste batzuek. Etxeetako plakak, adibidez. Zuen ustez, ez dira bideragarriak?

Hainbeste energia sortzeko ahalmenik ez dute, eta hori bakarrik parke eolikoen bidez eskura dezakegu. Autokontsumoa ez da nahikoa. Zumaiak 2020. urtean egindako ikerketa batek erakusten du horrekin bakarrik herriaren behar energetikoen %7ra iristen direla. Ondorioa zen, beraz, instalazio handiagoak beharrezkoak direla, izan parke eolikoak, izan parke fotovoltaikoak.

Azpeitiko batzarrean esan zenutenez, herriak ez badu proiektu hori aurrera eraman nahi, ez da aurrera eramango. Baiezkorik iristen ez bada, zer bide hartuko du Piaspe proiektuak?

Ikusi behar dugu proiektuak zer bide egiten duen, eta datu guztiak mahai gainean daudenean zer egin... Oraingoz, goiz da ondorioak ateratzeko.

Azterketa fasean zaudete orain. Zenbat luzatuko da fase hori?

Gutxienez, bi urte gehiago beharko dira azterketa guztiak mahai gainean egoteko.

Erakundeek begi onez ikusi dute proiektua, aztertzeko modukoa dela esan dute, behintzat. Hasiera-hasieratik izan da horrela? Zer harreman izan duzue?

Hasierako azterketak egin ostean, informazioa eskura edukita, hori erakundeei helarazi diegu, gardentasunez. Elkar laguntzeko eta elkarlanean aritzeko prest gaude. Harreman estua izan duguerakunde guztiekin, eta informazio guztia eman eta euren iritzia jasota. Gauzak beste modu batera egin nahi ditugu, onura eta etekinak orekatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.