Udazkenean egitekoak diren 11 langilez petiko enpresetako hauteskundeetarako hautagaitzak ohiz bezala jarri zituzten Ipar Euskal Herriko LAB, Bretainiako SLB eta Korsikako STC sindikatuek. Frantziako Lan Zuzendaritza Nagusiak onartu zituen hautagaitza horiek, baina FOk hautagaitza horien kontrako helegitea jarri zuen. LABi dagokionez, FOk ziurtatu zuen ez dela sindikatu bat, elkarte bat baizik, eta ez duela finantza arloko gardentasunik. Parisko Auzitegi Judizialak maiatzaren 24an hartu zuen erabakia: LABen hautagaitza onartu du, baina bretoiena eta korsikarrena ez.
Gaur Baionan egin agerraldian, LAB haserre azaldu da auzitegiarekin, eta bereziki FOren jokamoldearekin. «Sindikatu batzuek nahiago dute patronal handiaren jokoan aritu, langileen interesak defendatu ordez», salatu du Eñaut Aramendi LABeko eledunak. «Botere goseak ahantzarazi dizkie konstituzio printzipio handiak: bakoitzak bere hautuzko sindikatuari afiliatzeko duen eskubidea, autonomiarako eta sindikatu aniztasunerako eskubidea».
FOk ez ote duen «besterik egiteko» galdetu du Aramendik. Bidenabar, jakinarazi du Parisko auzitegiko erabakia kasazio auzitegira eramango dutela STC eta SLB sindikatuekin batera. Ekainaren 3ra arte dute helegitea jartzeko epea. Halaber, FOk LABen hautagaitzaren kontra jo dezake epe horretan. Denbora eta diru xahutze horrek kexatzen baditu ere, LABek erran du ez duela amore emanen. «Zapaldu nahi gaituzten prozedura guztiei aurre eginen diegu. Langile guztiak eraso honen salatzera deitzen ditugu, eta gure alde masiboki bozkatzera enpresa ttipietako hurrengo hauteskundeetan».
Ez da lehen aldia Frantziako sindikatu batek talde abertzaleak hauteskundeetatik at utzi nahi dituela. 2016an egin zuen saioa CGTk, baina huts egin zuen.