Gig Economy Project egitasmoaren koordinatzailea

Ben Wray: «Paperik gabeko migratzaileak dira 'rider' gehienak»

Wrayk salatu du «oso iluna» izan dela Europako Batasuneko zuzentaraua onartzeko prozesua. Dioenez, plataformek lan eskubideei kalte egiteko darabiltzate algoritmoak.

Ben Wray. JON URBE / FOKU
Ben Wray. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
Oñati
2024ko martxoaren 12a
05:00
Entzun

Bruselatik itzuli berritan elkartu da BERRIArekin Ben Wray, Oñatin (Gipuzkoa) bizi den kazetari eskoziarra (Falkirk, Eskozia, 1989). Ekonomia kolaboratiboan aditua da, eta gaur egun Brave New Europe webgunearen Gig Economy Project proiektuaren koordinatzaile lanetan dabil. Europa osoko borroken berri ematen du, Uber, Glovo eta antzeko plataformetako langileen eskubideen inguruan interesa dutenen sare bat sortzeko helburuarekin. Bertatik bertara aztertu du plataformen direktibak egin duen bidea.

Zer esan nahi du onartu izanak?

Aurrerantzean plataformetako langileek eskubideak izango dituztela Europako Batasunean. Orain arte, oso baldintza prekarioak izan dituzte: aplikazio baten bidez egiten dute lan gidariek, banatzaileek edota zaintzaileek, autonomo faltsuak dira, eta euren nagusia algoritmoa da.

Aurrez ere legeari baiezkoa emana zioten 27tik 23k.

Bai, eta herrialde bakoitzak zuen eskumena araudi propio bat egiteko. Gehienek, ordea, ez dute gaiaren inguruko legegintzarik. Zuzentaraua aurrerapen bat da, besteak beste, lan presuntzioa eta algoritmoen erabilera arautuko dituelako. Europan ez dago horren legedi zabala duenik; Espainiak rider-en legea du, baina banatzaileei soilik eragiten die, eta algoritmoaren gaineko eskubideen inguruan ere mugatuagoa da. Dena den, EBn egin den prozesua oso iluna izan da.

Zergatik?

Ez du gardentasunik izan, eta zaila izan da informazioa eskuratzea. Europa osoko langileek euren eskubideen aldeko kanpaina indartsu bat egin dute azken lau urteetan, baina horiena baino garrantzitsuagoa izan da lobbyena. Bruselan indar handia dute: zazpiehun ordezkari ditu Europako Parlamentuak, eta 70.000 lobby daude hirian. Plataformek, bereziki Uberrek, diru asko inbertitu dute prozesuan, influentzia izateko. 

Frantzia izan da direktibaren aurka irmoen egin duena, ez?

Bai. Logikoa da: ideologikoki, Emmanuel Macron Uberren jarraitzaile amorratua da. Antzekoak ziren Estoniako eta Greziako kasuak ere. Alemanian gertatu dena konplikatuagoa da; gobernu sozialdemokrata bat dute, eta, printzipioz, legea babestu beharko zuketen.

«Geroz eta jende gehiago ari da jabetzen algoritmoak erabiltzea langileen eskubideei kalte egiteko modu bat dela»

Espainiak proposatutako zuzentaraua eta Belgikak proposatutakoa oso ezberdinak ziren?

Bai, ezberdintasun handiak dituzte. Askoz ere malguagoa da bigarrena. Halere, bada zerbait, herrialde guztiak behartuko dituelako legedi bat izatera. Hala, sindikatuek eta langileek presio egin ahalko dute lege indartsuak lortzeko. 

Algoritmoekin lan egitea kaltegarria da langileentzat?

Ez du zertan. Algoritmoek, azken finean, nagusien aginduei jarraitzen diete, modu digitalean. Batzuetan ematen du zerbait opakua direla, ugazabez gaindi dabilen zerbait, baina ez.

Zenbait adituren arabera, langileak esplotatzeko modu berriak sustatzen dituzte horien bidez.

Bai, hori uste dut nik ere. Geroz eta jende gehiago ari da jabetzen algoritmoak erabiltzea langileen eskubideei kalte egiteko modu bat dela. Hori da uberizazioa; gidariekin eta banatzaileekin hasi zen, baina beste sektore batzuetan ere gal ditzakete eskubideak prozesu horren ondorioz. Begi bistakoa da, baina Europako herrialde gehienek ez dute ezer egin.

...

Sarritan ahazten dugu kontu garrantzitsu bat: banatzaile gehienak paperik gabeko migratzaileak dira. Beste batzuen izenean egiten dute lan, kontuagatik alokairu bat ordainduta. Hori da ekonomia kolaboratiboak sortzen duen egoerarik larriena: besteek baino ordu gehiago egiten dituzte lan, ezin dira kexatu, ez dute asegururik, istripuren bat badute ezin izaten dira ospitalera joan... ezin dute ezer egin. Esklabotza kasuak dira ia, eta, hori gutxi balitz, sarritan egiten diete iruzur kontuak alokatzen dizkietenek. Legeek ez dituzte lagun horiek aintzat hartzen, eta garrantzitsua da euren erregularizazioaz jardutea.

Segi.

Ez da posible datu fidagarriak izatea, baina, Bilbon egin nuen erreportaje batean, bizikletako banatzaileek zioten hiriko banatzaileen %70 inguru dabiltzala horrela. Istripuak izaten dituzte, baina gehienei ez die axola: diru falta da haien kezka nagusia. Beldurgarria da, ez dute bizia galtzeko beldurrik sos batzuk lortzeko bada. 

Plataformek gisa horretako lan ezkutua sustatzen dute?

Diotenez, ez dute nahi paperik gabeko migratzaileak eurekin beharrean jardutea, eta horretarako dute aurpegi bidezko identifikazio sistema. Langile guztiek dakite, ordea, hori nola saihestu. Oso erraza da. Azkenean, paperik gabekoek ordu gehiago egiten dituzte lan, eta ez dira kexatzen, ezin dutelako. Gatazkarik sortzen ez duen lantaldea da. Glovo izanda, logikoa da langile horiek eduki nahi izatea.

Bizikletako banatzaileei buruz ari gara, baina ekonomia kolaboratiboan beste sektore batzuetako langileak ere aritzen dira.

Izan daitezke gidariak, itzultzaileak, garbitzaileak... guztiei buruz hitz egin behar da. Akatsa izan zen rider-en legea banatzaileentzat soilik egitea. Espainian, plataformen bidez lan egiten dutenen artean, uste dut zaintzaileak gehiago direla banatzaileak baino. Ez dakigu asko horri buruz: kalean ez ditugu ikusten, ahots gutxi dute... baina sarritan rider-ak baino okerrago daude.

«Langileen datu pertsonalak erabiltzen ari dira bakoitzari zenbat ordaindu erabakitzeko, ahalik eta gehien esplotatzeko»

Uberreko zuzendari nagusiak duela gutxi onartu zuen gidari bakoitzari ezberdin ordaintzen diotela. Teknologia erabiltzen ari dira langileei geroz eta gutxiago ordaintzeko? Hori legezkoa da?

Ofizialki ez dute onartzen, baina Dara Khosrowshahik inbertitzaileei esandako hitzak ezin dira beste modu batera ulertu. Europako herrialde guztietako legeek diote lan bera egiteagatik berdin ordaindu behar zaiela langile guztiei. Gai gakoa da: langileen datu pertsonalak erabiltzen ari dira bakoitzari zenbat ordaindu erabakitzeko, ahalik eta gehien esplotatzeko. Behar gehien duenak eskaintza eskasenak onartzen ditu. Algoritmo bidezko diskriminazioa da. 

Uste duzu inbertitzaileen presioak eragin duela jokabide horretan?

Bai, lotuta daude. Uberrek bidaia bakoitzean jasotzen duen komisioa asko igo du azken bi urteetan, %19tik %28ra. Langileentzat zaila da gertatzen denaz jabetzea, ez dute aldaketa horien berri izaten. Guztiz eredu iluna da, baina arrakastatsua Uberrentzat. 

Uber orain hasi da lehen aldiz irabaziak lortzen.

Kontuan izan behar da 31.000 milioi euroren galerak bildu dituela sortu zenetik, eta urte asko falta direla inbertitzaileek diru hori berreskuratzeko. 2023an 1.000 milioi inguru irabazi ditu, eta sektoreko enpresarik arrakastatsuena da. Arazo finantzario ugari dituzte Glovok eta enparauek, eta horregatik diote halako beldurra EBko direktibari. Litekeena da aurrerantzean langile bakoitzagatik %20 edo %30 gehiago ordaindu behar izatea.

Oraindik autonomo faltsuak kontratatzen dituzte Euskal Herrian?

Bai, Glovok eta Uber Eatsek bai.

Antolatzea ezinezkoa da langileentzat?

Oso zaila da. Just Eatekoek, adibidez, botere gehiago dute, enpresako beharginak direlako. Ez dituzte sekulako lan baldintzak, baina antola daitezke. Sindikatuentzat errazagoa da hor muturra sartzea; horregatik da garrantzitsua legediak onartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.