Immigranteak AEBetan

Paperik gabeko langileen pisu itzela

Donald Trumpek ‘alien’ deituriko horien artean, paperik gabeko langileek sekulako pisua dute AEBetako ekonomian. Haiek deportatzeak ekonomia moteltzea eta prezioak igotzea ekar dezake.

Negozio bat itxita Houstonen (Texas), deportazioen kontra protesta egiteko. CALLAGHAN O'HARE / EFE
Negozio bat itxita Houstonen (Texas), deportazioen kontra protesta egiteko. CALLAGHAN O'HARE / EFE
Irune Lasa.
2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zalantza gutxi dago Donald Trumpen gobernuak iragarritako papergabeen deportazioak kalterako izango direla AEBetako ekonomiarentzat. Langabezia tasa txikiak izanik paperik gabeko 11 milioi langileri jazartzea eta kanporatzea —eta horren inguruan immigrante guztiengan piztutako izua—, maila bateraino, zenbakitan ere neur daiteke.

COVIDaren garaian eta ondoren gertatutakoak arrasto onak ematen ditu immigrazioak —eta haien artean paperik gabeko etorkinek— AEBetako ekonomiaren hainbat sektoretan duen garrantziaz. Baita, ondorioz, Donald Trumpen deportazio asmoek AEBetan bertan eragin dezakeen kalte ekonomikoaz ere.

Pandemia garaian mugak itxi eta bisak eten ziren, eta, horren ondorioz, nabarmen moteldu zen AEBetarako immigrazioaren hazkundea. 2022an, lanerako adineko etorkinak bi milioi gutxiago ziren herrialdean, aurreko joerak jarraitu izan balu egongo zirenak baino, Kaliforniako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera.

Horren ondorioa argia izan zen: langile eskasia izan zen hainbat sektoretan, hala nola ostalaritzan eta zerbitzuetan, osasungintzan eta nekazaritzan. Sektore horietako lan merkatua estutu egin zen, lan baldintza hobeagoak lortzeko abagunea sortu —nahiz eta immigrante eskasia ez izan faktore bakarra—, eta zerbitzuen prezioak igo egin ziren.

Pandemia ostean, immigrazioak berriz ere hazkunde nabarmena izan du AEBetan, besteak beste baldintza hobeago horiengatik, eta pandemiak jende gehiago bultzatu zuelako alde egitera, sorterrian eragindako txikizioetatik ihesi.

Dallasko Erreserba Federalaren 2024ko ikerketa baten arabera, etorkinen iritsiera handi horrek enplegua eta produkzioa handitu ditu AEBetan. Etorkin gehiago izateak berekin ekarriko du hamar urtean gobernu federalaren diru sarrerak 1,2 bilioi dolar handiagoak izatea eta defizita 900.000 milioi dolar murriztea.

Deportazio masiboen mehatxua

Baina, pandemia osteko inflazioa handia izanik, eta desberdintasun sozialak ere handiak, AEBetan indartu egin da immigrazioaren kontrako sentimendua. Txingar horiei erregaia bota dietenak ez dira gutxi izan, tartean paperik gabeko etorkinen deportazio masiboak saldu dituen Donald Trump eta haren MAGAzaleak.

Paperik gabeko etorkin guztien deportazioa izan zen Trumpen kanpainako promes nagusia, «denak kriminalak» diren argudioarekin. Hori bai, esaldi merke horren atzean milioika pertsona eta familia daude. Eta ikuspegi ekonomiko gordinetik begiratuta, milioika langile.

Mehatxuak gauzatzen badira —eta hasia da horretan Trumpen gobernua—, ondorio ekonomikoak handiak izan daitezke deportazio kopuruaren arabera. Adibidez, Peterson Institute zentroak egindako ikerketa baten arabera, paperik gabeko 8,5 milioi etorkin kanporatzeak AEBetako barne produktu gordina %7,4 amil dezake 2028. urterako, eta prezioak %9,1 goratu epe berean.

1,5

Papergabeak eraikuntzan, milioitan. American Immigration Councilen arabera, 2022. urtean paperik gabeko milioi eta erdi immigrante ari ziren lanean AEBetako eraikuntzan, langile guztien %13,7. Gaur egun ehuneko hori handiagoa dela uste dute adituek.

Sektore batzuk gogorrago sentituko lituzkete deportazio horiek besteek baino. Paperik gabeko etorkinak, oro har, AEBetako langileen %4,4 eta %5,4 artean izan dira 2003. urteaz geroztik. Baina pisu handiagoa dute sektore jakin batzuetan.

Eraikuntzan, adibidez, 2022an milioi eta erdi langiletik gora ziren paperik gabekoak, langile guztien %13,7, American Immigration Councilen arabera. Nekazaritzan, langileen %12,7; hoteletan eta jatetxeetan beharrean ari zirenak ia milioi bat ziren, alorreko langile guztien %7,1.

Sarekaden beldur

Horrek, adituen ustez, garestitu egingo ditu etxebizitzak, elikagaiak eta zerbitzuak. Adibidez, behikiaren prezioa igo egingo dela iragarri du elikagaien sektoreko United Food and Commercial Workers International Union sindikatuak.

Kontua da behi haragia prozesatu eta paketatzeko AEBetako lantegi handietako behargin asko asilo eskatzaileak direla, haitiarrak eta venezuelarrak nagusiki. Joe Bidenen administrazioak behin-behineko asilodun estatusa eman zien, eta haragi lantegi handiek kontratatu zituzten, inor gutxik nahi zuen lan gogor gaizki ordainduan aritzeko.

Orain, Trumpek kendu egin die babes hori errefuxiatu eta asilo eskatzaileei. Erabakia auzitara eraman dute.

Behikiaren sektoreko patronalak gezurtatu egin ditu sindikatuak asilo eskatzaileei buruz emandako kopuruak, baina kezkatuta agertu da sarekadak direla eta. Azken finean, deportazioen eta atxiloketa bidegabeen mehatxuak langile immigrante guztiei eragiten die zuzenean edo zeharka, eta, besterik ez bada, beldurra sortzen du. American Immigration Councilen arabera, AEBetan haragia paketatzen aritzen diren lantegietako beharginen %45 dira AEBetatik kanpo jaiotakoak.

Sarekadek «beldurra, ziurgabetasuna» pizten dituztela esan dio Bloomberg-i Matt Teagarden Kansasko Abeltzainen Elkarteko kontseilari ordezkariak, langileek sentitzen dutela «jazarpena jasaten» ari direla. «Langileak okela eraldatzeko instalazioetan agertzen ez badira, azkar ikusiko genuke ganaduaren prezioak jaisten eta behikiaren prezioak igotzen».

Estatu guztietan

Kalifornia, Texas, Florida eta New York dira etorkin gehien hartzen duten estatuak. Eta estatu horietan batez ere hiri handietara inguratzen dira immigranteak. Horrela, Miamiko (Florida) biztanleen erdiak kanpotik joandakoak dira, baita New Yorkeko biztanleen %38 ere.

Zenbat dira horietan paperik gabekoak? 2022an, Kalifornian 1,8 milioi ziren, Texasen 1,6 milioi, Floridan 1,2 milioi, eta New Yorken 650.000. Hala ere, Pew Research arabera, paperik gabeko migratzaileen kontzentrazioa murriztuz joan da denborarekin. 1990. urtean, paperik gabeko etorkinen %80 sei estatutan zeuden; 2022an, %56 zeuden sailkapeneko lehen sei estatuetan.

Horrek esan nahi du deportazioen eragina estatu guztietan antzemango dela, hasi Chicagoko eraikuntzatik, Kaliforniako nekazaritzatik barrena, Las Vegasko hoteletaraino.

Pagatzeko betebeharra, eskubiderik gabe

Paperik gabe beharrean ari diren langileek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpenean, askotan bazterrera gelditzen dira haiek zergetan ordaintzen duten guztia. ITEP Zerga eta Ekonomia Politiketarako Institutuaren arabera, 2022. urtean AEBetan paperik gabeko immigranteek 96.700 milioi dolar ordaindu zituzten zergetan.

Papergabeek ordaindutako zergen heren bat haiek erabiltzeko eskubiderik ez duten funtsetara doa, nominetan pagatzen dituztelako. 2022an, 25.700 milioi dolar ordaindu zituzten Gizarte Segurantza finantzatzeko, 6.400 milioi dolar Medicare zerbitzurako, eta 1.800 milioi dolar langabezia aseguruetarako.

Tokiko zerga gehienak ondasun eta zerbitzuak erostean ordaintzen dituzte paperik gabeko immigranteek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.