Donald Trumpen garaipenak berehalako eraginak izan ditu dibisen merkatuan. Hautagai errepublikanoa bozetan irabazle izan dela baieztatzear zela, uztailetik izan duen balio handienera heldu da dolarra.
Zehazki, euroarekin alderatuta, %1,5 igotzen ari da AEBetako diruaren balioa: euro bat erosteko, 1,078 dolar behar dira gaur eguerdian. Atzo, 1,093 behar ziren. 2020. urtetik ez du dolarrak halako hazkunderik izan.
Ikusi gehiago
Kanpainan, Trumpek hitzeman du enpresei zergak murriztuko dizkiela, baita inportazioei muga zergak handituko dizkiela ere, eta horrek inflazioak gora egitea eragin dezake.
Errepublikanoaren garaipenak ez dio dolarraren balioari soilik eragin: bitcoin bat erostea ere inoiz baino garestiagoa da orain. Atzotik, %8 igo da kriptodiru horren kotizazioa, eta lehen aldiz 70.000 euro baino gehiago balio du. Azken urteetan, Bidenen gobernuak zenbait muga ezarri dizkio kriptodiruen merkatuari, eta adituek aurreikusia zuten Trumpen garaipena mesedegarria izango zela horientzat. Besteak beste, Elon Muski lotutako Dogecoinaren balioa ere %15 hazi da.