Hainbat herritarren usteak indartzera etorri dira estatistikak oraingo honetan; hots, iaz pandemiaren erruz etxean ohi baino askoz gehiago egon behar izan duenez, jendeak gutxiago gastatu du. Eta bai, alkoholdun edarietan eta tabakoan ohikoa baino dezente gastu handiagoa egin da etxeetan.
Familien gastuari buruzko inkestaren arabera, familien gastu orokorra %7,75 jaitsi zen iaz Hego Euskal Herrian: 40.167 milioi eurotik 37.054 milioira.
Jaitsiera igarri da etxeetako batez besteko gastu kopuruetan ere. Pandemiaren eragozpenekin, 2020an familiek aurreko urtean baino 2.925 euro gutxiago gastatu dituzte EAEn (-%8,5), hots, 31.498 euro. Eta 2.130 euro gutxiago gastatu dituzte Nafarroan (-%6,3): 31.780 euro batez beste.
Azkenean, COVID-19ari aurre egiteko murrizketa guztiek aldatu egin dute etxeetako gastuaren banaketa. Etxebizitzari lotutakoek (etxebizitza, argindarra, gasa...) 2019an gastuen herena hartzen zuten Hego Euskal Herrian; iaz, baina, familiek beren aurrekontuaren zati handiagoa bideratu dute horiek ordaintzera, derrigorrez: %37,4. Eta berdin gertatu da elikagaiekin: gastuaren %13,9 hartzen zuten, eta iaz, berriz, %16,4.
Iaz Hego Euskal Herrian janarian gastatutako guztian, deigarriak dira bariazio batzuk. Esaterako, arrainetan egindako gastu osoa %20,5 handiagoa izan da; haragitan egindako gastu orokorra %8 igo da; barazkietan egindakoa %14; eta fruituetakoa, berriz, %9,8.
Pandemiak etxe askotako bizimoduan eragindako aldaketen adierazle dira beste bi epigrafe: komunikabideena, eta alkoholdun edariena eta tabakoarena. Azken horietan Hego Euskal Herriko etxeek guztira egindako gastua modu ikusgarrian igo da, 527 milioi eurotik 631 milioira (%19,7). Garagardoa izan da nagusi; hain zuzen, 72 milioi eurotik 108 milioi eurora handitu da iaz Hegoaldeko euskal herritarrek etxerako garagardotan egindako gastua: %49,5 gehiago gastatu da. Ardoa erosten ere %29,5 gehiago gastatu dute, 187 milioi euro.
Komunikabideek etxeko aurrekontuaren %2,6 hartzen zuten, eta %3,1era pasatu dira iaz. Prentsan egindako gastua %11,5 handitu da, orotara.
Jaitsiera, etxetik kanpo
Aldiz, beste gastu batzuek pisua galdu dute. Adibidez, etxeetako gastuen zati handi bat garraiora joan ohi da (%11,1 2019. urtean), eta, nola ez, pandemiarekin jaitsi egin da, %9,6ra.
Galera handienetakoa, dena den, jatetxe eta hoteletan egindako gastuak izan du: 3.537 milioi eurotik 2.038 milioira jaitsi da horretan egindako gastu osoa. Pakete turistikoetan %57 gutxiago gastatu da, eta diru gutxiago bideratu da jantziak (-%24,2) eta oinetakoak erostera ere (-%18).
Internet bidezko erosketentzat ere urte oparoa izan da iazkoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeen %38,8k egin dute erosketaren bat bide horretatik.
Pandemian asko edan eta gutxi gastatu dute familiek
Konfinamenduaren, mugen eta krisiaren eraginez, iaz %7,75 txikitu zen gastua Hego Euskal Herriko etxeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu