Pandemiak beren egoera okertu duela salatu dute Bizkaiko etxeko langileek

Ugaritu egin dira paperik gabe aritzen direnak, eta kutsatutakoan bota dituzte batzuk kalera. Babes handiagoa eskatu diete administrazioei

Isabel Otxoa Bizkaiko Etxeko Langileen ELkarteko ordezkaria, atzo, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Lan baldintza gogorrak eta zailak izan ohi dituzte etxeko langileetako askok, eta koronabirusaren pandemiak ez du askorik egin haien egoera hobetzeko. Kontrara, egoiliarren baldintzak asko okertu direla ohartarazi du Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak. Handitu egin dira kontraturik gabe lan egin dutenak, langile askok segurtasun neurri egokirik gabe lan egin behar izan dute, eta kaleratzeak ugaritudira.

«Administrazioen aldetik erabat alboratuta sentitu gara». Etxeko langileen babesgabetasunaren berri eman zuen atzo Isabel Otxoa ELEko ordezkariak. Urtero bezala, etxeko langileen erradiografia bat egin du elkarteak, bere aholkularitza zerbitzua erabili duten beharginen testigantzetatik abiatuta.

Guztira, 468 langile artatu zituen ELEko aholkularitzak, eta horietatik %98 ziren emakumeak, eta %43, egoiliarrak. Azken horietako ia guztiak ziren atzerrian jaiotakoak, %28k Espainiako herritartasuna ere bazuten arren. Egoiliarren artean , %31k ez zuten lan egiteko baimenik: kopuru hori bikoiztu egin zen 2017tik 2019ra, eta beste 0,4 puntu igo zen iaz. EBtik kanpoko herrialdeetako etxeko langileen artean, %46k ez dute paperik (hiru puntu gehiago); haien artean, Paraguaikoak, Nikaraguakoak eta Honduraskoak nabarmentzen dira.

Otxoak azaldu zuenez, etxeko langileen prekaritatea «bere gordintasunean» utzi du agerian pandemiak. Horrela, administrazioek ez diete enplegatzaileei «kasu bakar batean ere» jakinarazi etxeko langileak segurtasunez lan egiteko jantziak eta materiala hornitu behar zituztela.Gainera, «kasu askotan» COVID-19a zuten pertsonak zaintzen geratu dira langileak, «beste aukera kalean geratzea zelako». Kontrakoa gertatu eta kutsatua langilea izan denean, haietako asko berehala bota dituzte kalera. Halaber lana galdu zuten haurrak zaintzen zituzten langile asko, ikastetxeak itxi eta berehala.

Lehen aldiz, Espainiako Gobernuak sari berezi bat sortu du lana galdu duten etxeko langileentzat, baina Otxoa kexu da gutxik jaso dutela, eta berandu gainera. Horrela, sari hori Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenek soilik eskatu ahal izan dute. Maiatzera arte ez zuten eskatu ahal izan, lehen sariak uztailean iritsi ziren, «baina batzuek oraindik ez dute eskuratu».

Sektorean lege hausteak ohikoak direla nabarmendu du ELEk, eta horregatik «arau hobeak, eta betearazten direnak» eskatu dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.