Pandemiak apenas apaldu duen aberatsen kopurua mundu zabalean

Credit Suissek dio 56.000 aberats gutxiago daudela, %0,1 gutxiago. 51,9 milioi aberats daude munduan behintzat milioi bat dolarren jabe

New Yorkeko Wall Street, aberastasun ugari sortu eta galdu egiten diren gunea. BERRIA.
xabier martin
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Pandemiak ez duela pertsonen artean bereizten dioen mantra hori errealitateak gezurtatu du azken hilabeteetan. Ez, pandemiak ez du modu berean jotzen: zenbat eta aberatsago izan, orduan eta aukera gehiago baitaude onik ateratzeko koronabirusaren krisitik eta haren ondorio ekonomikoetatik. COVID-19ak apenas eragin duen mundu zabalean dauden aberatsen kopuruan. Azken hilabeteetan 56.000 pertsona atera dira milioi bat dolar (845.425 euro) baino gehiagoren jabe direnen zerrendatik, Credit Suissen Aberastasunaren Txosten Orokorraren arabera. Alegia, orain 51,9 milioi pertsona daude munduan aberats gisa jo daitezkeenak milioi bat dolarreko irizpide hori erreferentzia gisa hartuta. %0,1 apaldu da, beraz, aberatsen kopurua.

Suitzako finantza erakundeak dioenez, Txina da azken seihilekoan aberatsak gehien hazitako herrialdea. 365.000 pertsona gehiago daude han 845.425 euroren jabe. Herbehereak daude aberatsak gehien hazitako herrialdeen multzoko bigarren lekuan, 74.000rekin; eta hirugarren lekua partekatzen dute AEBek eta Alemaniak, biak ala biak 58.000 aberats gehiagorekin.

Burtsako galtzaileak

Erresuma Batua da, aldiz, milioi bat dolarren jabeen klubean aberats gehien galdu duena, batik bat burtsaren gorabeherengatik eta dibisa aldaketengatik; 241.000 aberats galdu ditu Boris Johnsonek gidatzen duen estatuak. Brasilek beste 116.000 galdu ditu; eta Mexikok, 56.000.

51,9 milioi aberats horiek munduko populazioaren %1 baizik ez da, baina munduko aberastasun osoaren %43,4 dago haien esku. Txanponaren beste aldean aberastasun globalaren banaketa desorekatua islatzen duen datua ageri da: munduko aberastasunaren %2 baino ez dago 10.000 dolar (8.450 euro) baino gutxiagoren jabe diren pertsonen esku. Munduko populazioaren %54 baino gehiago dira, ordea, kopuru horretara iristen ez direnak, txiroak alegia.

Eta non dago aberats gehien munduan? Bada, AEBetan lehen-lehenik. 20,2 milioi bizi dira han (aberats guztien %39); Txina dago bigarren lekuan, 5,7 milioirekin (%11); eta Japonia da hirugarrena, 3,3 milioi aberatsekin (%6). Batik bat Europara jo behar da gainontzekoak aurkitzeko: Erresuma Batuan aberatsen %5 bizi dira; Alemania (%4), Frantzia(%4), Italia (%3), eta Espainia (%2) dira aberatsen beste herrialdeak. Kanada eta Australian ere bada pilaketa txiki bat; batean zein bestean munduko aberatsen %3 bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.