Palestinako gerrak aurreikuspen ekonomikoak «belztu» ditu

Nazioarteko erakundeak petrolioaren merkatuko gorabeherekin kezkatuta agertu dira

jokin sagarzazu
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Geldialdi ekonomikoaren mamua oso presente egon da Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Munduko Bankua asteon Marrakexen (Maroko) egiten ari diren bileretan. Atzo, Kristalina Georgieva NDFko zuzendari nagusiak esan zuen oso adi daudela Israelen eta milizia palestinarren arteko gatazkari, inflazioaren gorakada eragin dezakeelako, batez ere petrolioaren ekoizpena eta banaketa zailtzen bada. Eragina neurtzeko «goiz» den arren, ohartarazi zuen prezioetan gorabeherak egon direla azken egunetan, eta horrek ekonomiaren etorkizun hurbila «belzten» duela.

Gerra «hauskortasun une batean» piztu da. Munduko ekonomiak hazten jarraitzen du, baina «herrenka», Pierre-Olivier Gourinchas NDFko ekonomista buruak asteartean esan zuenez. Eta Georgievak gaineratu du udaberrian irudikatutako lainoak ilunagoak direla orain. Kezka nagusia gatazka hedatzea da; inguruko herrialde batzuek, petrolio ekoizle eta esportatzaileek, hala nola Saudi Arabiak eta Iranek, zuzenean edo zeharka parte hartzea.

1973ko krisiaren itzala oso handia da. Halakorik ez du inork aipatu, baina nazioarteko ekonomia erakundeak beldur dira oraingo gatazkak inflazioan beste gorakada bat eragingo ote duen. «Zabaltzen bada, eragina izango du ekonomietan», ohartarazi du Gita Gopinath NDFko idazkariordeak Bloomberg-en egindako elkarrizketa batean.

Kezka gero eta erakunde gehiagotara hedatzen ari da. Ostegun honetan, Energiaren Nazioarteko Agentzia (IEA) zuhur agertu da, eta esan du gatazkak «oraingoz» ez duela eraginik izan petrolio fluxuetan, baina prezioetan gorabeherak egon direla. Brent upela %5 igo da gerra hasi zenetik, eta 88 dolar inguruan dago. Irailaren 28an, 97,5era iritsi zen, eta lehen erasoak gertatu baino bi egun lehenago 84 dolarretan zegoen. Energia agentziak ohartarazi du «epe motzean» petrolio merkatura bideratuko direla begirada guztiak, ezegonkortasuna handitu daitekeelako. Ziurtatu du gertutik zainduko duela hori eta, «behar izanez gero», hornikuntza bermatzeko neurriak hartuko dituela.

Ekoizleei begira

Izan ere, hileko txostenean, IEAk aurtengo petrolio kontsumoaren aurreikuspenak handitu ditu: joan den hilean aurreratu zuena baino 100.000 upel gehiago egunean. Igoera horren %77 Txinari dagokio. 2024an, berriz, kontsumoa jaitsi egingo dela dio: egunean 380.000 upel gutxiago.

Testuinguru horretan, LPEE+ Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek berretsi dute ekoizpen murrizketekin jarraituko dutela, ahalik eta zuku gehien ateratzeko produkzioari: haien asmoa da upela 100 euro inguruan finkatzea. Hala baieztatu zuen atzo Abdul Aziz Bin Salman Saudi Arabiako Energia ministroak. «Murrizketek bi, hiru, lau edo bost hilabete iraungo dute; alegia, merkatuetan lasaitasuna bermatzeko eta egonkortasuna ekartzeko behar den denbora guztia». Bin Salman Errusiako lehen ministrorde Alexander Novakekin bildu zen atzo. Hark ere doitzeak iragarri zituen. Eta Palestinako gatazkaz esan zuen «arrisku handirik» ez duela espero petrolioaren merkatuetan,«oraingoz behintzat».

Ekoizleen edozein erabakik, dena den, ekonomiaren bilakaera baldintzatuko du. NDFk badu hipotesi bat egina: prezioak %10 igoz gero, munduko Barne Produktu Gordina %0,2 inguru murriztuko da, eta inflazioa bi eta lau hamarren artean handituko. «Eskualde hori ezegonkor dagoenean, sarritan ikusten ditugu energiaren eta petrolioaren prezioetan igoerak», adierazi du Gourinchasek.

Banku zentralak ere kezkatuta daude. Ajay Banga Munduko Bankuko presidenteak Reuters agentzian egindako elkarrizketa batean ohartarazi duenez, gatazka piztu da interes tasen igoeren ondorioak laster ikusiko zirela uste zutenean. «Lurreratze leun baterako aukera zegoela sentitzen hasiak ginenean gertatu da. Egoera berriak gogorrago bihurtuko du lurreratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.