«Hau zer da?», galdetu du emakume batek, sindikatuek Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren parean zabaldutako pankarta ikusita. Ez zekien zergatik ari ziren protestan osasun langileak, ezta Nafarroako langile publiko guztiak grebara deituta zeudenik ere. Lehen arretan, larrialdietan eta ospitaleetan, izan ere, apenas nabaritu duten lanuztea, Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuen ondorioz.
«Nafarroako Gobernuak beldurra die mobilizazioei, eta abusuzko neurriak ezarri dizkigu», kexu da Oier Osinaga Castillo. LABeko ordezkaria da Zerbitzu Publikoen alorrean, eta gobernuaren jokabidea kritikatu du: «Osasunbidean, adibidez, %90etik gorako gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkiete zenbait lantalderi, eta batzuetan, %100ekoak», esplikatu du.
Gutxieneko zerbitzu horiek «grebarako eskubidea urratzen» dutela uste du Osinagak: «Asko izan dira greba egin nahi baina ezin izan dutenak. Azken egunetan, sindikatura deika aritu dira langile asko, egoeraz kezkatuta: gutxieneko zerbitzuak noiz eta nola egin, ea aukerarik bazuten uko egiteko... Ika-mika ugari ere izan ditugu zerbitzu arduradunekin, horren kontura».
«Hiru langilek osatzen dugu erradiodiagnostikoko unitatea, eta hirurok nahi genuen greba egin, baina gutako bi lanean egotera behartu dituzte»
ZURIÑE ASENJONafarroako Ospitale Unibertsitarioko erradiodiagnostikoko teknikaria
Beste askok ez bezala, Zuriñe Asenjok aukera izan du lanetik atera eta goizeko mobilizazioetan parte hartzeko. X izpietako teknikaria da Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko erradiodiagnostikoko unitatean; hiru langilek osatzen dute zerbitzua, baina administrazioak lanera behartu ditu horietako bi: «Hirurok nahi genuen greba egin, baina bi pertsona lanean egotera behartu gaituzte. Zozketa egin dugu, eta niri egokitu zait lanuztea egitea». Zerbitzu publikoen beharra nabarmendu du: «Egoera hobetzeko atera naiz kalera. Pribatizazioei aurre egin behar diegu nola edo hala».
«Langileok kokoteraino gaude; saiatu gara negoziatzen, baina gobernuak ez du borondaterik erakutsi»
VICTORIA ASTRAIN AZPARRENCCOO sindikatuko kidea
Sindikatuek, hain zuzen, elkarretaratzea antolatu dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, grebara batzerik izan ez duten langileek aukera izan zezaten protesta egiteko. Han, Zerbitzu publikoei bai, pribatizaziorik ez! lelodun pankarta hedatu dute, eta hitza hartu du CCOO sindikatuko Victoria Astrain Azparrenek. Esan du funtzionarioak «kokoteraino» daudela gobernuaren jokabidearekin —«saiatu gara negoziatzen, baina gobernuak ez du borondaterik erakutsi»—, eta ezinbestekotzat jo du langileen arteko desorekak berdintzea, lan baldintzak hobetzea eta «zerbitzu publikoen pribatizazioa» eragoztea.
«Kalitatezko hezkuntza publiko baten alde ari gara. Grebak dezenteko oihartzuna izan du gure ikastetxean, eta irakasleen erantzuna oso positiboa izan da, oro har»
IBAI RIKARTE ETXEBERRIAAmaiur ikastetxe publikoko irakaslea
Sindikatuek garaipentzat jo dute Nafarroako Gobernuak atzera egin izana Osasunbidea enpresa publiko bihurtzeko asmoan. Hori gauzatu izan balitz, erakundeko langile berriek ez lukete funtzionario estatusa izanen, eta hori «pribatizaziorako bidean aurrera» egitea izanen litzatekeela uste du Astrainek. «Sektoreko mahaian jakinarazi ziguten atzera eginen zutela, eta argi dugu urrats hori presio sindikalari esker heldu dela. Greba honen lehen garaipena da».
Hezkuntzan bale, administrazioan kale
Osasun sektorean ez bezala, hezkuntza publikoan goizean goizetik nabaritu dute grebaren eragina. Iruñeko Amaiur Ikastola D ereduko ikastetxe publikoan, esate baterako, elkarretaratzea egin dute irakasleek 08:45ean, ikasleak eskolara sartzen ari zirenean. «Kalitatezko hezkuntza publikoaren alde ari gara», laburbildu du Ibai Rikarte Etxeberria irakasleak. Ikastetxe horretan, grebak «dezenteko oihartzuna» izan duela aipatu du: «Aurreko astean jada hasiak ginen lanuztea antolatzen, eta irakasleen erantzuna oso positiboa izan da, oro har».
Gutxieneko zerbitzuak ezarriak dira hezkuntzan ere, eta haur asko ohi bezala joan dira ikastetxera, baina gehienek ez dute eskolarik izan. Bestalde, irakasleak ez ezik, atezaintzako beharginak ere grebara batu dira; hortaz, eskolaz kanpoko jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte zentro askotan.
«Irakasleontzat, ikasturteko laugarren edo bosgarren mobilizazio eguna da hau, baina badu berritasun bat: sektore guztietako langileak batu gara gaur, publikoa babesteko»
NEKANE LASASan Frantzisko eskola publikoko irakaslea
San Frantzisko ikastetxe publikoan, «aurreko greba deialdien pareko erantzuna» sumatu dute. «Ikasturtea hasi zenetik, laugarren greba dugu honakoa. Aurrekoetan, irakasleen bi heren inguruk babestu zuten deialdia, eta oraingoan ere, antzera: langileen erdiak baino gehiago batu gara», esplikatu du Patxi Paskual irakasleak.
Harekin bat dator Nekane Lasa lankidea ere: «Irakasleontzat, ikasturteko laugarren edo bosgarren mobilizazio eguna da, baina badu berritasun bat: sektore publiko guztietako langileak batu gara, publikoa babesteko».
Administrazioko beste sektore batzuetan, berriz, grebak eragin eskasa izan du. Ogasun bulegoetan adibidez, errenta aitorpenerako kanpaina abiatu dute egunotan, eta normal jardun dira goizean goizetik. Egoera antzekoa izan da administrazioko beste zerbitzu askotan ere.
Cordovillako suhiltzaile parkean, berriz, desoreka handiak nabaritu dituzte langileen artean: suhiltzaile gehienak lanera joan dira, gutxieneko zerbitzuak ia erabatekoak izan direlako; baso suhiltzaileei, ordea, ez diete gutxienekorik ezarri, eta «ia denek» babestu dute lanuztea.