Ostalaritza etengabe handitzen ari da Gipuzkoaren aberastasunari egiten dion ekarpena, eta laugarren sektore ekonomikoa bihurtu da jada. Azkeneko hamalau urteetan, BPGari egiten dion ekarpena %4,10etik %5,66ra pasatu da, eta horri esker eraikuntza, hezkuntza eta osasuna gainditu dituela nabarmendu du Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidenteak.
Enpleguaren arloan ere sektoreak pisu handiagoa hartu du. 2009an 16.000 langile ari ziren, eta 2024an, berriz, 26.000 baino gehiago izan dira. «Ostalaritzak funtsezko zeregina izan du Gipuzkoan enplegua sortzeari dagokionez; integratzeko eta laneratzeko gaitasun handiena duten sektoreetako bat da, eta langileen %30 baino gehiago etorkinak dira», esplikatu du Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak.
Ubarretxenaren arabera, ostalaritzak sektoreak Gipuzkoan izan duen arrakasta funtsezko lau zutabetan oinarritu da: tokiko ekintzailetza, produktuaren eta zerbitzuaren kalitatea, digitalizazioarekiko konpromisoa, eta establezimenduen kudeaketaren etengabeko hobekuntza. Elkarteko presidenteak kalitatearen aldeko apustuari esker lortutako lorpenak azpimarratu ditu.
Frankizien hedapena
Aurrerapen horiek gorabehera, Ubarretxenak eta Martinezek adierazi dute sektoreak hainbat erronka erabakigarri dituela aurrez aurre. Arazo nabarmenetako bat belaunaldien arteko erreleborik eza da, tokiko ekintzailetzari bereziki eragiten dion gai bat. Ziurtatu dute ez dutela jasotzen erakundeen babesik, eta atzerriko frankizia handiak betetzen ari direla bertako negozioen lekua. «Funtsezkoa da tokiko enpresaburu txikiaren alde apustu egiten jarraitzea, horrek lagundu egin duelako gaur egun ikusten dugun hazkundean», esan du Ubarretxenak.
Martinezek azpimarratu du Gipuzkoak oraindik ez duela ostalaritzako lanbideetan prestatzeko eskaintza publikorik, eta horrek mugatu egiten dituela prestakuntza espezializatua jasotzeko aukerak. «Orain dela hiru urte, prestakuntza zentro publiko bat sortzeko proiektu bat aurkeztu genuen, baiezkoa eman ziguten, baina oraindik ez dugu aurrerapausorik ikusi proiektua martxan jartzeko». Azaldu du premia hori konpondu behar dela «lurraldea erakusgarri den kalitatezko gastronomiari eusteko».