Ostalariek ez dute terrazen purgatoriotik igaro nahi tabernak ireki aurretik

Zubi ostean zabaltzeko esperantza dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariek, baina izkin egin nahi diote terrazen fase bati

Eguraldi goibeleko aroa ez da egokiena terrazetan egoteko. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Abenduaren 10a begiz joa dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek. Eusko Jaurlaritzak, abenduko zubiaren osteko garaiari nola heldu nahi dion azaltzen duen idatzi batean, enpresa afariei erreparatu die, eta «egiten badira, egiten diren lokalen gaitasunaren arabera» egingo direla zehazten du. Alegia, etsipenak hartutako milaka ostalarik badakite litekeena dela abenduaren 10az geroztik taberna eta jatetxeak irekitzea Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan. Baina nola zabalduko dituzte? Hor dago koska. Nafarroako ostalariek, itxiera luze baten ostean, terrazen aukera baizik ez dute gaur arte, eta Gasteizko gobernuak ere soilik terrazak zabaltzeko fase bat aginduko ote duen beldur dira ostalariak.

Izan ere, ohartarazi dute horrela irekitzeak soilik negozio gutxi batzuei egingo liekeela mesede; «gehientzat agonia luzatzea litzateke». Tabernen barrualdean zerbitzatzeko baimenarekin ireki ahal izatea baizik ez dute nahi ostalariek, lokalen mugak eta bezeroen arteko tarteak zorrotz zaindu beharko direla jakinda ere.

Edukieraren erdia

Terraza jartzeko aukera dutenentzat ere terrazek alternatiba izateari uzten baitiote neguan. Azaroa epel joan da, eguzki izpi atseginez lagundurik egun askotan, baina iragarpenek diote euri garaia hasiko dela aurki, eta hotz hezea ez da bateragarria terrazetan egotearekin, ez bada babes handiko guneetan, eta inbertsioa eskatzen duten berogailuekin.

Horiek horrela, Arabako SEA patronalak eskatu du ostalaritza irekitzeko abenduaren 9rako; lokalen edukieraren erdia beteta nahi ditu zabalik taberna eta jatetxeak, bezeroak mahaietan eserita eta terrazak osorik betetzeko aukerarekin. Are, patronalak dio etxeratze agindua 23:00ak arte luzatu behar duela Jaurlaritzak, ostalaritzako negozioak zabalik egon daitezen 22:00ak arte. «Negozioek egin ahalak eginda bizirik irauteko aukera izan dezaten» nahi ditu aldaketa horiek SEAk, eta Jaurlaritzari neurriok lehenbailehen har ditzala esan dio. «Itxiera gehiago luzatzeak ostalaritza irekitzen duen azken erkidegoa bihurtuko luke Euskadi».

Nafarroako ostalariek ere garbi utzi zuten atzo, beste manifestazio handi batekin, ez dutela itxaron nahi abenduaren 16ra arte negozioen barrualdea zabaltzeko, «katastrofe bat delako hau». Ordu arte ezarri du Nafarroako Gobernuak soilik terrazekin aritzeko agindua. Nafarroako Ostalaritza Elkarteko presidente Ana Beriainek uste du jadanik badirela baldintzak lokalak irekitzeko. «Kutsatze datuak ez dira txarrak, eta beste erkidegoak abenduaren 9an irekitzeko bidean daude».

Ipar Euskal Herrian, tabernariek ez dute arrastorik Frantziako Gobernuaren asmoak direla eta. Jatetxeak urtarrilaren 20tik aitzina irekitzeko asmoa erakutsi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak; ostatuentzat, ordea, ez du eperik aipatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.