Ostalariek auzitara joko dute

Salatuko dute gobernuek ez dutela ebidentzia zientifikorik aurkeztu gauean kutsatze gehiago izaten direla ziurtatzeko

Tabernari bat, Zarauzko ostatu batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek auzitara joko dute berriz ere. Uztail amaieran,Eusko Jaurlaritzak ordutegiak murriztu zituenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien,eta espero dute orain ere gauza bera egitea Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren agindura egokitutako neurriekin. Argudio berak erabiliko dituzte: ez dagoela ebidentzia zientifikorik ziurtatzeko itxiera orduetan kutsatze gehiago gertatzen direla, eta sektore bat ixten denean ekonomikoki lagundu egin behar dela.

Aurreikusita zegoen bezala, ixteko ordutegiak 01:00ak arte aurreratu dituzte, eta ezingo da bezerorik sartu eta kontsumitzekorik zerbitzatu 08:00etatik aurrera; gauza bera elkarte gastronomikoetan. Dantzaleku eta pub guztiak itxiko dituzte, eta baita gazteen lokalak ere.

«Ez naiz mediku aditua, baina argi dago birusak ez duela orduen arabera gehiago ala gutxiago kutsatzen», azpimarratu du Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaileak. Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurri batzuk «ulertezinak» direla uste du: «Segurtasuna baldin bazen helburua, aukera gehiago zeuden». Iragarritako neurriak birpentsatzeko eta sektorea laguntzeko plan bat galdegin die erakundeei. «Ostalari askok, bestela, ezingo dute iraun», ohartarazi du. Gauza bera eskatu du Kino Martinez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusiak; zehazki,beste sektore batzuei emandakoarenantzeko tratua ematea. «Gure negozioak ixten direnean, zergatik ez da martxan jartzen erreskate ekonomikorako plan bat?».

Ostalarien arabera, zenbait erabaki ez dira behar bezala argudiatu. Sanchezen ustez, ulertzen zailena da gaueko aisialdiko establezimenduei irekitzeko ezarritako debekua. Uste du erabakia ez dela legezkoa, kategoria hori duten tabernek egunez irekitzeko «legezko ahalmena» dutelako. «Horietako batzuek arratsalde erdian kopak zerbitzatzen dituzte edo terrazak dituzte; ez da ulertzen itxiera erabatekoa izatea». Alternatibak ez zaizkiela eman salatu du. «Musika, ordutegiak edo zerbitzu mota batzuk arautu daitezke, baina ezin da erabateko ixtea agindu: halakorik ez da egiten beste sektoreetan».

Gaueko aisialdiaz gain, taberna eta jatetxeetan, lokalen barrualdean zein kanpoaldean, taldeek ezingo dute hamar pertsona baino gehiago izan. Gainera, bezeroak lokaletan bakarrik egon ahal izango dira eserita, mahaian zein barran, eta 1,5 metroko distantzia mantenduz pertsonen artean, eta ez mahaien artean, orain arte egiten zen bezala. Martinezen ustez, tabernetan zutik kontsumitzeko debekua «amaiera» izango da askorentzat. «Negozio asko daude barra bat direnak eta ezer gutxi gehiago».

Galera handiak

Sanchezen arabera, Bizkaiko tabernen fakturazioa % 50 inguru jaitsi da, eremuaren arabera. Kostaldeko herrietan ostalaritza mantentzen ari da. Hala ere, Bilbon edo Barakaldon egoera oso zaila dela ohartarazi du. Aurrera begira, ostalariek argi dute aldi baterako lan erregulazio espedienteak luzatu beharko direla: oraingoz, irailaren 30era arteko epea dute. «Horiek gabe ezinezkoa da lan kostuei eustea», azpimarratu du Sanchezek.

«Denok pentsatzen dugu lan erregulazioetara itzultzea», aitortu du Juan Carlos Antolin Arabako SEA ostalarien elkarteko presidenteordeak. «Udazken zail baten ideia saldu ziguten, baina birusaren agerraldiak aurreratu dira: gobernuak hartutako erabaki berriekin eta jaiak ez ospatzeko erabakiarekin, askok ezin izango dute urte amaierara arte iraun». Antolinen arabera, Araban Bizkaian baino handiagoa izaten ari da fakturazioaren jaitsiera: % 70. «Nahiago dut urte amaierara artekoan ez pentsatzea, baina erabateko hondamendia izango da». Antolinek aurreratu du taberna askok itxi egin beharko dutela, kaleratzeak egongo direla edo ez ordaintzeak ugarituko direla, eta hori beste sektore batzuetan ere nabarituko dela, ostalaritzak ekonomian duen pisuagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.