Osasunari eta ekonomiari batera erantzutea nahi dute ekonomistek

Ekonomistak elkargoaren Ekonometroak islatu du erretiratuen artean dagoela osasuna lehenestearen aldeko iritzi gehien. Ekonomistek uste dute susperraldi ekonomikoak 2022 arte itxaron beharko duela

Tabernak itxita, Iruñean, koronabirus kutsatze maila handia dela eta. IÑIGO URIZ / FOKU.
xabier martin
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Aurreikus daiteke adinean sartutakoak direla gizartean kezka handiena dutenak koronabirusa dela eta; bada, Ekonomistak elkargoak bere kideen artean egiten duen Ekonometroa inkestak joera hori berretsi du. Zer lehenetsi behar da, osasuna ala ekonomia? Galdera horri erantzunez, ekonomisten %20k egin dute osasunaren alde, eta horien artean gehienak erretiroa hartutakoak izan dira. Bakarrik %3,7k egin dute, berriz, ekonomiaren alde; eta galdekatuen gehien-gehienek (%75) esan dute osasunaren eta ekonomiaren arreta bateratu eta paralelo bat egon behar duela. Baina, esan bezala, ehunekoak aldakorrak dira kolektibo batzuetan: 30 urtetik beherakoen %15ek eta langabeen %10ek uste dute ekonomia lehenetsi behar dela. Aldiz, erretiratuen artean, inork ez du lehenetsi ekonomia osasunaren aurretik.

Horiek horrela, gutxienez 2022ra arte itxaron beharko da egoera ekonomikoak koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa gaindi dezan. Hala uste dute Ekonometroan parte hartu duten 508 ekonomistek. Elkargoak sei hilean behin egiten du azterketa hori. Krisi ekonomikoa gainditzeko prozesua mantsoa izango dela islatu du abenduko txostenak. Erantzunen %49,2ren arabera, 2022an suspertuko da ekonomia, baina lautik batek behintzat (%28,8) uste du 2023ra arte itxaron beharko dela. Erantzunen laurdenen arabera, berriz, krisia 2021ean konponduko da. Soilik %2,6k uste dute susperraldia 2021eko lehen seihilekoan izango dela, baikorrenek, eta %19,4k uste dute 2021eko bigarrenean izango dela.

Hala, datorren seihilekorako, %43,1ek uste dute bilakaera ekonomikoak negatiboa izaten jarraituko duela; aldiz, %41,2k uste dute egoera ekonomikoa hobetu egingo dela. Ezkorragoa da enpleguaren bilakaerari buruzko aurreikuspena; izan ere, gehiengoak (%67,4) uste du langabezia handitu egingo dela datozen sei hiletan. Gazteenak dira ezkorrenak, eta talde horren barruan inork ez du espero 2021ean susperraldirik izaterik. Are, %42,7k uste dute susperraldia 2023an izango dela.

Langabezia, gora

Langabeziaren bilakaerari dagokionez, inkestan parte hartu duten ekonomisten %67,4k uste dute langabeziak gora egingo duela datozen sei hilabeteetan. %38,4k uste dute hazkunde txiki bat izango dela, eta %29k esan dute hazkunde hori handia izango dela. Aldiz, %19,4k uste dute langabezia apur bat murriztuko dela, eta %2,6k diote langabeziaren murrizketa handia izango dela. 2020ko ekaineko Ekonometroaren aldean, datuak ez dira hain ezkorrak langabeziaren bilakaerari dagokionez.

Europako funtsen bidez bideratu beharreko egiturazko erreformei buruz ere galdetu du elkargoak. Hamarretik zazpik uste dute osasun sistemaren erreforma dela lehentasunezkoa; hamarretik seik, hezkuntza sistemak duela lehentasuna, eta erdiek baino gehiagok diote lan merkatua dela garrantzitsuena. Ekonomisten iritziz, Europako funtsak osasun publikoa sendotzera bideratu beharko lirateke, zuzenean, eta lehentasun moduan. %31k uste dute hori izan behar dela lehen aukera, eta %28k uste dute industria sarearen modernizazio eta digitalizazioa lehenetsi behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.