CAFeko zuzendaritzaren jarrera salatzeaz gain, Osalan eta administrazio publikoa jopuntuan jarri ditu enpresa batzordeak, abuztu amaieran pabiloi batean azaldutako amiantoaren kudeaketagatik. Beasaingo lantegiko (Gipuzkoa) enpresa batzordeko kideek agerraldia egin dute gaur, Osalanen Donostiako egoitzan, Irungo lantegiko (Gipuzkoa) beharginekin batera.
Asier Zubeldia enpresa batzordeko kidearen arabera, lan osasuneko prebentzio ordezkariak abisua eman eta zazpi egunera bertaratu zen Osalan. Horrez gain, Zubeldiak adierazi du Osalanek CAFekin soilik izan duela harremana.
Amiantoaren aurkako protokoloa ere zalantzan jarri du Zubeldiak: «CAFen pareko enpresa batean horrelako zerbait pasatu bada, zer pasatuko ote da amiantoa kentzen den gune guztietan?». Zubeldiaren ustez, egungo egoera eragozteko modukoa zen, baina enpresak ekoizpena jarri du langileen osasunaren aurretik.
Laurehun kaltetu
Beasaingo lantegiko 4. pabiloian aurkitu zuten amiantoa, abuztuaren amaieran, eta sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenaren arabera, baliteke laurehun langile inguru egotea kaltetuen zerrendan, azpikontratetako eta bestelako langileak barne. Zubeldiak esan du enpresak kaltetuen zerrendan onartu dituela 7, 8 eta 9. pabiloietako langileak, baina atzo bertan ordezkariek salaketa jarri zuten Osalanen eta Lan Ikuskaritzan, 1, 2, 3 eta 5. pabiloietako langileak ere sartzeko.
Nahiz eta beste pabiloi batzuetako langileak zerrendan sartu, ordezkariek salatu dute enpresa trabak jartzen ari dela denei osasun probak egiteko. Normalean, espirometriak eta biriketako plakak egiten zaizkie, baina esan dute azken horiek egiteko eragozpenak jarri dizkietela. Ordezkariek azpimarratu dute frogatuta dagoela esposizio txikia izanik ere amiantoak arazo larriak eragin ditzakeela, eta horregatik eskatu dutela denei proba guztiak egiteko.
Azkenik, ordezkariek azaldu dute beste pabiloi batzuetan amianto arrastoak geratu direla garbiketa lanak eginagatik, eta atzo Osalanen eta Lan Ikuskaritzan egindako salaketetan ere gehitu dute horrekin lotutako erreklamazio bat, pabiloi horiek berrikus ditzaten.