Jokaleku ekonomiko «ezegonkor» honetan haizea alde duen enpresarik ere bada Euskal Herrian. Horietako bat Orona igogailuen fabrikatzailea da. Batzarra egin du gaur Hernanin (Gipuzkoa), 2024ko kontuak onartzeko, eta, komunikabideei bidalitako oharrean azpimarratu duenez, 2024an 1.111 milioi euro fakturatu ditu, «inoizko gehien», eta aurreko urtean baino %10 gehiago.
Halaber, 168 milioi euroren irabaziak izan ditu, zergak deskontatu gabe. Etekin horiek aurreko urteetakoak baino handiagoak direla nabarmendu du, baina ez du zehaztu zenbat. Sortutako enpleguari buruzko daturik ere ez du eman, baina azpimarratu du «lanpostuak sortzen jarraitzea» duela helburuetako bat aurrera begira. Gaur egun 6.486 pertsonak osatzen dute lantaldea. Eman duen beste datu bat inbertsioena da: 18 milioi euro 2024an. Azaldu duenez, «batez ere teknologia berrietan eta I+Gn» erabili du diru hori.
Orona kooperatibak 2022ko abenduan utzi zuen Mondragon taldea, Ulmarekin batera, korporazioaren kudeaketa ereduarekin bat ez zetozela argudiatuta. Orona 1968tik zegoen Mondragoni atxikita, eta taldearen ikurretako bat zen.
Europa begiz jota
Bazkideak erabaki hori hartzera eraman zituen arrazoien artean pisu handia izan zuten azken urteetako emaitza onek eta nazioartekotze estrategian sakontzeko asmoek. Horren harira, konpainiak esan du 2030era arte diseinatutako ibilbide orrian aurrera egiten ari dela, eta horren helburu nagusia «Europako merkatuan sendotzea» dela.
«Jokaleku globala urtetik urtera aldakorragoa eta konplexuagoa dela ikusita, kooperatibak tinko segitzen du Europan enpresa proiektu sendo eta lehiakor bat zehazten jarraitzeko», azpimarratu du gaztelania hutsean idatzitako ohar batean. Gaineratu du ostiral honetan egindako batzarrean datozen urteetarako helburuak berrikusi eta hobetu dituztela, «bai negozio datuei dagokienez, bai lanpostuak sortzeari dagokionez». 2030era begirako plan estrategikoan helburu gisa azaltzen dira, besteak beste, 1.500 milioi euro fakturatzea eta 8.000 pertsonako lantaldea osatzea.
Konpainia gaur egun 13 herrialdetan dago, eta 100 herrialde baino gehiagotara esportatzen du. Esan du Europako igogailu ekoizleen artean erreferente bat dela, berak duela «gaitasun handiena»: urtean 30.000 unitate egin ditzakeela zehaztu du. Eta berea dela kontinentean egindako hamar igogailutik bat. Gaineratu du gaur egun 300.000 dituela martxan eta urtean 25 milioi pertsonak erabiltzen dituztela.
Ekoizpen datuak alde batera utzita, Oronak esan du gaurko batzarrean sozioek erabaki dutela Naturklimak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuak sustatutako Gipuzkoako borondatezko karbono funtsarekin bat egitea. Eta erantsi du kooperatibak «inguruko eragileek sustatutako biodibertsitate proiektuak» babestuko dituela aurrerantzean ere.