Orkestraren arabera, emakumeen eta atzerritarren lan indarra «desaprobetxatuta» dago

Andreei dagokienez, galga nagusia zaintza lanak direla ondorioztatu du. Migratzaileei buruz, lehiakortasun institutuak uste du prestakuntza sisteman ere integratu behar direla.

Emakume bat, Donostiako taberna batean lanean. JUAN HERRERO / EFE
Emakume bat, Donostiako taberna batean lanean. JUAN HERRERO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko azaroaren 20a
17:30
Entzun

EAEko ekonomia ez da behar bezala aprobetxatzen ari emakumeen eta atzerritarren lan indar edo gaitasuna, eta horrek oztopatu egiten du hemengo ekonomiaren garapena eta gizarte inklusioa. Hala ondorioztatu du Orkestra Deustuko Unibertsitatearen lehiakortasun institutuak bere urteroko txostenean. Gaur aurkeztu dute, Gasteizko Artium museoan. Gazteen egoerarekin ere kezkatuta agertu da, «talentu asko» ihes egiten ari delako, bereziki emantzipatzeko dituzten zailtasunengatik, etxebizitzen prezioengatik, eta soldatek, oro har, ez dutelako horietarako sarbidea ahalbidetzen.

Egoera horiei erantzuteko, Orkestrak emakumeak, atzerritarrak eta gazteak lan merkatuan sartzea lagunduko duten mekanismoak abian jartzea proposatu du, besteak beste, trebakuntza programen bidez edo kanpoan lortutako tituluak homologatzeko prozesuak bizkortuz, migratzaileei kualifikazio handiagoko enpleguetarako sarbidea errazteko. Horrekin batera, adierazi du enpresetan belaunaldi erreleboa bultzatzeko politikak gehiago sustatu behar direla.

Txostena aurkezteko egindako ekitaldian, Gasteizko Artium museoan, Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak ohartarazi du biztanleria zahartu batek eta, jatorriari dagokionez, duela urte batzuetakoa baino «askoz ere askotarikoagoa» den gizarte batek, «ondorio garrantzitsuak» dituela EAEko ekonomiaren lehiakortasunean. «[Emakumeen, atzerritarren eta gazteen] integrazioa beharrezkoa da jarduera tasak handitzeko, belaunaldi erreleboa ziurtatzeko eta sektore estrategikoetan talentu beharrari aurre egiteko».

Zaintza eta soldata arrakala

Generoak, jatorriak eta adinak EAEko ekonomiaren eta enpresen lehiakortasunean zer eragin duten aztertu dute txostenean. Emakumeei dagokienez, ondorioztatu dute zaintza lanak direla lan merkatuan integratzeko eta beren ibilbide profesionala garatzeko aurkitzen duten oztopo nagusietako bat. James Wilson Orkestrako ikerketa zuzendariak zehaztu duenez, emakume landunek batez beste egunean ia bost ordu egiten dituzte seme-alaba adingabeekin; gizonek, ordea, egunean hiru ordu eta erdi inguru. Adinekoen zaintzarekin «antzeko zerbait» gertatzen dela gaineratu du.

«Integrazioa beharrezkoa da jarduera tasak handitzeko, belaunaldi erreleboa ziurtatzeko eta sektore estrategikoetan talentu beharrari aurre egiteko»

MARI JOSE ARANGURENOrkestra institutuko zuzendari nagusia

Jatorriari dagokionez, Wilsonek azaldu du atzerritarrak direla lan egiteko adinean dauden biztanleen %17 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gehien-gehienak piramide demografikoaren erdi-erdian daudela; alegia, lan egiteko adinik egokienetan. Hala ere, ohartarazi du enpresak ez direla haien lan indarra behar bezala baliatzen ari.

Zergatik? Txostenean jaso dutenez, lan merkatuak migratzaileak «diskriminatzen» ditu; nagusiki, oinarrizko lanbideetan aritzen dira, eta, euskal jatorriko langileekin alderatuta, batez beste %34,3 gutxiago kobratzen dute. Orkestrako ikertzailearen arabera, beharrezkoa da pertsona horiek «prestakuntza sisteman ere integratzea, enpresen beharrekin bat etor daitezen».

Gazteak atzerrira

Txostenaren egileek gazteen egoerari ere erreparatu diote. Ikasketak amaitu ostean, Euskal Herriko gazte ugari atzerrira joaten dira, han lan baldintza hobeak eskaintzen dizkietelako, eta horrek eragin zuzena du hemengo ekonomiaren lehiakortasunean. Orkestraren arabera, soldaten alorrean ahalegin handiagoa egin beharko lukete enpresek. Ikerketan jaso dutenez, soldata arrakala %27,9koa da 25-34 urteko langileen eta 55 urtetik gorakoen artean. Horrek, ikertzaileen arabera, eragin zuzena du gazteek etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunean. Hala, ikerketak dio 2023an EAEn etxebizitza premian zeuden herritarren %83 emantzipatu gabeko 18 eta 44 urte arteko pertsonenak zirela.

Susana Franco ikertzaileak azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ongizate maila handia da, baina zenbait alderdik arreta berezia eskatzen dute, «benetako ongizate inklusiboa lortzeko». Antzera mintzatu da Ivan Marten Orkestrako presidentea. Hemen bizi diren «pertsona guzti-guztien gaitasunak» aprobetxatu behar direla azpimarratu du. «Aniztasunaren kudeaketa estrategikoa egiteak adin, genero eta jatorri guztietako pertsonen gaitasunak garatzea eta pertsona horien parte hartzea erraztuko duten ekimenak bultzatzeak eragin positiboa izango du berrikuntzan, produktibitatean eta lehiakortasunean».

Zifrak

%18,1

Enpresen errentagarritasuna. Orkestra institutuaren adierazleen panelaren arabera, 2023an ekonomia eta enpresa sistemarekin loturiko adierazle guztiek bilakaera positiboa izan zuten: enpresen errentagarritasunak gora egin zuen (%18,1), langile bakoitzeko lan kostuek behera egin zuten (-%2,62) eta produktibitatea hobetu egin zen (%4,9). Langabeziak ere behera egin zuen (-%12,1).

-%1,7

Herritarren ongizatea. Ongizatea neurtzen duten adierazle batzuek okerrera egin zuten: adibidez, bizitzarekiko gogobetetasunak (-%1,7). Etxeetako errentaren medianak ere bigarren urtez jarraian behera egin zuen (-%2,4), eta pobrezia energetikoa handitu egin zen (%23,6).

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.