Orkestrak beharrezkotzat jotzen du fokua «erresilientzian» jartzea

«Inklusiboagoa eta iraunkorragoa» izango den lehiakortasun eredu batera aldatu behar dela dio. Trantsizioaren aukera berriei begiratu die

Orkestrako arduradunak, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
2020ko urte beltzeko lehiakortasun txostenean, Orkestra Institutuak ariketa berezia egin du pandemiak gogor zigortutako euskal ekonomiak dituen erronkak aztertzeko, eta haietan aukerak bilatu eta topatzeko. Trantsizio digitala, ekonomia berdea, osasuna eta zaintza oinarri dituen ekonomia fundazionala, espezializazio adimentsua... Horietan guztietan ikusten ditu aukerak Orkestraren txostenak.

Institutuko ikertzaileen arabera, krisiari aurre egiterako orduan, euskal ekonomiaren eta euskal enpresen egoera hobea zen 2008ko krisiaren bezperetakoa baino. Hala ere, pandemiaren aurretik kalitatezko enplegua sortzea zen ekonomiaren erronka nagusia, eta hori ez da aldatu.

Koronabirusaren inpaktuaz, berriz, Orkestrak azaldu du oso desberdina izaten ari dela sektoreka. «Eraginak bereziki larriak izan dira hurbiltasuneko sektoreetan, esate baterako, ostalaritzan eta merkataritzan; baita kanpoarekiko oso irekiak diren sektoreetan ere, hala nola garraio materialean, metalurgian, eta kautxuan eta plastikoetan adibidez; eta gizarte jarduerarekin lotutako sektoreetan ere bai, aisia eta kultur jardueretan kasu».

Luzera begiratu beharra

Pandemiaren ibilbideak oraindik gauza asko baldintza ditzake, baina luze gabe izango diren erresistentzia neurriez gain, luzera ere begiratu behar dela uste dute Orkestrako buruek. Ildo horretan, Ivan Marten Orkestrako presidenteak erronkaren gakoak identifikatzearen garrantzia nabarmendu du, aukerak eta lurraldeak berak dituen indarguneakbehar bezala baliatzeko: «Jakin badakigu gaur egungo egoera larria dela, baina gure lurraldeak aktibo asko ditu erronka honi arrakastaz aurre egiteko».

Urrunagora begira, «fokua erresilientzian» jarri behar dela uste du Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak, eta inklusiboagoa eta iraunkorragoa izango den beste lehiakortasun eredu baterantz abiatu.

Horretarako, zazpi erronka-gomendio eman ditu Orkestraren txostenak. Hala, uste du pandemiak bizkortu duen trantsizio digitalizazioaren erronkak aukerak ere ekar ditzakeela. «Baina enpresen, administrazioen eta, oro har, gizartearen trebetasunak eta gaitasunak hobetu behar dira, digitalizazioak negozio eredu berriak ekar ditzan eta herritarrek zerbitzu digital gehiago eska ditzaten». Iraunkortasuna eta ekonomia berdea ere aukera izan daitezke, eta hiru arlo aipatu ditu Arangurenek: elikagaiak, mugikortasuna eta energia.

Era berean, pandemiak erakutsi du zeinen funtsezkoa den ongizaterako eta beste sektore batzuen erresilientziarako ekonomia fundazionala, zeinak osasuna, elikadura, hezkuntza edo zaintza hartzen dituen barne. Hori bai, trantsizio horietarako laugarren erronka bat ere badu euskal ekonomiak, Orkestraren ustez, eta hori da gaitasunena.

Gaitasunen etengabeko bilakaeran eta prestakuntza moduak egokitzen lan egitea ezinbesteko ikusten du txostenak, «trantsizioak bultzatzeko behar diren gaitasunak izango dituzten pertsonak izan ditzagun».

Administrazio arinagoa

Enpresek eta pertsonek soilik ez, administrazio publikoek ere izango dute zereginik etorkizunean, eta «administrazio digitalagoa, arinagoa eta herritarrekiko hurbilagoa lortzeko pausoak ematen jarraitu behar» dela dio Orkestrak. Eraginkortasun hori behar-beharrezkoa izango da Europako funtsetatik iritsi daitekeen diruak behar bezala baliatzeko, baita trakzio lana egiteko ere.

Hain zuzen, administrazioen arteko elkarlaneko gobernantza eredua eta horretarako mekanismoak lantzea ere beharrezkoa ikusten du Orkestrak, «rolen banaketa argia bermatuz, bikoiztasunak saihesteko eta sinergiak aprobetxatzeko».

Espezializazio adimentsuko estrategia sendotu beharra da Lehiakortasun Institutuaren arabera, ekonomiak duen beste erronka garrantzitsua, eta hari iraunkortasunaren dimentsioa gehitu behar zaiola uste du. «Horrek aukera emango du lankidetza publiko-pribatuan sakontzeko, palanka izan dadin susperraldia eta trantsizioak bultzatuko dituzten proiektu komunak sortzeko, lankidetza publiko-pribatuko mekanismoez baliatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.