Lanbide. Orientazioa

Orientazio lanetarako astirik gabe

Enplegua sustatzeko lanak egin ezinean dabiltza Lanbideko bulegoetan, eta ordezkariek uste dute asko apaldu dela zerbitzuaren kalitatea, DSBEaren kudeaketak hartzen duelako lan denborarik gehiena bulegoetan.

LANBIDE - ENPLEGUA
Gasteizko Txagorritxu auzoko bulegoa, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak enplegu arloan politika aktiboak egiteko eskumena du soilik, eta Lanbide da horren arduraduna, 2011. urteko urtarrilaren lehenean bulegoak ireki zituenetik. «Orientazioa, formakuntza eta prospekzioa» dira Lanbideren eginkizun nagusiak, Nagore Ripalda ELAko delegatuaren arabera. Baina ez dute astirik. «Langileek ez dute denborarik orientazioa egiteko».

Ripaldaren ustez, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentan dago gakoa. Izan ere, azken urteetan Lanbideren eskuetan egon da haren kudeaketa, eta langileei denbora gehiegi eskatzen die. Orientazioak itxaron dezake, baina DSBEa ahalik eta azkarren kudeatu behar da. «Gure agenda DSBErako hitzorduek betetzen dute, eta ahal dugunean orientazioa egiten dugu. Lanbide orain ez da enplegu zerbitzu bat, baizik DSBEa kudeatzen duen zerbitzu bat», adierazi du.

Mattin Etxabide Lanbideko LABeko ordezkariak uste du orokorragoa dela Lanbideko arazoa. «Bulego askotan atzerapen handia daukate, eta hori baliabide faltagatik gertatzen da, baina baita funtzionamendu eta lidergo faltagatik ere».

Orientazioa, pribatizatua

Lan bila daudenak edo lanez aldatu nahi dutenak orientatzea da Lanbideren eginkizun nagusia; enplegu politika aktiboak egitea, azken finean. Bada, zerbitzu hori ondo emateko ezintasuna dela eta, Lanbidek urteak daramatza zerbitzu horiek entitate kolaboratzaileen esku uzten.

Ripaldak azaldu du Lanbideko teknikari gehienak orientatzaileak direla, eta asmo horrekin sartu zirela bertan lan egitera, baina ez dutela horretarako denborarik. «Eskualde bakoitzean entitate ezberdinak daude, eta dirua ematen diete guk orientatu ezin dugun jendea artatu dezaten. Eta gu, berriz, egin nahi dugun lan hori egin gabe geratzen gara».

EAJ eta PSE-EE Eusko Legebiltzarrean onartzekoak diren enplegu legeak, gainera, arazo hori betikotuko duela ziur da Etxabide. «Aurreikusten da Lanbideren aurrekontua handitu egingo dela Europako funtsekin, eta uste dugu negozio aukera handia sortuko dela hor; Lanbide indartu beharrean, administrazioaren apustua izango da orientazioa eta beste zerbitzu batzuk kanpora ateratzea».

Etxabideren ustez, Lanbideren orientazio zerbitzua «indartzeko» aukera dago, baina, aurrez aipatutako lidergo faltagatik, kanpoko entitateen bidez egingo da lan hori. Lanbideko langileek barne-barnean sufritzen dute arazo hori: «Hemen daramadan denboran harritu nauen gauza bat da langileek zer-nolako inplikazioa duten Lanbiderekin. Haren parte sentitzen dira, eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuetan ez da ikusten hori».

Proba pilotuak

Etxe barruko egiturazko arazo horiek konpontzeko asmoz, Lanbidek funtzionamendu berri bat diseinatzeko kontratatu zuen Deloitte aholkularitza multinazionala iaz, 1,3 milioi euro ingururen truke. Ripaldak azaldu duen moduan, bulegoetako teknikariak bitan banatuko dituzte: batzuk espresuki DSBEaren kudeaketaz arduratuko dira, eta besteek enpleguarekin zerikusia duten zereginak hartuko dituzte, enpresekin harremana izatea eta orientazioa, adibidez. Bulego batzuetan proba pilotuak egiten ari dira, Lasarte-Oriakoan (Gipuzkoa) eta Donostiako Antigua auzokoan, esaterako.

Etxabide eta Ripalda ados daude itxura ona duela funtzionamendu berriak, baina probak gaizki ateratzen ari direla adierazi dute biek ala biek. ELAko ordezkariak dio arazo asko daudela, baina arduradunak ez direla horren jarraipena egiten ari.

Etxabidek ere «primeran» ikusten du lanaren banaketa hori, baina uste du ez direla jarraipenik egiten ari: «Gizarte langileekin ez dago inongo koordinaziorik eta kohesiorik, eta, askotan, Lanbideko langilearen borondatearen esku geratzen da. Ez dago modu antolatu edo formal bat». Arazo horiei aurre egiteko esku hartzea falta dela uste du: «Normala da arazoak egotea; plan pilotuak horretarako dira, gabeziak identifikatzeko, baina gabezia horietarako neurriak hartzea eta erantzunak ematea falta da».

Ripaldaren arabera, ziurrenik urtarrilean hasiko dira bulego guztietan funtzionamendu berriarekin, nahiz eta probak ondo ez atera.

Bulego falta

Lanbideko bulegoetako langileak lanez lepo daude, Ripaldaren esanetan. Une oro lan ezberdinak egiten dituztela dio: «Hori eromena da. Jende asko gaixotzen ari da, eta baja hartzen ari da. Eta hartzen ez dutenak sufritzen ari dira. Hortaz, giroa oso txarra da oraintxe». Eta ez du uste Deloittek diseinatutako aldaketa horrek eragin handirik izango duenik.

Bulegoetan, baina, ez dira langile gehiago sartzen, nahiz eta lan guztia egitera ezin iritsi ibili. Bulego gehiago behar direla uste du Ripaldak, eta Irun (Gipuzkoa) jarri du adibide. Izan ere, Irungo Lanbideren bulegoan udalerriko posta kode guztietako biztanleak hartzen dituzte, baita Hondarribikoak ere. Ia 80.000 pertsona dira guztira. «Gainezka» daude langileak.

Herriaren ezaugarrien arabera, gainera, asko aldatzen da DSBEaren eskarien kopurua. Irunen, batez besteko errenta txikiko udalerri askotan gertatzen den moduan, baztertuta dauden familia asko daude, eta errenta eskariak handiagoak dira, beraz: «Irunen DSBE mordoa dago».

Gainera, hilabetero bulegoen zerrenda kaleratzen da, bakoitzak zenbat lan egiten duen ikusteko eta ondoren kontuak eskatzeko. «Kanpoan jendeak ez daki gu horrela gaudenik», adierazi du Ripaldak, atsekabez.

Bulego eta pertsonal falta ez ezik, lantokiek gaur egun dituzten baldintzak ere zalantzan jarri ditu Etxabidek. «Bulego askotan, arretarako baldintzak ez dira oso egokiak: jende pila, mahaiak bata bestearen ondoan... Orientazio saio batean pertsona batekin konfiantzazko esparru minimo bat lortzeko baldintzarik ez dago».

Behar sozialak identifikatzea ere bada Lanbideko administrarien eta teknikarien lana, eta lantokien baldintzek lan hori ondo egitea zailtzen duela uste du Etxabidek. Hori dela eta, Lanbidek pertsonal gehiago behar duela uste du, «zalantzarik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.