Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma

OREKARI EUSTEKO BESTE BERRITZE BAT

Europako Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratu berria balantzan dabil eredu ekologiko baten eta sektorearen errentagarritasunaren artean. Euskal Herriko erakundeek eta sindikatuek balorazio gazi-gozoa egin dute, eta ohartarazi dute erabaki garrantzitsuak hartzeko daudela oraino.

Barazkiak. NPBa eta beste hainbat behar dituzte nekazariek beren jarduna bideragarri izan dadin. ANDONI CANELLADAN / FOKU.
Aitor Biain -Joxerra Senar - Ekhi Erremundegi Beloki
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Atzerapenarekin bada ere, Europako Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) berritzeko proposamenak egin du lehen urratsa. Bi urte eta erdi negoziatzen aritu ondoren, 2023tik 2027ra artean nekazaritza arloan indarrean izango diren politika ildoak finkatu dituzte estatu kideetako ministroek, eta aurrekontu bat ere zehaztu dute dagoeneko. Testuak parlamentuaren babesa du, eta diru laguntzen banaketa zein irizpideen arabera egin erabakitzen ari dira orain. Erreforma onartu ahal izateko asko geratzen da oraindik, ordea, eta aldaketa asko izan daitezke oraindik bide horretan. Baina orain artekoak erakusten du Europako ikurretako bat den tresnak berrikuntzak izango dituela, eta ez nolanahikoak gainera. Nekazaritza eredu ekologikoago baten aldeko eskarien eta sektoreko profesionalen errentagarritasun eta lehiakortasun eskakizunen arteko orekari nola eutsi, horra erronka nagusia.

Zer-nolako erreforma izango da?

Brexit-a gauzatu ondorengo lehen erreforma da, eta hasieran uste zenaren kontrara, Erresuma Batuak Europako Batasuna utzi izanak ez dio horrenbeste eragingo NPBren aurrekontuari, gaur-gaurkoz bederen; orain arteko kopuruari eutsiko dio, hein batean, ia 390.000 milioi euroko poltsa izango baitu. Albiste ona da hori, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordearen iritziz, hasierako aurreikuspenak «oso ezkorrak» baitziren: «Aurrekontua %9 inguru jaistea aurreikusten zen NPBren lehen zutaberako, eta %20 bigarren zutaberako». Hori horrela, azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazariek eta abeltzainek urtean 65 milioi euro jasoko dituztela, azken urteetan egin bezala. Orozek, baina, bereziki azpimarratu du Bruselak estatuei izaera subsidiarioa aitortu izana, uste baitu modu horretan politikak hobeto egokituko dituztela lurralde bakoitzaren egiturazko errealitatera.

Ignacio Gilek ere begi onez hartu du testua. Nafarroako Gobernuko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak uste du NPB berriak «helburu anbiziotsuak» dituela, ingurumen arloan batik bat, eta «funtsezko aldaketak» ekarriko dituela. Horiei aurre egiteko aurrekontu handiagoa eskatu du, halere. Ez daki, ordea, Nafarroako nekazariei dagokien dirua igo edo jaitsi egingo den. «Ez dugu kalkulurik egin, ia ezinezkoa baita».

Sindikatuek zalantza gehiago dituzte, ordea. Jean Paul Duhalde ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuneko kideak oroitarazi du, hain zuzen, erreforma Frantzian egindako diagnostiko batekin abiatu zela: «Biziki ona zen. Hori ikustearekin, uste genuen aldaketa handiak izanen zirela, ohartzen baitziren zinez orain arteko laborantza politikak izan dituen kalteez, bai ingurumenean, bai maila sozialean». Haren iritziz, baina, NPB berriak ez ditu «arazo premiatsuak konponduko».

Javier Torre UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko presidenteak ere uste du nekazariek eta abeltzainek «antzera» kobratzen jarraituko dutela, «Europa mailako gerra bat egon ez dadin». Zalantza egiten du, ordea, «NPBak behar dituen aldaketak eta helburuak» adostearekin. «Bi urtetik behin adabaki bat egiten diogu, eta hau ere ez da gutxiago izango».

Laguntzak norentzat?

Galdera nagusietako bat da, nagusiena ez bada: nork jaso ditzake diru laguntzak? Izan ere, NPB berritu den aldiro aldatu da nekazarien definizioa ere, UAGAko presidentearen hitzetan: «Nekatuta gaude aldiro izena aldatzeaz. Nekazariak gara, eta punto». Azken berritzearen ondotik, nekazari aktiboak deitu izan zaie diru laguntzen onuradun potentzialei, eta orain, aldiz, benetako nekazariak izena eroango dute. Baina zer esan nahi du horrek? Bada, laguntzak jaso nahi dituenek ziurtatu beharko duela bere diru sarreren zati bat nekazaritza edo abeltzaintza jarduerari esker irabazten duela.

Baina zenbatekoa da kopuru hori? «Hor dago gakoa, eta hori da eztabaida», Xabier Iraola Enba Euskal Nekazarien Batasuneko idazkari nagusiak azaldu duenez. Estatuen esku dago erabaki hori. «Guk eskatzen dugu nekazari profesionalak lehenestea, eta denentzako aukera baldin badago, orduan aztertzea beste aukerak».

Eskari bera egin du UAGAk ere. Izan ere, Espainiaren kasuan, erkidegoei proposatu die kopuru hori %20 eta %30 artekoa izatea, eta horrek ekarriko luke orain aintzat hartzen ez diren sektore batzuk ere laguntzen banaketaren parte izatea. «Hala balitz, gerta liteke nahikoa irabazi ez izatea gure lana egin ahal izateko. Erosahalmen handia galdu dugu azken urteetan NPBren erreformekin», salatu du Torrek.

Duhalderen iritziz, hala ere, arazoa diru banaketan dago:«arrunt okerra da», esan du ELBko laborariak. «Jakin behar da NPBren bidez banatzen den diruaren %80 laborarien %20k ukitzen dutela». Horregatik, etxalde txikiak gehiago babestu behar direla uste du; zuzeneko laguntzak jasotzean etxaldeek gehieneko muga bat izan dezatela ere eskatu du.

Nekazaritza berdeagoa

Bruselaren proposamenak nekazaritza ekologikoago baten aldeko «apustua» egin nahi duela dio. Horretarako, laguntzak jasotzeko baldintzak ingurumenaren aldeko konpromisoei eta jarduerei lotuta egongo dira. Hau da, orain arte laguntza osagarriak zirenak oinarrizko errentaren parte izango dira aurrerantzean, eta, beraz, derrigorrez bete beharko dituzte irizpide horiek laborari guztiek. Nolanahi ere, jarduera are «berdeagoak» sustatu eta nekazariek oinarrizko errenta osatu ahal izateko, laguntza lerro berri bat sortu dute: ekoeskemak.

Hego Euskal Herriko erakundeek begi onez hartu dute aldaketa. «Beste bultzada bat emango die Euskadiko nekazaritza ekologikoaren garapenari», esan du Orozek. Eta erantsi du erronka berriei aurre egiteko «posizio onean» dagoela EAEko nekazaritza sektorea. Hala uste du Gilek ere, Nafarroari dagokionez. Nola Jaurlaritzak hala Nafarroako Gobernuak kezka adierazi dute, ordea, ekoeskemak zein jarduera izango diren zehaztu gabe dagoelako, eta horrek, euren politiketan eragin dezaketelako.

Kezka horrekin bat egin du Enbak ere. Iraolak azaldu du tresna berriak «teorian» nekazaritza «berdeagoa» egiten lagundu dezakeela, baina Euskal Herriaren kasuan, «arazoa berdeagoa egitea baino, abandonua ekiditea da». Bada, mendiko abeltzaintza jarduera ekoeskema gisa onartzeko eskaria egin du. «Bestela, berdeagoa egin nahi horrek kontrakoa eragin dezake».

Hain zuzen, Sebastien Uturriague FNSEA sindikatuko kideak ere laborantza txikia eta mendiko laborantza «sostengatzea» ezarri ditu lehentasun gisa, ohartarazi baitu Pirinio Atlantikoetako departamenduan 2.200 etxalde direla mendian lan egiten dutenak. «Ekologia anitz aipatzen da. FNSEAk eta Pirinio Atlantikoetako laborantza ganberak lan handia egiten esplikatzeko laborari tipiek egiten duten lana. Gizarte zibilari ere esplikatu behar zaio».

Nafarroako EHNEko Imanol Iberok ere positibotzat jotzen ditu ingurumen arloan sartu diren elementu berriak. Baina ohartarazi du Espainiak bere plan estrategikoan dena zehazteko duela oraindik: «Ikusiko dugu estatu mailako proposamen hori nola etortzen den Euskal Herrira».

Estatuen protagonismoa

EB handitu eta aldatu den heinean egokitu behar izan da NPB ere. Helburu komunak dituen plana izanagatik ere, estatuek protagonismo handiagoa hartu baitute pixkanaka haren kudeaketan. Horren erakusgarri da proposamen berria; izan ere, estatu bakoitzaren ardura izango da laguntzak kudeatzea. Plan estrategiko bat egingo dute horretarako.

Bada, Jaurlaritzak salatu du izaera subsidioa ez dela hedatu zerga autonomia duten eskualdeak dituztenetara, eta nekazarien elkarte batzuek egindako eskaerarekin bat eginez, plan estrategiko propio bat eskatu du. Bruselak herrialde bakoitzeko bakarra aurreikusten du. Nafarroako Gobernuak, aldiz, kezka adierazi du erabakiak eskumenetan eragin dezakeelako.

ELBk adierazi du, ostera, zenbait neurri Frantziako Gobernuaren eskuetan utzi izanak ez diola konfiantza handiagoa ematen, azken urteetan eskaera guztiak baztertu dituelako. Neonikotinoideekin izandako jarrera hartu du adibidetzat: «Hautu argi bat egina izan da, ekonomia lehenesteko ingurumenaren kontura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.