CSICeko Itsas Zientzietako Institutuko ikertzailea eta energia gaien inguruko aditu eta dibulgatzailea da Antonio Turiel (Leon, Espainia, 1970). Urte hasieran kaleratu zuen Petrocalipsis: crisis energética global, y cómo (no) la vamos a solucionar. Berriki EHUko Ekopol taldeak hidrogeno berdeari buruz antolatutako hitzaldi batean aritu da.
Erregaiek aspaldiko preziorik garestiena dute. Zergatik?
Prezioen doitze bat espero zitekeen, zenbait faktorerengatik: batetik, upelaren garestitzea, oso nabarmena azken urtean; bestetik, CO2aren gaineko zergak eragiten dio; azkenik, ohiko petrolioaz gain, erregaiak ekoizteko hidrokarburo likido ugari erabiltzen ari dira, eta horiek garestiagoak dira.
Petrolioaren ekoizpena gutxituko dela diozue aditu batzuek, baina LPEE ekoizpena handitzen ari da.
Petrolioaren ekoizpenaren gailurra 2018ko abenduan izan zen. Duela gutxi Saudi Arabiako printzeak esan zuen 2030erako espero zuela Errusiaren ekoizpena eguneko 10 milioi upeletik milioi batera jaistea. Konpainiek gero eta diru gutxiago inbertitzen dute putzuak aurkitzen. 2014tik %60 gutxitu dute horretarako inbertsioa, eta horri gehitu behar diozu gero eta zailagoa dela putzuei errendimendua ateratzea. Hortaz, putzu berriak martxan jarri ezean, ekoizpena erdira jaitsiko da hamar urtean. Errotiko aldaketa dago petrolioaren munduan, eta konpainiak jabetu dira ez dagoela negoziorik egiteko.
Prezioen gorakada, noiz arte?
Aditu batzuen arabera, urte bukaeran upelaren prezioa 100 eta 130 dolar artean egon daiteke, eta hori ekonomiak jasan dezakeenaren gainetik dago. Beraz, atzeraldi baten iragarpena da. Gainera, esanguratsua da lehengai askoren eskasia handia egotea: plastikoa, kobrea, altzairua, aluminioa, kautxua, mikrotxipak, egurra, elikagai batzuk... Hori dena ere bada petrolioaren ekoizpenak goia jo duen seinale.
Trantsizio energetikoa egiteko erritmoa ez da horren azkarra. Zer egoera ekar dezake horrek?
IEAk esan du 2025erako petrolioaren ekoizpena %50 gutxitu daitekeela hipotesirik txarrenean, baina agian %20 jaitsiko da, eta hori ere asko da. Energia berriztagarrietarako trantsizioa, egin nahi zen moduan, ez da posible jadanik. Berandu iritsi gara. IEAk baliabide kritikoen txosten bat argitaratu du, eta hor aitortu du beharrezko baliabide batzuen ekoizpena ahal dena baino gehiago handitu beharko litzatekeela. Litioa, kobaltoa, lur arraroak... Alicia Velerok —baliabide kritikoen arloko Europako ikertzailerik onenetakoa da— dio ez dagoela trantsizio hori egiteko behar den metal eta baliabiderik. Berriztagarrietarako jauzi handi hori sistema elektrikoan oinarritzen da, hau da, bukaerako energia kontsumo osoaren %20 bakarrik. Gainerako %80 hori elektrifikatzea zaila da.
Baliabide batzuen gestioa ezin al da hobetu, esaterako, birziklatuz eta berrerabiliz?
Kudeaketa hobetu daiteke, noski, stockak liberalizatuz, garraiobideak hobetuz eta birziklatze sareak antolatuz... Eraginkortasun eza oso handia da, eta hobetzeko tarte handia dago, bai. Baina horrek baliabide horietako batzuen agortze zantzuak leundu besterik ez luke egingo. Hori adabaki bat izango litzateke, gehienez.
Beraz, zure ustez, desazkunde egoera batera egokitu beharko da, nahiz eta politikoki horren aldeko apusturik ez egin?
Prozesua hasia dago, baina ez gara jabetzen epeekin. Senatuan esan nien gizartearen arlo materiala jaitsi egingo dela eta garrantzitsua dela kudeatzea, horrek ez ekartzeko bizi mailaren jaitsiera. Ahaleginak horretan egin behar dira, proiektu megalomano ezinezkoak bultzatu beharrean.
Europako Ingurumen Agentziak zalantzan jarri du garapenaren eta BPGaren hazkundearen arteko lotura.
Europako Batzordea hartzen ari den erabakiak arazo horretara egokitzeko dira, hein handi batean. Ezin dugu pentsatu trantsizio energetikorako politika horiek denak sortu direla bat-batean kontzientzia ekologikoa hartu dutelako. Haiek badakite krisi energetikoaren ondorioak bizi ditugula, eta irtenbide teknologikoak aurkitzen saiatzen ari dira.
Horrekin lotzen duzu hidrogeno berdearen boom hori?
Eraginkortasun energetiko gutxikoa bada ere, haren aldeko apustua egin dute; Alemaniak bereziki, bere makina industrialari eusteko, besteak beste, hemen ekoitziko den hidrogenoa eramanez. Europako Hidrogenoaren Estrategiak aitortu du kontinenteak ez daukala behar duen hidrogeno guztia ekoizteko baliabiderik; horregatik, adibidez, Alemania Kongon inbertsio handiak egiten ari da, Inga ibaiko enpresa hidroelektriko erraldoi batean.
Zer rol aurreikusten diozu hidrogenoari energiaren arloan?
Makineria astunen flota itzela dugu: kamioiak, garabiak, traktoreak, ontziak, hegazkinak... Horiek denak petroliotik eratorritako erregaiekin funtzionatzen dute. Petrolioa gutxitzen hasi da, eta kalitatekoa are eta gehiago. Gas naturala izan behar zen ordezkoa, baina badakigu hura ere antzeko ataka batean dagoela, hau da, ez du asko falta ekoizpenaren gorenera iristeko. Ordezko erregai bat behar da, eta alternatiba bakarra, gaur-gaurkoz, hidrogenoa da.
Eta kamioi edo itsasontzi elektrikorik ezin da egin?
Zentzugabekeria da. Salgaietarako kamioi bat egiteko, abiadura eta autonomia antzekoari eutsiz, haren pisuaren %80 bateriak hartuko luke. Hidrogenoa da aukera, eta erregai erdipurdikoa da, baina aski da makina astunak mugitzeko. Arazoa da galera handiak dituela errekuntzan. Beraz, hidrolisi bidez sortutako hidrogeno berdearen zati handiena galdu egingo da bidean. Orduan, energia berriztagarrien ekoizpen itzela behar da. Horregatik, Alemania esaten ari da Europa hegoaldeko herrialdeek elkartasunez jokatu behar dutela.
Zein da alternatiba bestela?
Energia tokian tokian aprobetxatzeko sistemak antolatzea da alternatiba, modu eraginkorrago batez, material eta inpaktu gutxiagorekin. Elikadura industria eta banaketa sistema aldatzea, tokiko ekoizpena eta kontsumoa indartuz. Katalunian bi sektore ekonomiko nagusi ditugu: turismoa eta autogintza. Energia krisiak zuzenean eragingo die. Enpleguen laurdenak arriskuan daude, eta ezinbestekoa da alternatibak bilatzea. Ez gara pedagogia egiten ari, eta arriskua dago eredu autoritarioak sortzeko.
Herritarrei esaten zaie aldaketa guztiak beharrezkoak direla klima krisiari erantzuteko.
Klima aldaketa esaten zaiguna baino askoz larriagoa da. Aitzitik, aitzakia moduan erabiltzen ari dira erabakiak hartzeko, eta arazoetako bat da egin behar den ahaleginaren zamarik handiena herritarren gainean uzten ari direla, modu bidegabean, eta hori garbi ikusi da argindarraren fakturaren gaian. Bistan da klima aldaketa ez zaiela asko inporta, planteatzen dituzten alternatiba batzuek ingurumenean duten eragina ikusita...
Krisi energetikoaz garbi hitz egitea da irtenbidea?
Horretaz hitz egingo bagenu, ezinbestean aipatu beharko litzateke kapitalismoaren amaiera, eta nola egin behar den prozesu hori. Baina eztabaida horiekin gizarte antolaketa osoa jarriko litzateke zalantzan, kontsumoa eta ekoizpena, eta hori ez dute nahi. Horregatik inork ez du aipatu nahi energia krisia. Baina baliabideen agortzeaz eta sistemari eusteko ezintasun fisikoaz eztabaidatu behar da. Horri ezikusiarena egiteak amildegiaren ertzera garamatza: ezin diogu betiereko hazkundeari eutsi muga biofisikoak dituen planeta batean.
Energia. Antonio Turiel. Zientzialaria
«Ordezko erregai bat behar dute, eta hori hidrogenoa da»
Antonio Turielen iritziz, energia krisi sakon baten atarian da mundua, petrolio ekoizpena asko gutxitzea espero duelako, besteak beste. Proiektu berriztagarri handien aldeko apustua ez da bidea, haren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu