Ordainduren salaketak preskribatu egin duela argudiatuko du defentsak

Zorrak eskatzeko urtebete zuten hartzekodunek, eta 2014ko ekainean abiatu zen legezko epe hori. Bazkideek «errealitatearen argazkia» izan zuten une oro, Fagor Etxetresnen zuzendaritzak dioenez

Bergarako epaitegira joandako Ordainduko eta Eskuratuko hainbat kide; erdian, gorbatarekin, Raul Tenes. X. MARTIN.
xabier martin
Bergara
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Mondragonen aurkako epaiketaren hirugarren egunaren ondoren, zaila da sinistea akusazioko abokatu Raul Tenesek kapelatik untxi bat aterako duela, baina untxi handi bat beharko luke, lekukoek esandakoari jarraikiz, oso aurka duen partidari buelta emateko. Fagor Etxetresnak kooperatiba hondoratuaren azken zuzendari Sergio Treviñok eta azken presidente Xabier Bengoetxeak zalantzarako tarterik gabe ziurtatu zuten, atzo, enpresaren organoek erabaki eta eskatu zutela konkurtsoa; hura ez zela atzeratu beste batzuen mesedetan, eta bazkide guztiek, baita Mondragon epaitegira eraman duten bazkide multzo horrek ere, «egoeraren argazki erreala» izan zutela une oro, «kooperatiben munduaezagutzen ez dutenentzat ulertzeko zailak» diren informazio mekanismo askotarikoei esker, ohikoak eta bereziak.

Alegia, Ordaindu eta Eskuratu taldeek jarritako salaketa kolektiboaren epaiketan Mondragonen tesien aldeko ondorio argiak atera direla lehen hiru saioetan; eta hori gutxi balitz bezala, Ane Alkorta konkurtso kudeatzailearen testigantzan islatu diren epeak oinarri hartuta, Mondragonen aurkako salaketa bera preskribaturik dagoela esan zion prentsari Arantxa Estefania defentsaren abokatuak, atzo, epaiketa bukatzean. 2014ko ekainean urtebeteko epea abiatu zela esan zuen, eta epe hori bukaturik zegoela Ordainduk eta Eskuratuk demanda jartzerako. Gaur, ondorioen eguna izaki, preskripzio hori argudiatuko du, «engainuaren teoria gezurra dela argi geratu den arren».

Treviño eta didaktika

Aretoan jazotakoari dagokionez, Mondragonek Fagor Etxetresnen erabakietan ez zuela esku hartu islatzen duen errealitatean are gehiago sakondu zuten lekukoen aulkian eseritako guztiek, hala porrot egindako kooperatibako zuzendaritzako kideek, nola Ane Alkortak, konkurtso kudeatzaileak; PwCko perituek, berriz, zenbakiak jarri zizkioten Mondragonen ahaleginari Fagor Etxetresnak laguntzean, eta erakutsi zuten konkurtsoa atzeratzeak Mondragoni berari egiten ziola kalte, puntu eta koma guztiekin.

Bazkideek informazio guztia baldin bazuten, nolaz ez ote zituzten lehenago atera eren borondatezko ekarpenak; galdera hori jarri zion mahai gainean Sergio Treviño zuzendari ohiari Tenes abokatuak. «Informazio osoa ematen zen une oro, denei, bazkide aktiboei eta inaktiboei, eta modu didaktikoan azaltzen zen, ustiapen kontu bat ulertzea ez delako erraza denentzat. Gero, bakoitzaren hautua zen ekarpenekin zer egin. Baina errealitatearen argazkia benetakoa zen». Kooperatiba baten moduak ezagutzen ez dutenek agian ez dutela hain ongi ulertuko erantsi zuen Treviñok, baina egoeraren «ikuspuntu errealista» helarazi zuten.

Azaldu zuen, halaber, zergatik ez zen nahikoa izan Mondragonek 2013ko maiatzean igorri zuen 70 milioi euroko laguntza. Finean, hondoratzen ari zen enpresa baten egunorokoa deskribatu zuen: fabrikak ixten, hornitzaileei pagatu ezinik, aurrerakinen (soldaten) %80 pagatzen, eta hartzekodunei pagatzeari utziz. Bi hilabete lehenago balio zuen plan bat aste gutxian zaharkitua uzten zuen errealitate beltzak.

Borondatezko ekarpenak likidezia egon zen artean itzuli ziren, eskatu eta hilabetera, 2012ko abendura arte. Horrela kontatu zuen Xabier Bengoetxea presidente ohiak. 2013ko maiatz-ekainean, tarte batez, bakarrik ekarpenen zati bat pagatu zen, eta kasurik larrienetan soilik, gaitz larrien kasuetan, esaterako. Milioi bat eta erdi euro baliatu zen horretarako. Realeko jokalari ohiak onartu zuen Mondragonekin haserretu zela jakin zuenean ez zuela beste 50 milioi euroko laguntza onartuko, baina «uneko frustrazioaren ondorio» izan zela azaldu zuen, «oso errealitate gordina» bizi izaten ari zirelako. Edozein kasutan ere, Fagor Etxetresnen organoetan kokatu zituen hartutako erabaki guzti-guztien ardura, «ezin zen bestela izan». 50 milioi horiek Frantzian bi lantegi ixtea jasotzen zuen berregituraketa egiteko ziren, «adabaki bat»; ondoren, beste 150 milioi beharko zituen Fagor Etxetresna enpresak plan bideragarri bat gauzatzeko. Testuinguru horretan iritsi zen Mondragonen ezetza.

Kooperatiba autonomoak

Ane Alkorta Fagor Etxetresnen konkurtso kudeatzaileak kontatu zuen Mondragonek ez zuela «oztopatu» konkurtsoa, eta Jose Malagon epaileak, Ordaindu eta Eskuraturen salaketa bati erantzunez, ebatzi zuela Mondragon ez zela holding bat, eta autonomoak eta independenteak direla kooperatibak. Konkurtsoa ez zela atzeratu, dio, eta berau errugabe izendatu zutela. Ziurtatu zuen, halaber, Fagor Etxetresnek ez zietela hartzekodunei informazioa ezkutatu, eta Arantza Estefania defentsaren abokatuari erantzunez, aldagai berri bat plazaratu zuen: borondatezko ekarpenak itzuli izan balira konkurtsoa eskatu baino bi urte lehenago, erabaki hori «berraztergarria» litzateke. Hau da, legezkoaren aurka izan zitekeen.

PwCko perituek, Mondragonek eskatutako ikerketa azaldu zuten, argi utzita Arrasateko taldeak 99,6 milioi euroren maileguak eman zituela 2009tik 2013ra. 2009 arte 11,8 milioi eman zituen, eta azken lau urteetan ia ehun. Konkurtsoa atzeratzeak are kalte handiagoa ekarriko zuen; akusazioaren teoria hori hankaz gora bota zuten interes ekonomikoaren ikuspuntutik.

Horrez gain, kontatu zuten Fagor Etxetresnek merkatutik kanpoko interesak eman zituztela borondatezko ekarpenetan, %10 artekoak. Bankuek %1ekoak ematen zutenean, %5ekoa ematen zuela kooperatiba ohiak. Eta, hala ere, hilabetean berreskura zitezkeela; ez zetozela bat arriskua eta interesa, alegia. Ziurtatu zuten, kontuen arabera, enpresa ohiak ezin izango zituela ekarpen denak pagatu, eta ez 2012tik, baizik eta 2011tik, ordurako soilik 6,7 milioi baitzeuden altxortegian.

Saioa amaitzean, Raul Tenes akusazioko abokatuak onartu zuen «testigantzak Mondragonen tesiaren aldekoak» izan zirela, «berriro»; espero zuela horrelakorik, baina «agiriek ematen duen oinarria» nahikoa izango dela demanda kolektiboa aurrera ateratzeko. «Konfiantzarekin jarraitzen dugu salaketa aurrera ateratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.