Orbik Cybersecurity start-up edo enpresa teknologiko hasiberriak gauzatu du kooperatiba bihurtzeko prozesua. Sozietate mugatua izan ondoren, kooperatiba bilakatzeko hitzarmena sinatu dute gaur Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, Pello Rodriguez Mondragon Taldeko presidenteak, Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak eta Salvador Trujillo Orbikeko zuzendariak, Ikerlanen Arrasateko egoitzan.
Jaurlaritzak Orbiken kapitalaren %10 bereganatu du. Gainerakoa langileen, Ikerlanen eta Mondragon Taldearen artean banatu dute.
Kooperatiba bilakatu den lehen start-up-a da. Erroak «bertan» betikotzeko egin dute. Izan ere, multinazional bati edo inbertsio funts bati saltzea izaten da enpresa teknologiko hasiberriekin dirua egiteko modurik ohikoena. Ondorioz, enpresaren kontrola kanpora joaten da. Orbikekin ez da halakorik gertatuko.
Eragile guztiek azpimarratu dute zibersegurtasunaren sektorea estrategikoa izango dela. Jauregik, adibidez, esan du «Euskadiren etorkizuna» dela. Euskal Autonomia Erkidegoak sektoreko liderrak izateko ahalmena duela segurtatu du, eta goraipatu ekintzailetza teknologikoan inbertsiorik handiena egiten duen Europako eskualdea izatea.
Orbik, 24 hilabetetan ia milioi bat hazi den enpresa
Orbik duela bi urte sortu zen, Ikerlanen barruan, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Produktu elektronikoen zibersegurtasunean eta nazioarteko arauen araberako kanpoko akreditazio zigiluak eskaintzen ditu. 24 langile ditu, eta 700.000 euroko fakturazioarekin itxi zuen 2024. urtea. Aurten, taldea eta diru sarrerak bikoiztea dute helburu.
Ez dago etorkizunera begiratu beharrik zibersegurtasunaren oparoaldia ikusteko. Trujillok adierazi du milioi eta erdi euroko kontratuak dauzkatela sinatuta, Euskal Herriko eta atzerriko bezeroekin. Gaineratu du geroz eta handiagoa dela errepikatzen duten bezeroen tasa. Era berean, teknologia propioa izatea «faktore bereizgarria» izango dela iragarri du. «Teknologia propioaren alde gogor ari gara apustu egiten, Ikerlanen bidez. Geroz eta garrantzi handiagoa ematen ari zaio burujabetza digitalari».
Bide urratzailea
Mondragon taldeak eta Ikerlanek sinatutako lankidetza hitzarmen baten fruitua da Orbikek izan duen egitura juridikoaren aldaketa. Start-up edo enpresa teknologiko hasiberri kooperatiboak sortzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute bi aldeek. Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere izango dute, SPRI taldearen Basque Tek Venturen programaren bidez. Hamar milioi euro baino gehiago mobilizatu nahi dituzte datozen lau urteetan.
Beste start-up eredu bat sortu nahi dute. «Erakutsiko dugu posible dela eredu ekonomiko iraunkor batekin bateratzea abangoardiako berrikuntza eta teknologia, balio kooperatiboetan oinarrituta, epe luzerako ikuspegiarekin, eta gure inguruan kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzeko gai izateaz gain, modu solidarioan banatzeko ere gai dena», deskribatu du Rodriguezek. Enpresen sustraitzea lehenetsiko dutela adierazi du.
Etxeberriak gaineratu du start-up-en egiturak bakartiak izan ohi direla. Iragarri du taldean egingo dela lan hitzarmenari esker, «arriskuak eta irabaziak konpartituz». Mozkinek bertan geratu behar dutela berretsi du.
Datozen hilabeteetan Ikerlaneko beste start-up batek ere kooperatiba bilakatzeko prozesua bukatuko duela iragarri dute, izenik esan gabe, eta atzetik gehiago izateko desira agertu.