Orangek eta Masmovilek bat egitea negoziatuko dute

Jaurlaritza lasai azaldu da, Euskaltelen egoitza eta haren lanpostuak bermatuta ikusten dituelako zenbait urterako

2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
MADRIL. Orange eta Masmovil negoziatzen hasi dira Espainian dituzten negozioak batzeko; helburua litzateke bi operadoreen artean %50ean kontrolatutako joint venture bat sortzea. Gauzatuko balitz, azken bi hamarkadetan Espainiako telekomunikazioen sektorean egin den fusiorik handiena izango litzateke: 2014an, Vodafonek Ono erosi zuen, 7.200 milioi euroren truke; 2015ean, Orangek Jazztel erosi zuen, 3.300 milioirengatik; eta, iaz, Masmovilek gauza bera egin zuen Euskaltelekin, 2.000 milioiren truke. Espero dute prozesua 2023ko bigarren hiruhilekoan bukatzea, behin administrazioaren, konpetentziaren eta erregulazio agintarien baimena lortuta.

Erakunde berriak 19.600 milioi euroko balorazioa izango luke; Orangerena 8.100 milioi eurokoa da, eta Masmovilena, 11.500 milioikoa, Euskaltel barne. Masmovilen balorazioa handiagoa den arren, akordioak jasotzen du ea Orangeren kontrolpean egongo litzatekeen salmenta eskaintza publiko bat egiteko aukera.

Masmovil Andoainen (Gipuzkoa) sortu zen, baina egun Madrilen du egoitza, eta Jersey uharteko paradisu fiskaleko bi inbertsio funtsek kontrolatzen dute. Pentsatzekoa denez, funts horiek enpresa berritik aterako dira. Iaz, Euskaltel erosita, Hego Euskal Herriko lehen telefonia operadorea bihurtu zen, Movistar, Vodafone eta Orangeren gainetik. Euskaltelez gain, Hego Euskal Herrian soilik aritzen den Guuk operadorearen jabea ere bada. Legez, gehienez lau operadore handiek gehi Euskaltelek (zuntzean) jardun dezakete Hego Euskal Herriko sarean. Aritzen diren besteek —operadore birtual edo alternatiboek— konpainia nagusien sareak araututako prezioan alokatuz funtzionatzen dute.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak ontzat jo du operazioa, gauzatzen bada «Euskaltel enpresa handi bateko kide» izango delako, eta horren eskutik teknologiarik berrienak eskurago izango dituelako bere zuntz optikoaren sarea berritu ahal izateko.

Tapiak ziurtatu duenez,Masmovilek agindu dio Euskaltelen markari eta enpresaren egiturari eutsiko diela. Hure erostean hartutako konpromisoen artean daude egoitzak eta lantaldeak Bizkaian jarraitzea eta enplegua erregulatzeko espedienterik ez egitea gutxienez 2026 arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.