Janari banaketa. 'Rider'-en legea indarrean

Oraindik bidea dago egiteko

Hainbat urtez borrokatu ondoren, 'rider'-en edo janari banatzaileen legea indarrean sartuko da gaur. Haren bidez, orain arte autonomo faltsu moduan lanean ari ziren banatzaileak soldatapekoak izango dira. Halere, enpresek ez dituzte onartu nahi legearen ondorioak, eta baliteke gatazkak izatea.

Bizkikletako banatzaile batzuk, eskariak iristeko zain. J.L.CEREIJIDO / EFE.
June Romatet Ibarguren.
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Bizikleta eta motor gainean urte luzez borrokan aritu ondoren, rider-en legea indarrean sartuko da gaur Hego Euskal Herrian. Haren bidez, autonomo faltsuen egoera eten nahi dute, baina ez dituzte denak kontuan hartu. Lege honek rider-ak babestuko baditu ere, beste hainbat autonomo faltsuren egoera airean geratu da: etxeetako zaintzaileena, ostalaritzako langileena...

Orain arteko lan baldintzak hobetzeko, banatzaileek borroka luzea egin dute, eta auzitegiek arrazoia eman diete. Autonomo gisa saldutako postuan, langileek ez zituzten hautatzen ordutegia, soldata, ezta eskariak ere. Eskari bakoitzeko, zazpi euro inguru kobratzen zituzten, eta, ahalik eta eskari gehieni erantzuteko, ez ziren jaisten ibilgailuetatik denbora luzez; hala, istripu asko izaten zituzten.

Baldintza horiek hobetzeko ezarritako lege berriaren bidez, Glovo, Deliveroo eta Uber Eats banaketa plataformek, besteak beste, langileekin zer lan harreman duten zehaztu beharko dute.

Rider-ak ez dira izango jada autonomo faltsuak, eta edozein soldatapeko langilerenaren pareko babesa izango dute: oporrak eta baimen ordainduak, edoskitzeak, lanaldi murrizketak eta gutxieneko soldata kobratzeko eskubidea izango dituzte. Orain arte ez zituzten eskubide horiek, autonomo moduan lan egiten zutelako.

Legeak rider-ak babestuko baditu ere, badira aurka dauden banatzaileak. Sareetan esan dutenez, autonomo izaten jarraitu nahi dute, ordutegi beretan lan egin eta orain arte irabazten zutena kobratu. Bartzelonan egindako elkarretaratze batean, legearen aurka dauden banatzaileen bozeramaileak hauxe zioen: «Orain, goizean enpresa batekin lan egiteko aukera dugu, eta, arratsaldean, beste batekin. Guk hautatzen dugu ordutegia, eta askatasun hori kenduko digute».

Riders X Derechos eta beste hainbat elkartek, aldiz, ez dute babesten hori, eta legearen aldeko mezuak zabaldu dituzte sareetan. «Enpresek erabakitzen dituzte gure ordutegiak eta zer eskari eraman behar dugun; ez dugu saltzen diguten autonomiarik». Gainera, ordutegi horiek betetzen ez badituzte, aplikazioak zigortu egiten ditu.

Rider-en aldeko lege honek eragin handia du enpresetan, Glovo, Uber Eats eta Deliverook kontratatu egin behar baitituzte dituzten langileak, eta ez dute hori egiteko asmorik.

Legearen aurrean, zer?

Hego Euskal Herrian, 1.000 rider inguru daude, eta enpresek kontratatu egin beharko dituzte. Sindikatuek salatu dutenez, ordea, enpresek legea bere hartan ez betetzeko hiru alternatiba bilatu dituzte.

Lehen aukera mezularitza enpresen banaketa kontratatzea da; bigarrena, ABLE aldi baterako laneko enpresen zerbitzuen bidez egitea, eta hirugarren aukera, berriz, banatzaile autonomoen kooperatibak kontratatuz egitea. Hau da, azpikontrataziora jotzea da enpresen asmoa.

ABLEei dagokienez, lan eskaintzak dituzten hainbat plataforma daude. Bestalde, banatzaileen kooperatiba ugari daude: Bilbon, Botxo Riders; Gasteizen, Eraman... Kooperatibako bazkide eta langile diren rider-ak autonomoak dira aldi berean, eta askok ez dute lan egin nahi plataforma handientzat; horregatik, liburu dendentzat eta antzeko denda txikientzat lan egiten dute.

Hiru ereduak ikusita, zalantzak azaltzen hasi dira. Hiru formulak rider-en legera molda daitezke, baina, enpresen banatzaileekiko erabakiak moztu behar dira. Banaketa azpikontratatutako mezularitza enpresek antolatu behar dute, eta ez aplikazioek beraiek. Horrela ez balitz, plataformek langileen legez kanpoko lagapena egingo lukete.

Gauzak horrela, zuzeneko kontratazioak ditu legezko arrisku gutxien, eta hori da legeak bultzatu nahi duen formula.

ELAk eta LABek nabarmendu dute langile horientzat hurrengo pausoa ostalaritzako itunean sartzea dela. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako ostalaritza hitzarmenen negoziazioa laster abiatuko dute, eta, sindikatuek jakinarazi dutenez, aurreakordio bat egin dute Confebask patronalarekin, hori horrela izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.