Zibersegurtasunean lan egiten hogei urte daramatza Koldo Peciñak (Donostia, 1978). Zuzenbide ikasketak amaitu eta berehala master bat egin zuen zibersegurtasunari buruz, eta buru-belarri sartu zen sektorean.
Zenbat aldatu da zibersegurtasuna hogei urte horietan?
Piloa. Lehen bankuak eta halakoak zeuden mundu honetan. Baina orain industriara pasatu dira erasoak eta arriskuak. Lehen, antibirusak oso garrantzitsua zen; orain, oinarrizko zerbait gehiago dira. Erasoak berak ere asko aldatu dira; lehen hackerrak beste gauza bat ziren, erromantiko batzuk. Orain, berriz, erasoak masiboak dira, eta negozio bat bihurtu dira. Estatuek ere ziberrerasoak erabiltzen dituzte besteei arazoak sortzeko.
Zibersegurtasunean esperientzia handikoak eta puntakoak diren enpresak daude Gipuzkoan, nahiz eta batzuetan ez garen konturatzen, ezta?
Ez da publizitate handirik egiten, ez. Baina estatuan zibersegurtasunean sortutako lehen enpresa Donostian sortu zen, S21, 2000. urtean. Aitzindaria izan zen, eta orain hainbat daude, baita oso aurrean dabiltzan start-up-ak ere. Zibersegurtasun ekosistema Euskal Herrian eta Gipuzkoan nahiko inportantea da.
Eta, hala ere, enpresa industrialek ez dituzte haien zerbitzuak erabiltzen?
Bai, erabiltzen dituzte, baina batez ere enpresa handiek. Ziurren enpresa ertainetara eta txikietara heldu nahi dugu. Pentsatzen dute ez direla erasoen jomuga, baina ez dira konturatzen erasoak masiboak direla. Haiekin lanean ari gara, ikus dezaten zibersegurtasuna inportantea dela, baita euren lehiakortasunerako ere, bezeroek hori ere aintzat hartzeko eskatzen hasi zaizkielako.
Ziur sortu eta hilabete gutxira hartu zenuen haren gidaritza, duela hilabete batzuk. Urtarrilean zabaldu zen laborategia. Nola doaz gauzak?
Balorazio positiboa egiten dugu. Adibidez, aholkularitza zerbitzua dugu, eta aurten 70 enpresa etorri zaizkigu laguntza bila. Trebakuntza tailerrak ere egiten ditugu, eta egun hauetan 45 enpresa sartudira ezagutzera nolakoak izaten diren kontrol sistema industrialen kontrako erasoak. IT [informazio teknologia] eta OT [operazio teknologia] sareen segmentazioa nola egiteko tailerretan 35 enpresa egon ziren. Eta eskualdeetako sustapen agentziarekin ere lan piloa egiten ari gara, kontzientziazio arloan.
Europako funtsak erakartzeko Euskadi Next programan dago Ziur. Zer egingo duzue Europatik dirua lortzen baduzue?
Orain bost zerbitzu ditugu: bideraketarako laguntza, behatokia eta azterketak, produktuen laborategia, prestakuntza tailerrak, eta sentsibilizazioa. Europatik dirua etorriz gero, zertifikazio laborategi bat eratzeko inbertsioak egin ahalko lirateke. Ziurrenez, bestela ere egingo litzateke, Ziur plan estrategikoan jasota dago helburu hori, baina Europatik dirua etortzeak guztia bizkortu luke.
Koldo Peciña Txintxurreta. Ziur Gipuzkoako zibersegurtasun, industrialeko zentroaren zuzendari nagusia
«Orain erasoak masiboak dira, eta negozio bat dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu