«Legez kanpokoa», «EH Bilduren interesen neurrira egindakoa», «fantasiatsua». Hitz horiek erabili dituzte EAJk, PSE-EEk eta PPk Gipuzkoako Diputazioak Kutxaren gainean egindako proposamena kalifikatzeko. Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak, berriz, planteatutakoak «oinarri juridiko sendoak» dituela nabarmendu du, eta «borondate politikoa» egonez gero erabat egingarria dela dio. Azaldu duenez, «negoziaezina» da kontrol publikoak egon behar duela, baina hortik aurrera hitz egiteko prest daude. Aldundiak atzo bertan igorri zien proposamenaArabako eta Bizkaiko ahaldun nagusiei eta Xabier Iturbe Kutxako presidenteari. Datozen egunotan Kutxako batzarrean ordezkaritza duten taldeekin biltzeko asmoa ere badutela jakinarazi dute diputazioko iturriek.
Kutxak Kutxabanken dituen akzioen %4,998ri eustea proposatu du Gipuzkoako Diputazioak, eta gainerakoa erakunde publikoei ematea, «doaneko eskualdatze» baten bidez. Hala, Kutxak banku fundazio bihurtu beharrik ez lukeelaizango dio, eta fundazio arrunt gisa kontrol publikoari eustea posible izango litzatekeela.«Ezker abertzaleak egin duen proposamena ez da batere serioa, arduragabea eta legez kanpokoa da. Ez du ez hanka ez buru», esan du Maria Eugenia Arrizabalagak,EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko bozeramaileak. Kontrol publikoa bermatu nahi badu, aldundiari eskatu dio Kutxak akaso saldu beharko dituen akzioak erosteko funtsak aktibatzeko.
Juan Carlos Cano PPren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailearen ustez, «fantasiatsua eta funtsik gabea» da proposamena. «Udalei eta diputazioari akzioak oparitzea bezain kafkarra da proposamen horren inguruan duen sormena». Leporatu dio erakundearen kaudimenari buruz gogoetarik ez egitea. «Ahaztu egiten zaio kaudimenik gabe, irabazirik gabe ez dagoela gizarte ekintzarik».
Julio Astudillo PSE-EErenbatzarkideak esan du «alderdikeria» dela proposamena, etanabarmendu du Espainiako Bankuarekin kontrastatu gabe dagoela. Hala dela aitortu dute diputazioko iturriek, baina planteatutako formularekin baldintza hori ez dute beharrezko ikusten. Horrez gain, Kutxa gaur egun ere pribatua dela gogoratu du Astudillok. «Helburu sozialak betetzen ditu eta ohiz kanpokoa da, bai, baina pribatua da». Hala izan arren, kontrol publikorako mekanismoak badaudela dio diputazioak.
Baimena edo jakinarazpena
Aurrerantzean ere mekanismo horiek izateko, Gipuzkoako Diputazioak ondorioztatu du Kutxak banku fundazio izan beharrean fundazio arrunt izan behar duela. Eta fundazio arrunt izateko akzioak sobera dituela. Zein da fundazio arrunten eta banku fundazioen arteko aldea? Edozertarako Espainiako Bankuaren baimena behar izaten dute banku fundazioek, etajakinarazpenekin aski izaten dutefundazio arruntek.
Kutxa eta Banku Fundazioen Legeak hiru irizpide hartzen ditu kontuan fundazioak banku fundazio bihurtzera derrigortzeko: zuzenean edo zeharka bankuan %10eko parte hartzea baino handiagoa badute, boto eskubidean %10eko maila gainditzen badute edo administrazio kontseiluko kideak izendatzeko edo kentzeko eskumena badute, banku fundazio izan behar dute. Azken baldintza horri lotuta, Kutxaren kasuan %5en bueltan ibiliko litzateke fundazio arrunt izateko gehienezko portzentajea, eta horregatik proposatu du diputazioak Kutxak akzioen %4,998ri soilik eustea.
Hasiera batean doaneko eskualdatzea proposatu arren, aldundiko iturriek adierazi dute oraindik ere zehaztu gabe dagoela zein lege formula erabili, eta gaiari buruz hitz egiteko prest daudela.
Oraindikjarri gabe dago eguna, baina urriaren bukaeran da egitekoa Kutxaren batzarra —aldundiaren nahia da han onartzea proposamena—. Ekainean egin zituzten BBK-k eta Vitalek, eta orduan onartu zuek batak zein besteak banku fundazio bihurtzea. Hamabost kidek osatutako patronatu batek zuzentzen ditu fundazio horiek. Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek diote oraindik badutela modua atzera egin eta fundazio arrunt bihurtzeko, baita urtea amaitu ondoren ere. Banku fundazioko patronatuak hala eskatzea etabeharrezko akzio kopurua uzteko prest egotea dira baldintzak .
Aukeraketa, ostegunean
Txostena Bizkaiko eta Arabako diputazioei bidalita, haiek ere formularekin bat egitea nahi du Gipuzkoak. Adierazi du hori litzatekeela Kutxabanken kontrol publikoa bermatzeko aukera bakarra. Alabaina,proposamenak Gipuzkoan bakarrik aurrera egingo balu ere, gizarte ekintzarentzat nahiz lurralde garapenarentzat aurrerapausoa litzatekeela dio. Ez luke orain baino diru gehiago jasoko Gipuzkoak, baina banku fundazio bihurtuta baino aukera handiagoa izango luke gizarte ekintza kudeatzeko.
Aldundiak planteatutakoaren arabera, Kutxa fundazioak patronatu bat izango luke, eta gaur egun administrazio kontseilua eratzen den modu berean osatuko litzateke. Kontsulta organo bat ere izango luke, gaur egungo batzarraren parekoa, gaur egun bezala osatua erakundeen, eragile sozialen, langileen eta bezeroen ordezkaritza aldetik. Izan ere, Gipuzkoako Diputazioa ez dator batEAJ, PSE-EE eta PPren proposamenarekin. Alderdi horiek nahi dute batzar nagusiek proposatzea hutagaiak. «Horrek ez du bermatzen kutxen gaineko kontrol soziala, behin izendatutakoan ez luketelako kargutik kentzeko aukerarik izango».
Kutxaren kasuan, datorren ostegunerako dago aurreikusita patronatuko batzarkideen aukeraketa. Izendapen hori atzeratzeko eskatu dute EH Bilduko batzarkideek. Aldi berean, gainerako alderdiei eskatu die Batzar Nagusietan diputazioaren proposamena aztertuko duen talde txostengilea eratzeko. Hilabeteko epea eman nahi dio talde horri, eta gogoratu du denbora badagoela,legeak urtea amaitu arteko epea ematen duelako banku fundazioak eratzeko.
Oposizioarentzat, «ez hanka ez buru» ez du diputazioaren proposamenak
Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiei eta Kutxako presidenteari igorri die Gipuzkoak bere alternatiba.Ugartek berretsi du ez dela itxia eta hitz egiteko prest daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu