Opel erosteko saio betean ari da Peugeot-Citroen autogile frantsesa

General Motorsen Europako adarra bereganatuz gero, Frantziako konpainia EBko auto ekoizle handienetan bigarren bihurtuko litzateke. Salmentaren aukerak igoerak eragin dizkie bi enpresei burtsan

Opelen logoa General Motorsen Detroiteko egoitzan (AEB), artxiboko irudian. BERND THISSEN / EFE.
Jon Fernandez.
2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aldaketa soinuak ozendu dira Europako autogintzaren merkatuan. Financial Times-ek eta Reutersek aurreratu dute Frantziako PSA autogilea —Peugeot, Citroen eta DS marken jabea— tratua ixtear dagoela GM General Motors estatubatuarrarekin haren Europako adarra erosteko: Opel eta Vauxhall markak. Datozen egun edo asteetan jakinarazdezakete ituna, bi hedabideek aipatutako iturrien arabera. Oraingoz, PSAk baieztatu du negoziazioetan dabiltzala: «PSA ekimen estrategiko batzuk aztertzen ari da, errentagarritasuna eta eraginkortasuna handitzeko; aztertzen ari da Opelen balizko eskuratze bat ere». Bat eginez gero, Europako Batasuneko auto ekoizle handienetan bigarren bihurtuko litzateke PSA —gaur egun Renault da bigarrena—, Volkswagen alemaniarraren atzetik. Atzo %5eko igoerak izan zituen burtsan Peugeotek, eta %4koak GMk.

PSAk urteak daramatza sinergia bila; izatez, GMk eta biek egina zuten itun bat auto modelo batzuen ekoizpena partekatzeko, baina bertan behera geratu zen 2013an. Orain PSAk Opel bereganatuz gero, Europako merkatuaren %16,6 eskuratuko luke; tamaina irabazita, VWekin lehia indartzeko aukera luke, zeinak %24ko merkatu kuota baitauka. GMrentzat ere onuragarria litzateke salmenta, Opelek urteak daramatzalako errentagarri izan barik: lasta kenduta, mundu mailako salmentak igotzea lor dezake.

Gaur egun, munduko auto ekoizlerik handienetan hirugarrena da GM —hamar milioi auto saldu zituen iaz—, Volkswagenen eta Toyotaren atzetik. Estatubatuarra ahalegindu da errentagarri egiten Opel eta Vauxhall —Erresuma Batuko adarra—; ez du lortu, ordea. 2009an saiatu zen marka Kanadako Magnari saltzen, baina alferrik. Iazko helburua ere ez zuen bete Opelek: salmentak igo arren, galerekin amaitu zuen.

PSA, ostera, behetik gorako bidean dago. 2013-2014ko bankarrotari buelta ematea lortu du, eta hazkunde betean dago: 3,15 milioi auto saldu zituen iaz. Susperraldirako, ezinbestekoa izan zen 2014an jasotako erreskatea: Frantziako Gobernuak akzioen %14 erosi zizkion, eta Txinako Donfend autogileak beste horrenbeste. Horiek dira jabeak, Peugeot familiarekin batera.

Merkatua zabaltzen

Carlos Tavaresek gidatu du PSAren erreforma: modeloak gutxitu ditu, eta lan kostuak txikitu. Opelekin ere antzeko erreforma egingo luke, marka errentagarri egiteko: hau da, sinergiak lanpostuen galera lekarke. Bien bitartean, merkatua zabaldu eta zabaldu ari da PSA: Indian ekoizten hasiko da hogei urte eta gero, AEBetara ere bueltatu nahi du, eta salmentak handitu gura ditu Txinan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.