Ontziolek helegitea jarriko diote laguntzak itzultzera behartzen duen epaiari

Europako Auzitegiak 2007tik 2011ra 'tax lease' sistemaren bidez ontziolen bezeroei emandako laguntzak berreskuratzeko agindu du

'Kristoffer Tronds' ontziaren uretaratzea, Erandioko Murueta ontziolan, duela urtebete. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Xabier Martin - Iker Aranburu
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Legez kanpoko estatu laguntza gisa jo ditu Europako Batasuneko Justizia Auzitegi Orokorrak Espainian 2007tik 2011ra indarrean egon zen tax lease sistemak ahalbidetzen zituen beherapenak, %20 eta %30 artekoak. Espainiako Estatua laguntza horiek berreskuratzera behartzen du ebazpenak; hori egin behar izan aurretik, ordea, Pymar Espainiako ontziolen patronalak helegitea jarriko dio erabakiari auzitegi goren batera joaz, EBko Justizia Auzitegi Gorenera.

Euskal ontziolentzat «oso albiste txarrak» lirateke laguntzak itzuli behar izatea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako Sailak onartu duenez. Berez, ontziolek ez dute dirua itzuli behar, ezta ontzi hori merkeago erosi ahal izan zuten armadoreek ere. Interes Ekonomikoko Agrupazioak izenekoei dagokie hori, haiek jaso zutelako beherapena. Bankuak eta enpresa handiak dira horiek, ontziolei ontzia egin ahal izateko beharrezkoa duten dirua aurreratzen dieten erakundeak. Ontziolen beldurra da orain diru bat itzuli behar izateak betirako urrun ditzakeela sektoretik. Nolanahi ere, gaur egun ontzien eraikuntza laguntzeko dagoen finantza sistemarik legezkoa dela azpimarratu du Arantxa Tapiaren sailak, eta Europako Batasunak ontzat jo zuela. Hortaz, arazoa balego, 2007tik 2011ra egindako ontziei dagokiela.

«Ez da bidezkoa, eta berriro Espainiako industriaren aurka doa. Eta bien bitartean, Herbehereetako sistemak ikertu gabe jarraitzen du», argudiatu du Pymarreko kontseilari ordezkari Almudena Lopez del Pozok.

Kritika horiekin bat egin du Euskal Herriko Itsas Foroa klusterrak. «Epaia erabat bidegabea da, eta Europako Batzordearen sentiberatasun eza erakusten du, Europako industria sarea hain garai latzak bizi dituen garai batean». Epaia «auzi erabat zaharkitu bati» eragiten dion arren, Itsas Foroa «suminduta» azaldu da: «Espero dugu Euskal Herriko eta Espainiako itsas industriaren izen onari eta lan onari kalterik ez egitea». Bizkaian eta Gipuzkoan ontzigintzan eta haren inguruan dabiltzan 250 enpresa biltzen ditu Itsas Foroak.

Azken ebazpenak ez du zehaztu zenbat milioi euro berreskuratu beharko lituzkeen Espainiako Gobernuak. Gaia lehertu zenean, 3.000 milioi euro izan zitezkeela aipatu zuten, baina gero Madrilek asko jaitsi zuen faktura hori: 125 milioi ingurura.

Zerga plangintzak

Sektore bateko eta besteko enpresek jasotzen dituzten zerga laguntzak jomugan jarri ditu oraingo Europako Batzordeak. Europako Legebiltzarrean egindako adierazpenetan, Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak iragarri du bere suspertze plana erabili nahi duela «zerga plangintza erasokorrak errazten dituzten egiturak» gutxitzeko. Beste hitz batzuetan, diruaren banaketa presio gisa erabiliko duela estatuek bertan behera utz ditzaten atzerriko multinazionalak, eta oso pertsona aberatsak erakartzeko sortutako zerga sistema berezien aurka egiteko. Sistema horiei esker, enpresa eta herritar horiek ia ez dute zergarik ordaintzen, ez herrialde batean ezta EB osoan ere. Herbehereak, Irlanda eta Luxenburgo dira, esaterako, halakoak sarri erabiltzen dituzten kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.