Iazkoa urte ona izan zen Euskal Herriko itsas industriarentzat, eta aurtengoak ere ez du itxura txarrik. Oraintxe, hamalau itsasontzi daude haren nasetan edo eraikitzeko prozesuaren beste fase batean, eta horrek hurrengo urteetarako lan karga ziurtatuko die ontziolei nahiz sektoreko gainerako enpresa txiki eta ertainei.
Urteroko batzar orokorra egin zuen atzo Euskal Herriko Itsas Foroak, Gasteizko Europa biltzar jauregian. Parte hartzaileen artean zeuden, besteak beste, hiru euskal ontziolen —Balenciaga, Murueta eta Zamakona—, armadoreen eta gainerako enpresen arduradunak. Halaber, bilkuran izan ziren Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak.
Euskal ontziolak eta haientzat lan egiten dituzten enpresak ordezkatzen duten elkartearen arabera, kideen fakturazioa %18 handitu zen 2022an, aurreko urtearekin alderatuta. Enplegua ere %3 handitu zuten, 13.700 langileko langara iristeraino.
Joan den urteko emaitza onak nabarmendu zituen Aitor Uriarte Euskal Herriko Itsas Foroko presidenteak, fakturazioa 3.300 milioiraino handitzea lortu baitzuten elkarteko enpresek iaz, inflazio handiak nabarmen eragin duen egoera ekonomiko batean. Izan ere, ekoizpen kostuak handitzeaz gain, ziurgabetasuna ere ekarri baitzuen Ukrainako gerrak. Horregatik, haren hitzetan, emaitza are adierazgarriagoa da: «Euskal itsas industriak bere posizioari eta nazioartean lehiakor izateari eusten dio eduki teknologiko handieneko ontziei dagokienez: offshore eolikoa, arrantza, konbentzionalak ez diren propultsioak...».
Ez da gutxi, sektoreak Europan eta munduan izan dituen zailtasunak kontuan hartuz gero. Izan ere, nazioartean behera egin zuen eskaera kopuruak iazko urtean 2021eko datuekin alderatuta, eta jaitsi egin zen fakturazioa ere. Foroak aditzera eman duenez, hainbat dira horren atzean dauden arrazoiak: zamaontzi berrien prezioaren garestitzea, Asiako ontziolen saturazioa —goia jo zuten 2020an eta 2021ean eskariei dagokienez—, eta prezioen eta joera makroekonomikoen inguruko ziurgabetasuna.
Edonola ere, iazko aldeko joerari eutsi nahi dio aurten ere euskal industriak. 2023rako aurreikuspenak baikorrak dira, Euskal Herriko Itsas Foroaren arabera, eta handitzen jarraitzeko bidea emango die enpresei. Bada, euskal ontziolek eskaera zorroa betea dute dagoeneko: hamalau itsasontzi eraikitzeko eskaera dute gaur-gaurkoz.
Langileak falta dira
Sarai Blanc Foroko zuzendari nagusi berriak ohartarazi zuen, halere, erronkak ugari dituela sektoreak, egoera ekonomikoaz gain. Trantsizio digitalari eta energetikoari aurre egiteko ikerketa eta garapeneko inbertsioa areagotzea eta kualifikazio handi eta ertaineko langileak aurkitzea dira horietako bi. Hain zuzen ere, eskulana erakartzeko proiektuak eta ekintzak ditu esku artean elkarteak beste enpresa batzuekin, unibertsitateekin eta, bereziki, Lanbide Heziketako zentroekin.
Atzoko bilkuraren amaieran, aitortza egin zioten Javier Lopez de Lacalleri, 1993an elkartea sortu zenetik zuzendari kudeatzaile izan denari. Sektorean 30 urtetik gora egindako lana eskertu zioten, baita euskal itsas industriaren eta kulturaren hedapenari egindako ekarpena ere.
Ontziolek eskaera zorroa betea dute: hamalau itsasontzi dituzte egiteko
Nazioartean urte kaskarra izan arren, Euskal Herriko ontzigintza salmentak handitu zituen iaz. Langile eskasia da sektorearen arazoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu