Ontziolek diote heriotza ekarriko diela Almuniaren proposamenak

Lehia komisarioak baieztatu du 2.800 milioi itzuli beharko dituztela, baina ontzijabeek eta inbertitzaileek ordaintzea nahi duBizkaiko eta Gipuzkoako bost ontzioletako langileek bilera egingo dute gaur

Miren Garate - Iker Aranburu
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Uztailaren 17an emango du behin betiko erabakia Europako Batzordeak, baina ontzigintza sektorearen mamurik beltzenak baieztatu ditu Joaquin AlmuniaLehia komisarioak. 2005 eta 2011 bitartean jasotako laguntzak, tax lease sistema bidez emandakoak, legez kanpokoak ziren, eta dirua, 2.800 milioi euro inguru, itzuli egin beharko dute. Jaurlaritzak kalkulatu du horietatik 1.000 milioi direla Gipuzkoako eta Bizkaiko ontzioletako kontratuen bidez emandakoak. Erabaki horrek arrisku bizian jartzen du Naval, Pasaia, Zamakona, Murueta eta Balenciaga ontziolen etorkizuna; bide batez, baita haiek sortzen dituzten zuzeneko eta zeharkako 6.000 lanpostuak ere.

Foro Nueva Economian egin ditu adierazpenak Almuniak, Madrilen, ontzioletako ordezkariak aurrean zituela. Sekulako haserrea eragin dute haren hitzek. Altxatu, hitzaldia eten eta hala leporatu dio Pymar ontziola pribatuen patronaleko presidenteak, Alvaro Platerok: «Zure proposamenak Espainiako hemeretzi ontziola pribatuen berehalako itxiera eta ontzien eraikuntzaren amaiera ekarriko ditu, ez izan inolako zalantzarik». Almuniak esan du dirua ez dutela ontziolek itzuli beharko, berak bederen hala proposatuko diola Bruselari. Alde batetik, inbertsiogile handiek ordaindu beharko dutela dio, zerga abantailak izan zituztelako ontzien finantzaketan parte hartzeko; bestetik, ontzijabeek ere pagatu behar dutela azaldu du, merkatuko prezioen azpitik eskuratu zituztelako ontziak.

Almuniaren esanetan, Espainiako Gobernuari dagokio laguntzak nork ordaindu beharko dituen zehaztea, baita zein kantitate ere —inbertitzaile nagusiak Espainiako enpresa handiak dira—. Dena den, ontziolak alde batera utzi izanak ez ditu lasaitu sektoreko ordezkariak. «Engainu handi bat da hori», esan du Almudena Lopez del Pozo Pymarreko kontseilari ordezkariak. Lehen golpean ez bada, enpresak ondorioengatik hilko direla azaldu du. Hau da, 2.800 milioi euro horiek inbertitzaileek eta ontzijabeek itzuli behar izanez gero ontzi berriak egiteko kontratu gabe geratuko direla, eta ondorioa berbera izango dela: itxiera.

Gainera, ontziolek, kontratuetan sinatutako klausula batzuen bidez, euren gain hartu zuten laguntzen gaineko ardura. Araudiko edozein aldaketa edo arriskuri eurek egingo ziotela aurre onartu zuten. Horren inguruan, zorrotz mintzatu da Almunia: «Europako zuzenbidea edozein kontratu mota pribatu edo zibilen gainetik dago».

Lehia komisarioak gogoratu dio sektoreari badagoela helegitea jartzeko aukera ere. Alabaina, itxaropen gutxi dute dagoeneko ontziolek. «Kontua konpontzeko borondaterik ez du komisarioak», esan du Lopez del Pozok. Haren esanetan, ez dute «mesedezko traturik» eskatzen, Frantziari emandako tratu berbera baizik. Hark ez zuen dirua itzuli beharrik izan. Almunia, ordea, ez dago ados. Gipuzkoako, Bizkaiko, Galiziako nahiz Asturiasko ontziolek 2005etik 2011ra jasotako laguntzak itzultzea proposatuko dio Bruselari. Tax lease sistema 2002an hasi zen, baina Frantziaren gaineko ikerketari 2005ean ekin zion Europako Batzordeak. «Orduan amaitu zen ordura arteko segurtasun falta juridikoa», esan du Almuniak. Era berean, zerga hobarien sistema 2011n indargabetu zen, Herbehereen salaketen ondorioz.

Langileen kezka

Bizkaiko eta Gipuzkoako bost ontziola nagusietako langileek ere beltz ikusten dute panorama. «Ezin dugu geure burua engainatu: dirua edozeinek itzuli behar izanda ere, berdin dio inbertitzaileek, ontzijabeek edo ontziolek, sektorearen heriotza eragingo luke», adierazi dute ohar baten bidez. Gaur bilera egingo dute Navalek Sestaon duen egoitzan. Elkarlanaren premia nabarmendu dute. «Lehia batzordeari presio egin behar diogu Espainiaren finantzaketa sistemaren alde egin dezan». Langileek gogoratu dute beste herrialdeetan ere halako sistemak erabiltzen direla, nahiz eta izen ezberdina eduki; halaber, Frantziak ez zuela dirua itzuli behar izan ere esan dute.

Espainiako patronalak legeak ematen dituen aukerez baliatzeko asmoa agertu du. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak bestelako iritzia eman zuen herenegun: «Helegitea jartzeak gauzak okertu egingo lituzke, ziurgabetasun egoera eragingo litzateke, eta ontziolak ez dira isunagatik itxiko, baizik eta jarduera faltagatik. Egoera horretan inor ez da etorriko Euskadira kontratuak egitera».

Egoera ziurgabea izanik ere, gaur-gaurkoz lanean jarraitzen dute ontziolek. Horren erakusgarri da gaur bertan itsasoratuko duela Anita Conti ontzia Murueta ontziolak, Erandion. Draga hurrupatzaile bat da, eta FrantziakoDragages-Ports konpainia publikoak eskuratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.