Ondasunen banaketa hobea eskatu dute Baionan, sindikatu guziak batuta

Salatu dute Frantziako Gobernuak ekonomiak egin nahi dituela langileen eskubideen bizkar. LAB intersindikalarekin joan da lehen aldiz.

(ID_13836657) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2024-05-01, Baiona.  Maiatzaren 1eko manifestazioa
Manifestazio bateratua egin dute Baionan, LAB baztertu gabe. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko maiatzaren 1a
12:23
Entzun

Batzuek gogoan dituzte oraindik duela urte batzuk Maiatzaren Lehenean Baionan izaten ziren irudiak: LAB sindikatuko kideak indarrez sartu ziren intersindikalaren manifestazioaren erdira, bazterketari buru egin eta ordezkaritza sindikalaren arabera zegokien lekua hartzera. Bestelako irudia eman du aurtengo manifestazioak: lehen aldiz, intersindikalean onartu dute LAB, eta beste sindikatuekin batera eraman du Langileok, fatalitaterik ez! Ondasunen banaketaren alde borroka gaitezen! leloa zekarren pankarta bateratua.

Dominique Pons CGT sindikatuko ordezkariak garrantzia kendu nahi izan dio LABen presentziari, azpimarratuta lehenago ere elkarrekin mobilizatu izan direla, baina Eñaut Aramendi sindikatu abertzaleko kideak baieztatu du segregazio sindikalik gabe iragaten den lehen mobilizazioa dela: «Egia da iazkoa egoera oso konplikatua izan zela [erretreten erreformaren kontrako protestetatik kanpo utzi zuten LAB]. Aurten lortu dugu Maiatzaren Lehena gehiengo sindikal batean antolatzen. Sindikatu batzuk baizik ez dira eskas; haiek esplikatu beharko dute zer interes duten Maiatzaren Lehenean ez mobilizatzeko». Besteak beste, FO sindikatuak ez du parte hartu nahi izan.

Aramendik erran du «baikorra» dela aurten egin duten urratsa. «Erakusten du langileak batu behar ditugula, gaur Maiatzaren Lehenean eta bihar enpresetan ere gure eskubideak defendatzeko». CFDT, CGT, LAB, FSU-Snuipp, Solidaires eta UNSA sindikatuek deitu dute gaurko protestara. Beste hainbat eragile politiko eta sozialek ere parte hartu dute.

Bukaeran, agiri bateratua irakurri dute denen artean, eta «bestelako aberastasunen banaketa» aldarrikatu dute. «Hemen gaude inoiz onurarik jaso gabe aberastasunak sortzen dituztenen ahotsak entzunarazteko». Salatu dute CAC40 indizeko enpresa handiek urtez urte gero eta irabazi handiagoak lortzen dituzten garai batean Frantziako Gobernuak ekonomiak egiten dituela «gizarte politiketan, zerbitzu publikoetan edo trantsizio ekologikoan».

Intersindikalaren arabera, 2023. urtean 63.000 milioi euro banatu dituzte CAC40eko enpresetako akziodunen artean. «Alta, langabezia eskubideak eta Gizarte Segurantza erreformatuz eta beste behin lan kodeari eraso eginez orekatu nahi dituzte kontu publikoak», deitoratu dute. Lehentasunezkotzat jo dute gaur egungo politiken norabidea aldatzea eta aberatsenen zergak emendatzea. Ildo beretik, erran dute pentsioak, gizarte laguntzak eta pribatuko langileen lansariak emendatu behar direla: «Gure lanaren bidez duinki bizi nahi dugu».

Bereziki azpimarratu dute emakumezko langileen egoera, batez beste gizonek baino %25 gutxiago irabazten baitute. Premiazkotzat jo dute prekaritatea eta gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala bukatzea.

Azkenik, zerbitzu publikoen «gainbehera» ere deitoratu dute. «Gure eskolak, osasun erakundeak eta zerbitzu sozialak jada ez dira gai behar bezala funtzionatzeko. Orain, aberatsenek zerbitzu pribatuetara jotzea aldarrikatzen dute beren haurren hezteko edo artatzeko. Denentzat irisgarri diren kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzen ditugu, herritarren beharren asebetetzeko eta langile publikoei lan baldintza duinak segurtatzeko».

Eskuin muturrari aurre

Aurten langileen nazioarteko eguna gerla baten testuinguruan iragaten dela ere azpimarratu du Baionako intersindikalak. Agintariek arma ekoizpenerako milaka milioi ematen dituzten bitartean, «bake zuzen eta iraunkorra» aldarrikatu dute langileek, nazioarteko zuzenbidean oinarritua.

Adierazi dute Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bilana «etsigarria» dela arlo guztietan. Baina abisua ere eman dute: berrogei urteko politika liberalen ondotik eskuin muturraren tentazioan erortzea ez da bidea: «Bere izaera faxista, arrazista eta bortitza ahatzarazteko ahaleginak egin arren, Batasun Nazionala autoritarioa da, eta langileen eskubideen etsaia da». Langileei dei egin diete ultra eskuineko indarren kontra borrokatzera. 

 

Maulen, batasun sindikalik ez

Maulen ere egin dituzte Maiatzaren Leheneko mobilizazioak, baina, Lapurdiko hiriburuan ez bezala, bi manifestazio izan dira. Batetik, CGT sindikatuak egin du protesta, eta, bestetik, LABek eta hainbat eragile sozialek. Azken horretan, aberastasunen banaketa hobea aldarrikatzeaz gain, Palestinako sindikatuen deia ere zabaldu dute, mundu osoan Palestinaren alde mobilizatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.