LABek jakinarazi duenez, 66 urteko arrantzale bat hil da Ondarroako portuan (Bizkaia). Barkutik lehorrerako sartu-irten batean, uretara erori eta hil egin da. Sindikatuaren arabera, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ez dute lan heriotzatzat jo gertatutakoa, behargina atseden egunetan zegoela argudiatuta. Sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian hildako 47. langilea da.
Galizako Corvo itsasontzian egiten zuen lan, eta barkuak hainbat egun zeramatzan Ondarroako portuan lotuta. Sindikatuaren arabera, halako kasuetan ohikoa da arrantzaleak ontzian bizitzea, eta istripuak izaten dira maiz, ontziak eta portuetako azpiegiturak ez baitaude behar bezala egokituta.
Segurtasun arazoez gain, LABek arrantzaleen bizi eta lan baldintza «prekarioak» salatu ditu. «Arrantza jardunaren ezaugarriak tarteko, behartuta daude porturatutako herrian atseden denboran bizitzeko lekua aurkitzera. Baina baliabide eta laguntza mugatuak dituzte horretarako, eta, gehienetan, itsasontzian gelditzen dira».
Sindikatuak azaldu duenez, Ondarroan, kanpoko arrantzaleek Itsastarren Etxean har zezaketen ostatu orain gutxira arte, baina salatu du zerbitzu hori kendu egin dutela, horren ordez Bizkaiko Aldundiak «jarduera pribatuko» zentro bat jar dezan adingabeak artatzeko.