Zerga politika

Ondare zergaren erreforma amaitu du Gipuzkoak

Aberastasunaren eta Fortuna Handien inguruko zergari izena aldatu diote Batzar Nagusietan, ezkutu fiskala berreskuratu, eta tarifak eguneratu, Araba, Bizkai eta Nafarroarekin lerrokatzeko.

Markel Olano eta Jabier Larrañaga, artxiboko argazki batean. GFA
xabier martin
2018ko ekainaren 6a
07:28
Entzun

Ondarearen gaineko zergaren bigarren erreforma onartu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkurak. Zerga hori inguruko lurraldeetakoekin "lerrokatuta" geratu dela esan du Foru Gobernuak. Foru ganberak onartu duen neurrien artean, hiru aldaketa nabarmen daude: izenaren aldaketa, ezkutu fiskala berreskuratzea eta zergaren tarifen eguneratzea. “Egun garrantzitsua da, Gipuzkoak ‘rara avis’ fiskala izateari utziko baitio, bere ondarearen gaineko zerga Araba, Bizkaia eta Nafarroarekin lerrokatuz”, azaldu du Ogasun diputatu Jabier Larrañagak. Luze-zabal esplikatu zuen erreforma BERRIAn, Larrañagak.

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko zergak finkatzen zuen desberdintasun handiena lurraldeen artean. Gipuzkoan, Bilduren Foru Gobenruaren garaian onartu zen izen aldaketa, tarifa aldaketa eta ezkutu fiskala baliogabetzea. Zergadun bati dagozkion zerga guztiak ez ordaintzeko tresna da ezkutu fiskala, muga bat alegia. Kopuru batetik aurrera ez du zertan zerga gehiago pagatu behar. Hori da, ondarearen zergaren bigarren erreforman berreskuratu den tresna.

EAJ, PSE eta PPren aldeko botoak

Erreformak EAJ, PSE eta PPren aldeko botoak jaso ditu. EH Bilduk eta Ahal Duguk aurka bozkatu dute. Jabier Larrañagak Gipuzkoaren egoera “normalizatzeko” beharrezko erreforma dela esan du. Hala, zergaren izena aldatu da lehen-lehenik: Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko zerga zena Ondarearen gaineko zerga izango da aurerrantzean; eta ezkutu fiskala berreskuratu da.Zergadun batek urte batean PFEZ eta Ondarearen gaineko zergen bidez ordaintzen duena ezingo du bere urte horretako diru sarreren %65 gainditu; gainera, zergaren tarifak igo dira, zerga bilketari eusteko.

Ogasun eta Finantza diputatuak gogoratu duenez, "Gipuzkoa da Europan ondarearen gaineko zergaren bat duen azken lurraldeetakoa", herrialde gehienek azken urteetan deuseztatu baitute tributua. Europako Batasunean bi herrialdek eusten diote zergari: Frantziak —2019an deuseztatuko duela iragarri du— eta Espainiak. Baina Madrilgo autonomia elkartean eta beste hainbatean ez dago. “Gipuzkoak ezin zuen jarraitu izaten alor honetan fiskalitate gogorrena zuen Europako lurraldea. Baina argi geratu dadila hemen ez zaiola inori ezer ere oparitzen: hemen inguruko lurraldeetan ordaintzen den berdina ordainduko da”, esan du Larrañaga Ogasun diputatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.