Olli Rehn, «Eguberri lasaien» esperoan

Likidazio funts bakarra sortzeko amore eman du Alemaniak, baina funtsaren baldintzak berak jarri ditu

Jon Fernandez.
2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Hiru eguneko maratoi-bileren ostean, azken uneko gutxienekoen akordioa. Horixe da Bruselan eguneroko ogia, eta horixe gertatu da asteon Europako banku batasunaren inguruko bigarren pausoarekin ere. Bankuak berregituratzeko oinarrizko ituna lortu zuen martitzenean eurotaldeak, atzo EBko 28 Ekonomia eta Finantza ministroen (Ecofin) txanda izan zen, eta gaur eta bihar lehen ministroek berretsi beharko dute. Likidatu beharreko bankuentzako suebakia onartu dute, baina sortu aurretik zalantzak eragin ditu: 2026ra arte ez da indarrean sartuko, eta, bitartean, porrot egindako bankuak erreskatatu beharko dituzte erreskatatu beharko dituzte estatuek, zerga ordaintzaileek.

Halere, pozik dago Olli Rehn EBko Ekonomia komisarioa. «Banku batasunean aurrerapauso erabakigarria egin dugu», esan zuen herenegun gauean, Eurotaldeak gutxieneko ituna onartu ostean. Ecofinek adostasuna berrestea espero zuen Rehnek. «Hala, Gabon lasaiak izango ditugu».

1. Zer da banku batasuna?

Estatu bakoitzak berea ezarri beharrean, Europako Batasunean banku sistema bakarra ezartzea da asmoa. Sistema hori sortzeko hainbat pauso eman behar dira: bankuen gainbegiratzaile bakarra sortzea, bankuen likidazioen gaineko erabakia bateratzea, eta erreskate funts bakarra eta gordailuen berme bakarra sortzea.

2. Zer da likidazio funts bateratua?

Banku batasunaren bigarren pausoa da. Bruselak onartu du EBn bankuak likidatzeko funts bateratu bat sortzea, baina, Alemaniak nahi zuen bezala, funts hori ez da indarrean izango gutxienez 2026ra arte. Jatorrizko helburua da etorkizunean bankuak diru publikoz erreskatatu beharrean bankuen euren diruaz erreskatatzea. Bankaren arazoek berriro zor publikoaren krisirik ez eragitea da asmoa, arazoak dituzten bankuak kapitalizatzeko dirua funts horretatik hartzea.

3. Zenbatekoa izango da funtsa?

Funtsa erabat osatze denean, 2026an, 55.000 milioi euro izango ditu. Kopuru horretara iristeko urtero-urtero 5.500 milioi euro jarriko ditu banka sektoreak. Badago 55.000 milioi gutxi iruditu zaionik, ikusirik 2008tik EBko estatuek 473.000 milioi euro jarri dituztelako bankuak erreskatatzeko.

4. Zer gertatutako da trantsizio aroan?

Trantsizio aroak hamahiru urte izango ditu. Tarte horretan funtsa ez da bat eta bakarra izango: herrialdez herrialde jarriko da martxan, eta apurka-apurka joango da bateratuz. Beraz, 2026a baino lehen banku bat erreskatatu behar bada herrialde bakoitzak ordainduko du bere finantza sistemaren onbideratzea, baina beste estatuetako funtsetatik ere hartu ahal izango du hitzartutako zati bat.

5. Zer pisu izango du ESMk aurrerantzean?

ESM Europako Erreskate Mekanismoa ez da indartuko. 2026ra bitarteko banku erreskateetan erabiliko da, baina zor publikoaren bidez, Espainiako ereduari jarraikiz. Frantziak nahi zuenaren kontra eta Alemaniak gura zuen legez. Trantsizio urteetan ESM likidazio funtsaren berme izatea nahi zuen, baina Berlinek ez.

6. Nork erabakiko du bankuen likidazioa?

2026tik aurrera EBko banku batek laguntza behar badu Europako Batzordeak erabaki bat hartuko du, baina bankua itxi gura badu, Europako Kontseiluare baimena beharko du. Kontseiluan estatuen ordezkaritza dago, eta benetako erabakimena hor egotea nahi zuen Berlinek, Bruselaren esku ez lagatzearren.

7. Zelakoak izango dira likidazio berriak?

2026tik aurrera, arazodun bankuetan lehenik akziodunek ordainduko dituzte galerak, gero likidazio funts bateratuak jarriko du dirua, eta batzuetan, «suebaki gehigarriak» jar daitezke.

8. Sendoa da suebakia?

Vitor Constancio EBZko presidenteordeak ahultasunak ikusi ditu: trantsizio hamarkadarako ez dagoela larrialdiko funtsik nabarmendu du. Anders Borg Suediako Finantza ministroaren arabera, «funts bateratuak ez du EBrekiko konfiantza indartuko». Frantziak gidatutako taldea izan da funts bateratua sortzea eskatu duena, eta azkenean konbentzitu du kontra zegoen Alemaniak gidatutako taldea. Kobentzitu du,baldintzak Berlinek ezarri dituelako, banku gainbegiratzailearekin gertatu zen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.