Arduratuta daude oliba olioaren ekoizleak, baina are arduratuago kontsumitzaileak. Iaz hasi zen garestitzen, lehorteak asko txikitu baitzuen uzta, baina azken hilabeteetan bortitzagoa izan da igoera, eta sektoreak ohartarazi du epe laburrean prezioak are gehiago garestituko direla. Aurtengo uztak finkatuko du nolako prezioa izango den datorren urtean, baina aurreikuspenak ez dira oso baikorrak: iazko uzta urriaren aldean, hobea izango da aurten, baina batezbestekotik behera geratuko da. Ondorioz, baliteke olioaren prezioa zertxobait apaltzea, baina ez asko.
Kalitate handieneko olioa, birjina estra, lauzpabost euroan saltzen zen 2022 hasieran, baina, orain, zazpi eurotik beherako botila bakarrak supermerkatuetako marka zurietakoak dira, eta gainontzekoek zortzi eta hamar euro artean balio dute. Hortik gora daude, noski, olio oso bereziak, baina kalitate txarragoko oliba olio arruntagoak ez daude hortik oso behera —euro bat edo.
Garestitze horren azalpena Pedro Luis Gonzalez Trujal Mendiako presidenteak eman du: «Ulertzeko erraza da. Lehorteen ondorioz, produkzioa txikitu egiten da; hau da, oliba gutxiago biltzen da, eta olio gutxiago dago. Ondorioz, eskaintza jaisten da, eta, eskariak bere horretan jarraitzen duenez, prezioek gora egiten dute». Trujal Mendia Nafarroako olio ekoizle handienetakoa da. Arroitzen du olio errota, eta Estellerriko eta Nafarroako Erdialdeko ekoizle askoren uzta jasotzen eta merkaturatzen du.
Olibak urritik abendura —urte amaierara— bitartean jasotzen dira, eta, iaz, ekoizpena %50eraino murriztu zen Euskal Herriko olio errota batzuetan. Kopururik ez du eman Gonzalezek, baina haiei ere eragin zien urte lehorrak. «Udazkeneko euriteek lagundu egin zuten uzta espero genuen baino hobea izaten; uzta txarra izan zen, baina katastrofe bat izango litzateke bestela».
Hala ere, Espainiako eta batez ere Andaluziako produkzioak baldintzatzen du Nafarroan ekoitziriko oliba olioaren prezioa. «Nafarroa olio tanta bat besterik ez da Espainiaren aldean». Espainiako Nekazaritza Ministerioaren arabera, Nafarroan ia 10.000 hektarea olibondo daude landatuta; Araban, beste 300 hektarea inguru; eta Gipuzkoan, hektarea gutxi batzuk.
Andaluzian, berriz, 1.670.000 hektarea daude landatuta, eta, munduko oliba olioaren %30 inguru ekoizten duenez, erabat baldintzatzen du produktuaren prezioa. Iaz, lehortearen ondorioz, produkzioa %55,74 jaitsi zen han, eta horren ondorioa da, hein handi batean, aurtengo prezio igoera.
Europa osoko arazoa
Euri eskasia, gainera, ez zen Iberiar penintsulan soilik izan. Italia, Grezia eta Frantzia hegoaldea dira Europako beste ekoizle nagusiak, eta han ere uzta txikiagoak eta prezio garestiagoak utzi zituen ur faltak.
Turkian, berriz, %62 igo zen ekoizpena 2022-2023ko denboraldian, eta, horren ondorioz, azarotik uztailera %240 olio gehiago esportatu zuen; hau da, 136.000 tona. Horrela, estali egin zuen beste ekoizle horiek bete ezin izan zuten zati bat. Baina egoera aldatu da: aste honetan, Ankarako gobernuak erabaki du esportazio horiek bertan behera uztea hurrengo uzta biltzen hasi arte, esportazioek olio eskasia eragin baitute barne merkatuan, eta ondorioz olioaren prezioa bikoiztu egin baita.
Gauzak horrela, prezioak are gehiago garestituko direla uste du sektoreak. Aurtengo uztan, dagoeneko 8,5 euroan saldu dute kiloa Andaluziako ekoizle batzuek, eta ez dute baztertzen kiloko hamar eurora ere heldu behar izatea,«produktuaren errentagarritasuna bermatzeko». Mendiako Gonzalezek ere uste du prezioak ez duela goia jo oraindik.
Nafarroan, iaz baino euri gehiago egin du aurten, eta espero dute oliba gehiago bilduko dituztela udazkenetik aurrera. «Eguraldi freskoa egin du loratze fasean, olibak ondo osatu dira, eta, gainera, euria egin du. Oraindik ezin dugu esan uzta ona izango denik, baina iazkoa baino hobea espero dugu», esan du Gonzalezek.
Itxaropentsu agertu da Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroa ere: «Nahiz eta batezbestekoaren azpitik egongo diren, datu hobeagoak espero ditugu hurrengo urtean».
Prezioak garestitzen ari direnez, ekoizleek errentagarritasunari eutsiko diotela uste du Planasek, eta ez dela hornidura arazorik izango. Ezkorragoa da Asaja Espainiako sindikatua, biltegiak ohi baino hutsago baitaude, eta ekoizle askok olio guztia salduta edukiko baitute hurrengo kanpainako olioa irten baino lehen.
Herritarren erantzuna
1990eko hamarkadan ere, olioaren prezioa asko igo zen: 700 pezetatik gora garestitu zen —gaur egungo lau euro—. Garai hartarako garestia zen, eta eskaria %30 jaitsita erantzun zuten herritarrek. Aurten ere hori gertatzen ari da. «Kanpaina honetan, asko murriztu da oliba olio birjinaren kontsumoa, eta logikoa iruditzen zait», onartu du Gonzalezek. Herritar batzuk hasiak dira jada kalitate oneneko olioaren ordez oliba olio merkeagoak kontsumitzen (birjina, oliba olio arrunta) eta beste zenbaitek ekilore oliora edo haziz eginiko beste batzuetara jo dute.
Nekazaritza. Oliba olioa
Olibondoak idor, oliba gutxi, eta olioa garesti
Lehortearen ondorioz, asko txikitu zen iazko produkzioa, eta oliba-olio botilaren prezioa bikoiztu egin da. Aurten uzta hobea espero dute Nafarroan, baina Andaluzian ura falta da oraindik, eta hango ekoizpenak baldintzatuko du salneurria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu