Oliba olioaren eta oinarrizko elikagaien %0ko BEZak irailera arte iraungo du

Urritik urte amaiera bitarte %2ko tasa izango dute, eta %4ra itzuliko dira 2025aren hasieran. Argindarraren bonu sozialaren deskontu handiagoak beste urtebetez luzatu ditu Espainiako Gobernuak.

Frutek eta barazkiek ez dute BEZ zergarik izango beste hiru hilabetez. FERNANDO VILLAR / EFE
Frutek eta barazkiek ez dute BEZ zergarik izango beste hiru hilabetez. FERNANDO AGUILAR / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 25a
15:45
Entzun

BEZaren %0ko tasari amaiera bat jarri dio Espainiako Gobernuak. Oinarrizko elikagaien balio erantsiaren gaineko zerga %4ra itzuliko da 2025eko urtarrilaren 1ean, ordurako elikagaien inflazioa apaltzea espero baitu Madrilek. Bi epetan egingo du igoera: %0ekoa izango da irailaren 30era bitarte, eta %2koa urriaren 1etik abenduaren 31ra.

Oinarrizko elikagaien BEZa %4tik %0ra jaitsi zuen 2023ko urtarrilean, elikagaien inflazioa bi zenbakikoa zen garai batean. Orduz gero, ez dute BEZik izan ogiak, esneak, frutak, barazkiek, patatek, zerealek, gaztak eta irinak. Oliba olioa talde horri batuko zaio uztailaren 1ean, eta talde horretan egongo da aurrerantzean ere.

Azken bi urteetako inflazio handiaren protagonista nagusietako bat izan da oliba olioa, haren prezioa ia hirukoiztu egin baita 2021eko urtarrilaz geroztik. Litroko botila batek hiru-lau euro inguru balio zuen orduan, baina gaur egun oso zaila da bederatzi-hamar eurotik beherakoa aurkitzea.

Azken hilabeteetan eten egin da garestitzea, eta, INEren arabera, maiatzean apirilean baino %2,1 merkeago zegoen Espainian. Udazkenean gehiago merkatzea espero da, orduan hasiko baita merkatura iristen azken uztakoa, eta, udaberriko eurien eraginez arindu egin denez Iberiar penintsularen hegoaldeko lehortea, ekoizpen handiagoa espero baita.

Oliba olioak %10eko tasa zuen prezioen krisia hasi zenean, baina haren BEZa, beste olioena eta pastarena %5era jaitsi zuen iaz Espainiako Gobernuak. Azken horiek BEZa ere progresiboki igoko du: %7,5era igaroko da urriaren 1ean, eta %10era urtarrilaren 1ean. 

Milioi gutxiago ogasunentzat

BEZaren jaitsierak lagundu egingo die kontsumitzaileen patrikei, betiere ekoizpen kateko eragileek —ekoizleek, bitartekariek, banatzaileek— ez badute aukera baliatzen beren irabazi tartea handitzeko. Adi egongo direla ohartarazi du Yolanda Diaz Lan ministroak.

Baina diru gutxiago ekarriko diete kutxa publikoei, baita Hegoaldeko ogasunei ere. Espainiako Ogasunak, esaterako, 1.700 milioi gutxiago jaso zituen iaz, oinarrizko elikagaiek ez zutelako balio erantsiaren zergarik.

Monterok bi arrazoi eman ditu azaltzeko BEZa zergatik itzuliko den bere ohiko mailara datorren urtearen hasieran: bata da urte amaieran elikagaien inflazioa apaltzea espero dutela; bestea da Europako Batzordea eskatzen ari dela bertan behera geratzea inflazio handiaren aurka hartutako ezohiko neurriak, kontu publikoak orekatzeko garaia delako.

Bonu sozial handiagoa, beste urtebetez

Argindar bonu soziala ere epeka txikituko du Espainiako Gobernuak. Azkenaldian, %25eko deskontua izan beharrean %65ekoa izan dute kontsumitzaile zaurgarriek, eta %80koa oso zaurgarriek —%40koa izan beharrean—. Deskontu horiei eutsiko diete irailaren 30era bitarte, baina urritik abendura %57koa eta %72,5ekoa izango dira, hurrenez hurren; 2025eko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra, %50 eta %65; eta apiriletik ekainera, berriz, %42,5 eta %57,5.

Haientzat berri ona da 2025eko uztailaren 1etik aurrera deskontu arrunta %35ekoa izango dela zaurgarrientzat, eta %50ekoa oso zaurgarrientzat.

Argindarra oso garesti zegoen garai batean hartu zuen neurri hori Madrilek. Egoera bestelakoa da orain, baina gobernuak erabaki du kontsumitzaile zaurgarriak babesten jarraitzea, argindarraren zergak kopuru normalera itzultzen ari direlako. Horrela, argindar gaineko zerga berezia %0,5ean egon zen 2021eko irailetik 2023 amaitu arte, baina %2,5era igaro zen 2024ko urtarrilean, eta %3,8ra apirilean. Uztailetik aurrera, bere ohiko mailara itzuliko da, %5,11ra. 

argindarra
Argindar faktura bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU

Horri gehitu behar zaio BEZa. Azken bi hilabeteetan %21ekoa izan du argindarrak, batez besteko megawatt-ordua 45 eurotik behera egon delako handizkako merkatuan. Baina ekainean maila hori gaindituko duenez, uztailean ordaindu behar diren fakturetan %10ekoa izango da.

Kontsumitzaile zaurgarriei argindar, gas eta ur hornikuntza eteteko debekua igande honetan ere zen bukatzekoa, baina beste sei hilabetez egongo da indarrean.

Eperik ez du izango, berriz, bizilagun komunitateek gasaren tarifa arautua baliatu ahal izateak.

%2

Langile publikoen soldata igoera.Atzo aurreratu bezala, Espainiako ministroen kontseiluak gaur onartu du langile publikoei %2 igotzea 2024ko soldatak. Hego Euskal Herrian 200.000 inguru dira, eta hurrengo soldatarekin eskuratuko dituzte orain arte jaso ez dituzten igoerak. Oso litekeena da urtean zehar %0,5 gehiago handitzea, inflazioa ohi baino handiagoa delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.