Asteartean hartuko duen erabakia aurreratu du Espainiako Gobernuak: oliba olioak ez du BEZ zergarik izango uztailaren 1etik aurrera. Haren BEZ arrunta %10 zen, baina %5 da 2023az geroztik. BEZa kentzeak gutxi gorabehera 50 zentimo merkatu behar luke oliba olio birjina estraren botila baten prezioa, gaur egun bederatzi-hamar euroan saltzen baitira.
Espainiako Gobernuak argudiatu du oliba olioaren kontsumoaren beherakada eteteko hartu duela neurria eta «herritarren kontsumo gaitasuna» ere babestu nahi duela. Aldi berean, Yolanda Diaz Lan ministroak iragarri du oliba olioaren salmenta prezioak kontrolatuko dituztela, ziurtatzeko BEZaren jaitsiera produktuaren azken prezioan islatzen dela, eta banatzaileek ez dutela aukera baliatzen haien irabazi tartea handitzeko. «Hori gertatzen ari delako», gaineratu du Diazek. «Demokrazian [aberastasuna] banatu egin behar da, eta banaketa enpresa handien irabaziak izugarriak dira. Hortaz, haien gainean egon behar dugu», gaineratu du.
Oliba olioa izan da azken urteetan gehien garestitu den elikagaia. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, 2021eko urtarrilaz geroztik ia hirukoiztu egin da haren prezioa. Litroko botila batek hiru-lau euro balio zuen orduan, baina gaur egun oso zaila da bederatzi-hamar eurotik beherakoa aurkitzea. Azken hilabeteetan eten egin da garestitzea, eta, INEren arabera, maiatzean apirilean baino %2,1 merkeago zegoen Espainian.
INEk ez du oliba olioaren prezioari buruzko daturik ematen Hego Euskal Herrirako, baina bai, ordea, olio eta koipeena orokorrean. Maiatzekoa da azken datua: %51,4 garestitu dira azken urtean, baina %1 merkatu apiriletik maiatzera.
Andaluzian eta Espainia hegoaldeko beste lurraldeetan azken urteetan izan duten lehorteak eragin handia izan du prezio horretan. Izan ere, urte arrunt batean Espainiak ekoizten du munduko oliba olioaren %45 eta Europakoaren %70, eta horretatik ia %90 Andaluzian eta inguruko lurraldeetan egiten dute. Lehorteak eremu horren ekoizpena erdibitu du azken bizpahiru urteetan, eta hori da garestitzearen arrazoi nagusia.
Ikusi gehiago
Euskal Herrian ere ekoizten da oliba olioa, Nafarroako Erriberan eta Estellerrian eta Arabako Errioxan nagusiki. Aurrekoak ez bezala, 2023-2024ko uzta ona izan da. Esaterako, Nafarroako ekoizle handienetako batek, Arroizko Trujal Mendiak, 11,4 milioi oliba bildu zituen, 2022an halako bi, inoiz baino gehiago. Andaluzian ere aurrekoak baino hobea izan da azken uzta, eta horrek eragin beharko luke haren prezioa apaltzea olio hori merkatura iristean, udazkenetik aurrera.
Oinarrizko elikagaiak
Astearteko ministroen kontseiluan onartuko du Espainiako Gobernuak oliba olioari %0ko BEZa ezartzea. Dekretu bidez onartuko du, eta dekretu horretan bertan luzatu egingo du oinarrizko beste elikagai batzuek BEZ zergarik ez izateko erabakia. 2023ko urtarrilaz geroztik, %0ko tasa dute ogiak, esneak, frutak, barazkiek, patatek, zerealek, gaztak, eta irinak, kontsumitzaileak inflazio handitik babesteko. Elikagai horien ohiko BEZa %4 zen aurretik, eta maila horretara itzultzekoa zen uztailean, %0ko tasa luzatu izan ez balitz.
Dekretuak Espainiako Gobernuaren galbahea igaro beharko du, baina ez da arazorik espero.
Ez da espero dekretu horretan agertzea argindarraren bonu sozialari buruzko ezer. Ekainaren 30ean amaitzekoa da hura ere: %65etik %25era itzuliko litzateke kontsumitzaile zaurgarrienek beren argindar fakturan duten deskontua, eta %80tik %40ra oso zaurgarriek eskuratzen dutena.
Argindarra garestitu egin da azken hilean, eolikoaren ekarpena gutxitu delako, baina megawatt-orduaren hilabeteko batez besteko prezioak 45 euroak gaindituko dituenez, haren gaineko BEZa berriro %21etik %10era txikituko da. 45 euroren baldintza hori Espainiako Gobernuak ezarri zuen abenduan, krisiaren aurkako neurrien azken berrikuspenean. Eragin handiena tarifa arautuko bezeroentzat izango du, haiek baitira prezioen gorakada nozi dezaketenak; merkatu librekoek, berriz, prezio finkoko kontratuak dituzte.
Auto elektrikoen laguntza eguneratuko du madrilek
Herritarren patrikan eragin zuzena duen beste gai bat izango da mahai gainean Espainiako Gobernuaren astearteko bileran: Moves plana. Izen hori du auto elektrikoak eta elektrifikatuak erosteko laguntza planak, eta uztailaren 31n amaitzekoa da. Cinco Días egunkariak, ordea, ziurtatu du astearteko bileran Moves plana eguneratuko duela.
Zehazki zer neurri hartuko duen ez du argitu, baina iradoki du laguntza publikoa jasotzeko epean aldaketak izan daitezkeela. Izan ere, ohikoa da hilabete asko edo urtebetetik gora igarotzea herritarrak auto elektriko bat erosi duenetik Movesen laguntza jasotzen duen arte. Sektoreak uste duenez, horrek eragiten du hainbat eroslek atzera egitea, hasiera batean ordaindu beharreko kopurua milaka euro batzuk handitzen dituelako —Moves planak 7.000 eurorainoko laguntzak ematen ditu—. Gauzak horrela, laguntza autoa erostean jasotzea da aukeretako bat.
Auto elektrikoen kuota %5 inguru izan da Espainian aurten, eta pixka bat goitik dago Hego Euskal Herrian (%7), batez ere Nafarroari esker (%12).