Oliba olioak eta oinarrizko elikagaiek %2ko BEZa izango dute bihartik urte amaiera bitarte

Tasa %4ra itzuliko da 2025aren hasieran. Hego Euskal Herrian, inflazioari aurre egiteko, produktu horiek ez dute BEZik izan iazko urtarriletik.

Oliba olioak BEZa izango du bihartik aurrera. FERNANDO ALVARADO / EFE
Oliba olioak BEZa izango du bihartik aurrera. FERNANDO ALVARADO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko irailaren 30a
12:45
Entzun

Espainiako Gobernuak ez du gehiago luzatuko BEZaren %0ko tasa. Oinarrizko elikagaien balio erantsiaren gaineko zerga %2 izango da bihartik hasi eta urte amaierara arte, eta %4ra itzuliko da 2025eko urtarrilaren 1ean, ordurako elikagaien inflazioa apaltzea espero baitu Madrilek.

Oinarrizko elikagaien BEZa %4tik %0ra jaitsi zuen 2023ko urtarrilean, elikagaien inflazioa bi digitukoa zen garai batean. Ordutik, ez dute BEZik izan ogiak, esneak, frutak, barazkiek, patatek, zerealek, gaztak eta irinak. Oliba olioa talde horri batu zitzaion uztailaren 1ean, eta talde horretan egongo da aurrerantzean ere. Krisia hasi zenean %10eko tasa zuen.

%11,3

Olioaren prezioa zenbat merkatu den. Oliba olioaren prezioa %11,3 jaitsi zen Espainian apiriletik abuztura. Datozen hilabeteetan are gehiago merkatzea espero da, aurki hasiko baita merkatura iristen azken uztako olioa, eta aurrekoak baino handiagoa izatea espero da.

Azken bi urteetako inflazio handiaren osagai nagusietako bat izan da oliba olioa, haren prezioa ia hirukoiztu egin baita 2021eko urtarrilaz geroztik. Litroko botila olio batek hiru-lau euro inguru balio zuen orduan, baina gaur egun oso zaila da bederatzi-hamar eurotik beherakoa aurkitzea.

Azken hilabeteetan hasi da merkatzen, eta, INEren arabera, abuztuan apirilean baino %11,3 merkeago zegoen Espainian. Institutuak ez du oliba olioaren prezioari buruzko daturik ematen Hego Euskal Herrirako, baina bai, ordea, olio eta koipeena orokorrean. Abuztukoa da azken datua; %20,5 garestitu dira azken urtean, baina %11,2 merkatu apiriletik abuztura.

Datozen hilabeteetan are gehiago merkatzea espero da, orain hasiko baita merkatura iristen azken uztakoa, eta, udaberriko eurien eraginez arindu egin denez Iberiar penintsularen hegoaldeko lehortea, ekoizpena handiagoa izango da.

Neurriak leundu

2023. urte hasietan, Madrilek BEZa %5era murriztu zien pastari eta gainontzeko olioei ere. Haiek %7,5eko tasa izango dute bihartik abenduaren amaierara arte, eta %10ekoa berreskuratuko dute gero.

Espainiako Ogasunak emandako datuen arabera, BEZaren murrizketen ondorioz 442 milioi euro gutxiago bildu zituen urteko lehen zazpi hilabeteetan. 1.700 milioi gutxiago izan ziren iaz.

Madrilek bi arrazoi eman ditu azaltzeko BEZa zergatik itzuliko den bere ohiko mailara: bata da elikagaien inflazioa apaltzea espero dutela; bestea da Europako Batzordea eskatzen ari dela bertan behera geratzea inflazio handiaren aurka hartutako ezohiko neurriak, kontu publikoak orekatzeko garaia delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.