Olatuen gainean berriro

Azken asteetan, hiru barku itsasoratu dituzte Euskal Herriko ontziolek. Tax lease finantzaketa sistema berriaren oniritziarekin, zortzi kontratu lortu dituzte ontziolek, eta badirudi atzean utzi dutela EBren isunak eragindako krisia.

EDT Hercules itsasontzia Naval ontziolan. MARISOL RAMIREZ/ARGAZKI PRESS.
2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Ekaitzaren ostean barealdia dator. Hori dio esaerak, eta badirudi Euskal Herriko ontzioletara ere barealdia iritsi dela ekaitzaren ondoren. 2013. urtean, krisi handia jasan zuten ontziolek, Bruselak tax lease sistema baliogabetu ondoren. 2014ko abenduan, Batzordeak Espainiaren tax lease berria onartu zuen, eta zortzi kontratu lortu dituzte sei hilabetetan. Oparoaldi horren erakusgarri izan dira azken bi asteetan ontzioletan izandako hiru itsasoratzeak. Denborak esango du euskal ontzigintzaren urrezko garai baten hasiera ote den.

«Ontziolen sektorea hiltzeko zorian dago». 2013ko uztailean, ontzioletako patronalak eta sindikatuek egin zituzten adierazpenak dira. Duela bi urte, ontzioletako langileek ez zuten ametsik ederrenetan ere imajinatuko sektoreak horrelako oparoaldirik izango zuenik. Izan ere, 2011ko azaroan, Herbehereek Espainiaren aurkako salaketa bat jarri zuten, ontzien eraikuntza finantzatzeko tax lease sistema legez kanpokoa zelakoan, eta Espainiaren aurkako auzibidea abian jarri zuen Europako Batzordeak.

2013ko uztailaren 17an, izugarrizko atsekabea eragin zien albistea jaso zuten ontzioletako langileek: Europako Batzordeak, ordura arte erabilitako tax lease sistema legez kanpokotzat jo zuen. Berri latza izan zen sektorearentzat, baina okerragoa ere izan zitekeen: 2002tik 2011ra izan beharrean, 2007tik 2011ra mugatu zuten ebazpenaren eragina. Hori horrela, hasieran, inbertitzaileek 1.000 milioi euro itzuli beharko zituztela espero bazen ere, 126 milioi euro itzuli zituzten azkenean.

Auzibidea abian jarri ondoren, ontziak finantzatzeko tax lease sistema berria proposatu zuen Espainiako Gobernuak. Europak ontzat jo zuen sistema, baina Herbehereek sistema berria aztertzeko eskatu zioten Europako Batzordeari. Sektoreak denbora luzez itxaron behar izan zion Bruselaren azken erabakiari: auzia behin betiko itxi bitartean, inbertitzaileek ez zuten segurtasunik ontzioletan inbertsioak egiteko, eta bi urtetan apenas izan zuten eskaerarik.

Hori dela eta, tarte horretan asko okertu zen euskal ontziolen egoera; 2013an, ontzioletako fakturazioa %3 jaitsi zen, eta enpleguak %4 egin zuen behera. Sestaoko Naval ontziolaren egoera izan zen okerrena; 2014ko martxoan, EDT Hercules itsasontzia entregatu zuen, eta lanik gabe gelditu ziren beharginak; lau urtean, bederatzi lan erregulazio espediente izan zituzten. Azken erregulazioa 2014ko uztailaren 1ean hasi eta abenduaren 31n bukatu zen, eta ontziolako 235 langileetatik 132ri eragin zien. Langileek hainbat mobilizazio egin zituzten egoera salatu, eta lan karga eskatzeko.

2015, oparoaldi urtea

2014ko abenduan, Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak behin betiko onartu zuen tax lease berria. «Ontziak egitea ahalbidetzen duen finantzaketa-alokairu sistema da, inbertitzaileak eta bankuak erakartzen dutelako», azaldu zuen orduan Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak. Orduz geroztik, egoerak nabarmen egin du hobera, eta badirudi euskal ontzigintza egonkortzen ari dela.

Hain zuzen ere, aurtengo lehen seihilekoan, zortzi kontratu lortu dituzte ontziolek; Zumaiako Balenciaga petrolio plataformak bi kargaontzi egiteko kontratua lortu du Zumaiako Urola enpresarekin, eta beste bi itsasontzi egiten ari da. Muruetak ez du kontratu berririk lortu, baina lau atunontzi egiten ari da Bretainiako armadore batentzat. Zamakonak hiru dragaontzi egiteko kontratua lortu du, eta zortzi ontzi egiten ari da. Sestaoko Navalek, halaber, lau kontratu ditu eskuartean: 2016ko urtarrileanentregatuko du igaro den astean itsasoratutako Texelstroom ferrya, eta hiru dragaontzi egiten ari da Herbereetako Van Oord eta Tideway enpresentzat. Kontratu horiei esker, hiru urterako lana ziurtatuta daukate ontziolako langileek.

Etorkizunean ikusi beharko da zer-nolako garapen ekonomikoa izaten duten euskal ontziolek, baina badirudi garai oparo baten aurrean daudela Balenciaga, Murueta, Zamakona eta Naval. Nasetako burdin hotsak jarraitzea nahiko luke sektoreak, ontziolek olatuen gainean denbora luzez aritzeko aukera badela erakutsiko bailuke horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.