Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako okindegi eta gozotegi artisauen sektorea «ez dago garai gozoan». Horixe adierazi du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek, gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Izan ere, azken hamar urteotan %12 jaitsi da produktu horien kontsumoa. Azken hiru urteotan, berriz, %7ko beherakada izan du.
Gipuzkoako Okinak Gipuzkoako Okindegien Elkarteko presidente Mikel Garmendiaren esanetan, COVID-19aren pandemia piztu baino lehen hasi zen behera egiten ogi eta gozo artisauen kontsumoa. Prezioen aldakortasuna —nabarmen igo dira azken urtean— kontuan hartu beharreko eragilea den arren, azpimarratu dute gizartearen kontsumo ohiturak aldatu direla, eta, horren ondorioz, «nabarmen» murriztu dela okindegi eta gozotegi tradizionalen negozioa.
Kontsumo ohituren aldaketaz gain, sektorean «ondorio latzak» izan dituzte pandemiak eta Ukrainako gerrak. Batetik, pandemian okindegiak irekita egon ziren arren —ogia oinarrizko elikagaia izateagatik—, Gozoa Gipuzkoako Artisau Gozogileen elkarteko presidente Lorena Gomezek azaldu du gozotegiek «beren ateak itxi behar» izan zituztela. Bestetik, Ukrainako gerraren albo kalteak pairatu dituzte sektorean: garestitu egin dira ekoizpenerako beharrezkoak diren oinarrizko lehengaiak, baita ordaindu beharreko argindar eta gas fakturak ere.
Prentsaurrekoan, gainera, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean abian jarriko duten kanpaina aurkeztu dute. Okintza eta gozogintza artisaua, bihotzez egina izena du, eta gaurtik aurrera izango da abian. Kanpainak xede du okintza eta gozogintza artisauei «balioa ematea» eta kontsumitzaileak sektorera hurbiltzea.
Helburu hori lortze aldera, bi ildo nagusiri ekingo diete: batetik, Orozek iragarri du Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa bideratuko duela sektorera, baina ez du zehaztu laguntza horren inguruko xehetasunik; bestetik, asmoa litzateke ekoizpen tradizionala egiten duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gozotegien eta okindegien produktuak zigilu baten bidez identifikatzea.
Etorkizuna kolokan
Hiru lurraldeetan 5.600 pertsona inguruk egiten dute lan sektorean, eta 2.300 establezimendu inguru daude. Baina horietako askok ez dute segidarik izango, belaunaldi gazteen erreleboaren gabezia baita sektorearen arazo handienetako bat. Horregatik, Gozoa Gipuzkoako Artisau Gozogileen Elkarteko presidente Lorena Gomezek uste du «beharrezkoa» dela sektorean lan egiteko formakuntza sustatzea. Hala ere, esan du formakuntza hori «beste ikuspegi batetik» eskaini behar litzatekeela.
Gomezen arabera, ofizioan «ezinbestekoa da bihotzarekin lan egitea eta sormena izatea». Harekin bat egiten du Garmendiak: «Labeen bihotzetan bizi gara, eta gure produktuak ere horrela egiten ditugu, bihotzez».