Baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren aldeko sustatzaileek balorazio gazi-gozoa egin dute legebiltzarreko eztabaidaz. Eztabaida sakonago bat egiteko aukera galdu dela adierazi dute, baina aurrera egiteko moduak ere ikusi dituzte. Bidea ez dela amaitu adierazi du Jone Urionaguena bozeramaileak (Bilbo, 1995).
Herri ekinaldi legegilea parlamentura iritsi orduko amaitu da. Ez dute aintzat hartu. Zer irizten diozue?
Ez dute proposamena onartu, baina guretzat ez da iritsi bezala amaitu. Oso positiboa izan da bidea bera, eta asko poztu gaituzte, adibidez, ezkerreko taldeek ekimenaren alde esandakoek, uste baitugu alde handia dagoela duela bi hilabete legebiltzarreko taldeekin hitz egiten hasi ginean erakutsi zuten jarrerarekin. Zoriontsu gaude horrekin. Oinarrizko errenta bat jasotzeko eskubidea gertuago dugu orain.
Aukera historikoa galdu dela esan duzue, hala ere. Zergatik?
Aukera historikoa galdu dugu orain 30 urte hasitako eztabaida baten bidean gaudelako oraindik, eta aurrera egiteko abagune bat genuen arren ez dugulako baliatu. Hau ez zen duela zortzi hilabete sinadura bilketa batekin hasi; prozesu luzea izan du. Indarberritu egin gara azken hilabeteetan, eta lortu dugu parlamentura eramatea halako proposamen bat gutxieneko sinadura kopurua halako bi lortuta. 22.000 herritar batu ditugu gure ekimenera: banan-banan aritu gara jendeari azaltzen, argudioak ematen, eztabaidatzen. Aukera paregabea zen eztabaida sakonago bat izateko, gaur eskatzen ari ginena hori baitzen, eta ez errenta onartzea.
Ezezko arrazoien artean zerbaitek harritu zaituzte?
Ezetz esateko arrazoiak ezagunak zaizkigu jada, eta gaur ez dugu berririk jaso. Hala ere, nik neuk sentsazioa izan dut batzuek ez dutela ezer ulertu oraindik, ez behintzat diru sarrerak bermatzeko errentaren unibertsaltasuna defendatu dutenek. Noiztik da DSBEa guztiontzat? Nola izango da guztiontzat hura eskuratu ezin duenik baldin bada?
Eta orain zer? Zer bide egingo du ekinaldi honek?
Guk jarraituko dugu; hau ez da amaitu. Oinarrizko errenta luzerako etorri da. Ikusi dugu zer jarrera duten ezkerreko alderdiek proposamenaren inguruan, eta nahiko genuke bidea elkarrekin egiten jarraitu. Gainera, mahai gainean jarri dugu bide berri bat, oinarrizko errentaren Kataluniako plan pilotua hona ekartzea eta hemen proba egitea.
Jone Urionaguena. Ekimenaren bozeramailea
«Oinarrizko errenta luzerako etorri da; hau ez da amaitu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu