Urtarrileko aldapa pixka bat gogorragoa izango da. Hego Euskal Herrian, prezioek oro har beherantz egin dute aurten, baina irailetik pixka bat handitu dira. Espainiako kontsumo prezioen indizearen (KPI) abenduko datu aurreratuaren berri eman du gaur INE estatistika erakundeak, eta, horren arabera, lau hamarren handitu da, eta %2,8an jarri. Baliteke urtarrilean handiagoa izatea igoera hori, oinarrizko elikagaien BEZ zerga eta energiena ohiko mailetara itzuliko baitira.
1
Elikagaiak
Ogia, esnea, arrautzak, fruta, barazkiak, lekaleak eta bestelako oinarrizko produktuak zergapetzen dituen BEZa %4ra itzuliko da. Espainiako Gobernuak %2ra murriztu zuen aurten.
Elikagaien artean olioak izan du inflaziorik handiena. Aurten, oliba olioak %5eko BEZa izan du uztailera arte, eta ordutik urtea amaitu arte, %0koa. 2025ean, %4koa izango du, oinarrizko elikagaien taldean sartu baitute.
Haziekin ekoiztutako olioen BEZak —ekilorearena, sojarena eta koltzarena— %10era itzuliko dira. Gauza bera pastarekin. Bi produktu horien BEZak %5ean egon dira urrira arte, eta gero %7,5era igo ziren.
2
Argindarra
Etxeko energia gastuak izan dira inflazioaren beste protagonista nagusiak. Gasaren eta argindarraren prezioek lasaitua hartu dute azken hilabeteetan, nahiz eta neguan berriz igoko diren. Normaltasunera itzultzearen ondorioz, argindarrarekin lotutako BEZa eta beste zerga batzuk ohiko mailara bueltatuko dira 2025ean. BEZari dagokionez, %21era.
Aurten %10era murriztu da hamar kilowatt baino gutxiagoko kontratuetan, betiere handizkako merkatuetan 45 eurotik gora bazegoen megawatt-ordua. Urtarriletik aurrera, muga hori desagertu egingo da. Halaber, aurreko urteetan murriztuta egon diren beste zerga batzuk ohiko mailan daude uztailetik: elektrizitatearen gaineko zerga (IEE) eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga (IVPEE).
3
Bonu soziala
Kontsumitzaile kalteberentzako laguntzak indarrean egongo dira aurrerantzean ere, baina bonu sozialaren aparteko deskontuak partzialki murriztuko dira 2025ean. Gaur egun, kontsumitzaile kalteberek %57,5eko murrizketa dute fakturetan, eta kontsumitzaile kaltebera larriek, %72,5ekoa. 2025etik aurrera, beherapenak honela geratuko dira: urtarriletik martxora, %50eko beherapena kalteberentzat eta %65ekoa kaltebera larrientzat; apiriletik ekainera, %42,5ekoa kalteberentzat eta %57,5ekoa kaltebera larrientzat; eta uztailetik aurrera, %35ekoa kalteberentzat eta %50ekoa kaltebera larrientzat.
4
Gasa
Gasari dagokionez, azken hilabeteetan merkatu egin dira prezioak, baina ez dago jakiterik zer gertatuko den. Igoera nabarituko dute tarifa arautua eta azken baliabideko tarifa (TUR, gaztelaniazko laburduran) kontratatua duten kontsumitzaileek. Norbanakoentzat %10 igoko da, eta TUR tarifa komunitarioa duten bizilagun taldeentzat, %13,5 eta %18,3 artean, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) gaur argitaratu duten ebazpenaren arabera.
5
Nikotina
Nikotinaren aurkako borrokan urrats bat gehiago egin nahi du Espainiako Gobernuak. Apiriletik aurrera, zigarreta elektronikoetarako likidoa zerga berezien multzoan sartuko du, tabakoaren multzo berean. Mililitro bakoitzeko 15 miligramo nikotina baino gutxiago duen zigarreta elektronikoetarako likidoan, 0,15 eurokoa izango da zerga, eta nikotinaren zenbatekoa handiagoa bada, 0,20 eurokoa. Horrekin batera, nikotina poltsen prezioari zerga berezi bat ezarriko zaio, 0,10 eurokoa gramoko. Ekoizleei eragingo die horrek, baina produktuaren azken prezioan islatuko da.
6
Garraio publikoa
Dena ez da prezio igoera. 2022ko irailetik indarrean diren garraio beherapenei eutsi egingo diete udalek eta erkidegoek kudeatutako garraio publikoko zerbitzuetan. %50eko beherapena izango dute. Renferi dagokionez, aldiriko eta distantzia ertaineko tren zerbitzuetan ohiko bezeroei eskainitako abonuak doakoak izango dira —hogei euroko bermea ordaintzen da, baina handik lau hilabetera itzultzen zaio bezeroari—. 2025ean indarrean jartzekoak dira beste abantaila bat ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 12 urtetik beherako haur guztiek doan izango dute garraio publikoa. Gaur egun, 6 urtetik beherakoentzat da.
7
Diesela
Apirila baino lehen, dieselaren zergak gasolinaren berbera izan beharko du, eta, hortaz, garestitu egingo da erregai horren prezioa. Espainiako Gobernua behartuta dago hori egitera, Europako funtsen hurrengo ordainketa kobratu ahal izateko. Neurri horrek ez zuen aurrera egin abenduan onartutako zerga erreforman.
Litroko 0,47 euroraino igoko da zerga, eta, beraz, gaur egun baino 11 zentimo gehiago garestiago egongo da gasolio litroa (hamar zentimo erregaiaren zergarena eta beste bat BEZarena). Neurria garraioko profesionalei ez ezartzea aurreikusten da.
8
Hipotekak
Hipoteka berritu behar izan dutenek lasaitua hartu dute azken hilabeteetan. Euriborrak iazko udazkenean jo zuen goia, %4tik gorako kotizazioekin, eta orain %3tik behera sendotu da —%2,435 abenduan—.
Horrek esan nahi du urtean ehunka edo dozenaka euro aurreztuko dituztela tasa aldakorreko mailegua dutenek. Esaterako, 150.000 euroko hipoteka bat duenak, 25 urterako eta %1eko diferentzialarekin, hilean ehun euro aurreztuko ditu interesetan.
Urte berriak ekarriko du beste berrikuntza bat: hipotekaz aldatzeko bankuek eskatzen dituzten komisioak itzuliko dira. 2022an indargabetu zituen Espainiako Gobernuak.
9
Zaborrak
Igoerarik handiena zaborren gaineko zergan nabarituko dute herritarrek. Nabarmen garestituko da Hego Euskal Herriko udalerri gehienetan, Europako zuzentarau batek eta Espainiako Hondakinen Legeak ezarritakoa betetze aldera. Horien arabera, hondakinak biltzeko zerbitzuak ezingo die gasturik eragin erakunde publikoei, eta gaur-gaurkoz oso kudeaketa defizitarioa da. Hiriburuen artean, Gasteizen garestituko da gehien, eta nabarmen: %85 (58 eurotik 108ra igoko da). Ondoren, Donostian (%26,5), Bilbon (%10) eta Iruñean (%4).