Berri handirik ez zordun handien frontean. Foru ogasunek haiekin zor handiak dituztenen zerrendak kaleratu dituzte, eta ez da aldaketa bakar bat ere lurralde bakoitzeko bost zordun handien izenetan. Zor horiek jasotzeko aukerak hutsalak edo oso txikiak diren seinale.
Guztira, 1.169,7 milioi euro zor dituzte zordun handiek; horren erdia baino gehiago Nafarroako Ogasunari zor diote, han askoz txikiagoa baita zerrenda beltzean agertzeko pilatutako gutxieneko zorra: 120.000 euro Nafarroan, eta milioi bat euro besteetan. Edonola ere, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak muga 600.000 eurora txikitzeko asmoa dute.
Dirua berreskuratzea zailtzen duen faktore nagusia da diru gehien zor dutenak 2008an lehertutako etxebizitzaren burbuilan eroritako eraikuntza edo higiezinen enpresak direla. Aspaldi likidazioan daude, eta ez dute aktiborik ogasunarekin duten zorra kitatzeko.
Horien artean, Lagilur gipuzkoarra dago. Beste inork baino zor handiagoak ditu: 80,2 milioi euro, iaz bezainbeste. Lurralde horretan beste bi izen nabarmentzen dira: Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Etxaniz eraikuntza sektoreko enpresaburuak.Lehenengoak 46,5 milioi zor ditu, eta bigarrenak, 46,4 milioi, 2020aren amaieran zor zutena baino hamabost milioi euro gehiago.
Beste izen propio bat Jabyer Fernandez da, eraikuntzaren boomak Euskal Herrian sortu zuen pertsonaiarik sonatuena. Iurbentia, Iurbenor eta Afer taldeko jabearen inperioak zarata handiarekin egin zuen porrot prezioak amildu zirenean, eta 59,8 milioi euro zor dizkio orain Bizkaiko Ogasunari.
Industriak ere bai
Oso luzea da ogasunekin zuloa utzi duten eraikuntzako enpresen zerrenda —Moldis Echarro (20,4 milioi), Abaroa (17,6 milioi), Baensa (11,9 milioi), Urco-Urbasa (11,5 milioi), Urpasa (7,5 milioi), Juan Bautista Flores (6,3 milioi)...—, baina ez da txikia 2008ko krisiaren biktima industrialena ere. Ros Casares altzairutegia zenak 36,8 milioi zor dizkio Arabari; Industrias Domesticasek, 18,26 milioi Bizkaiari, eta Ramon Vizcainok, 11,6 milioi Gipuzkoari. Multzo horretan, Fagor Etxetresnakek zorra heren batera jaitsi du azken bi urteetan (5,4 milioi orain), baina Edesak bereari eusten dio (5,4 milioi).
Pertsona fisikoei erreparatuz gero, zerrenda deigarriena Nafarroako Ogasunarena da, han jarraitzen duelako 1984tik 1991ra lehendakari izandakoak ere: Gabriel Urralburuk. Haren eta Olivia Balda emaztearen artean ia milioi bat euro zor dute.
Eta Nafarroan ageri dira kirolari ezagun asko: besteak beste, Walter Pandiani, Krisztian Vadocz eta Pizo Gómez futbol jokalari ohiak, eta Denis Mentxov eta Vladimir Karpets txirrindulari izandakoak eta haien emazteak.
Ogasunek nekez berreskuratzen duten zorra
Zordun handiek 1.170 milioi euro zor dizkiete ogasunei, iazkoaren pare. Handienak porrot egindako enpresak dira, eta ez dute ordaintzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu