Ofita enpresak Gasteizko lantegia itxiko du, eta 42 langile kaleratu

Enpresak hartzekodunen konkurtsora jo du, argudiatuta negozioarekin jarraitzea «bideraezina» dela. Bulegoko altzariak ekoizten dituzte.

Ofitako langileen protesta bat 2017an, artxiboko irudia. BERRIA
Ofitako langileen protesta bat 2017an, artxiboko irudia. BERRIA
aitor biain
2024ko uztailaren 5a
10:40
Entzun

Ofita Interiores enpresak Gasteizen duen lantegia itxi eta hartan lan egiten duten 42 beharginak kaleratuko ditu. ESK, ELA eta UGT sindikatuek ohar bidez jakinarazi dute enpresak hartzekodunen konkurtsora jo duela, argudiatuta negozioarekin jarraitzea «bideraezina» dela. Bulegoko altzariak ekoizten ditu Ofita Interiores enpresak, eta Gasteizen ez ezik, Bilbon, Bartzelonan, Sevillan, eta Madrilen ere baditu ordezkaritzak.

Sindikatuek azaldu dutenez, zuzendaritzak maiatzean eman zien langileei erabakiaren berri, mezu elektroniko baten bidez. Langileen ordezkariekin ere bildu ziren enpresako arduradunak, baina sindikatuek salatu dute ez zietela behar beste azalpen eman eta ez zutela zuzendaritzaren asmoaren berri. «Zuzendaritzak oso informazio gutxi eman die langileei eta haien ordezkariei, eta une oro ezkutatu du informazioa», salatu dutenez.

Enpresak soilik bi edo hiru hilabeterako lan karga dauka bermatuta, ez gehiago; izan ere, zuzendaritzak baztertu egin du eskaera gehiago hartzea, sindikatuek azaldu dutenez. Hori horrela, behin epe hori gaindituta, fabrika likidatu eta itxi egingo da. Bada, sindikatuek salatu dute enpresa kolpean ixteak «berehalako kaleratze kolektibo bat» ekarriko duela, eta, hala, ez dela modurik izango enpresa erosteko prest dagoen norbait agertzeko.

ESK, ELA eta UGT sindikatuek adierazi dute egoera zaila izanik ere langileek beti egin dutela enpresak jarduerari eustearen alde. Horregatik, gaitzetsi egin dute zuzendaritzak orain kaleratzeak babestu izana. «Enpresan ordezkaritza dugun sindikatuok ezin dugu onartu Ofitako lantaldearen aurkako erabaki hori: enkantean jarritako altzarien pare tratatzen dituzte langileak».

Aurrez ere izan dira kaleratzeak Ofita enpresan. 2017an, enpresak enplegua erregulatzeko espediente bat aurkeztu zuen, eta 30 langile kaleratu zituen —77 zituen orduan—. Duela hiru urte, 2021ean, beste hamazazpi kaleratu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.