'Offshore'-an murgiltzeko probalekua

Tecnaliak laborategi flotagarri handiago bat uretaratuko du zenbait material eta osagaik itsas zabalean nolako bilakaera duten aztertzeko.

Tecnaliaren Harshlab laborategi berria, Bilboko portuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Santurtzi
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Itsasoari begira bizi dira euskal enpresa asko. Historikoki ontziolen eta arrantzaleen lan eremua izandakoa aspaldi zabaldu zen energiaren sektorera. Offshore delakoa da, itsas zabala alegia. Itsasoa baina eremu fisiko basatia da, eta lurrean erabiliak izateko diseinaturiko gailu eta material askok ez dute jasaten olatuen, kresalaren edo ugerraren eragina. Eta hain zuzen hori probatzeko eraiki du Tecnaliak HarshLab berria. 2018an uretaraturiko izen bereko laborategiaren bertsio handiagoa da.

«Kantauri itsasoa energia iturri handia izan daiteke. Probatu behar dugu itsasoak zer ematen digun», horrela azaldu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburuak laborategi berriaren garrantzia. HarshLab 8,5 metroko diametroa eta zazpi metroko altuera duen buia erraldoi bat da. Hurrengo astean uretaratuko dute, Armintzan (Bizkaia). BiMEP itsas plataforman egongo da, eta 2018an bertan uretaraturiko laborategi zaharra ordezkatuko du. Buia zaharra Bilboko portura eramango dute, proba txikiagoak egiteko.

Azken bi urteetan 500 proba baino gehiago egin dituzte buian, eta, eskaera goraka doanez, laborategi handiago baten premia ikusi zuen Tecnaliak. Pablo Benguria egitasmoaren arduradunak azaldu du orain korrosioa edo higadura baino aldagai konplexuagoak azter daitezkeela: «Argindar eta datu konexioa du, eta horrek asko zabaltzen ditu probatu daitezkeengailuen motak». Laborategi berriak 2,6 milioi euroko kostua izan du, eta ez da flotagarria bakarrik,aukera ematen baitu 65 metroko sakoneran probak egiteko. Itsasoko haize errotentzat osagaiak egiten dituzten enpresak izango dira bezeroak.

Tapiak esan du buia «aurrerapauso» bat dela, eta deskarbonizazioa lortu nahi bada berriztagarriei bidea ireki behar zaiela. Erroten eraikuntzak hiru sektoreko enpresak bateratzen ditu, eta euskal enpresa asko ari dira bide hori urratzen: aeronautikoak, haize erroten egileak (Siemens Gamesa); elektrizitate sektorekoak turbina eta enborretan (Ingeteam, Arteche...), eta ontzigintzakoak oinarri flotagarrian (Murueta). Egun, lan askorekin dabiltza, Europako herrialde askok sartu dutelako energia eolikoa Europako funtsak jasotzeko egitasmoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.